Padela: Maria Manzaneque


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 20 2005/04 »  Padela: Maria Manzaneque

Protagonista: Maria Manzaneque Padeleko jokalaria


Maria, partida bat jokatzen, mistoen mailan.


Nor da?

Izena: Maria Manzaneque.
Sorlekua: Donostia.
Adina: 13 urte.
Ikastetxea eta ikasturtea: Axular Lizeoa DBH2.


«Korrika ez dela egiten dioenak

ez du padela ezagutzen»
– Aberats eta aberaskumeen kirola dela diote, Hala al da?

– Neurri batean, bai. Donostian agian ez da hainbesterako izango, baina Espainiako Txapelketa jokatzen izan nintzenean, Andaluzian eta Extremaduran, hango jokalari gehienak aberaskumeak ziren.

– Eta nolatan heldu zenion kirol honi?

– Nire etxetik oso hurbil igerileku batzuk daude, eta ondoan padeleko pista batzuk eraiki zituzten. Lehen tenisean jokatzen nuen, eta teniseko irakasleak esan zidan zergatik ez nuen padela probatzen. Duela hiru urteko kontua da hori.

– Tenisean ez al zinen ondo molda-tzen, bada, hori esateko?

– Ez dakit, agian horregatik esango zidan bai, baina baita oso kirol dibertigarria zelako ere. Hala, kasu egin, probatu eta tenisa baino gehiago gustatzen zait.

– Kirol zaila al da?

– Zure bikotekidearekin ondo konpontzea pistan ez da erraza, ordu asko sartu behar dira horretarako. Horrez gain, pilotak horma jo eta ondo erreboteatzen ikastea ere nekeza da, ez pentsa.

– Garestia al da padela?

– Palak dezente balio du. 100 eurotik gora eskasenak eta 200dik gora hobeak.
Gainera, normalean norberak erosi behar du pala.

– Zure adineko jokalari asko al dago Gipuzkoan?

– Dezente, baina mutilak neskak baino gehiago.

– Gipuzkoako jokalarien maila ona al da?

– Andaluzian eta Extremaduran aspalditik dihardute padelean. Euskal Herrira, berriz, geroago iritsi zen, eta hori jokalarien mailan eta kalitatean nabaritzen da. Donostiako jokalarien maila ere Bilbo eta Gasteizkoena baino eskasagoa da.

– Kirol teknikoa da ala prestakuntza fisikoa garrantzitsuagoa da?

– Kolpearen teknika ona izatea ezinbestekoa da, baina fisikoki sasoian egotea ere bai. Jendeak dio ez dela korrika egiten padelean, baina hori diotenek ez dute kirol hau ezagutzen.

– Banaka eta bikoteka jokatzen al da?

– Bikoteka, eta gainera, zure bikotekidea ondo ezagutzea oinarrizkoa da gero jokoan, partidan, maila ona emateko.

– Squasharen eta tenisaren arteko kirola al da?

– Bai, bi kirol horien arteko nahasketa dela esango nuke padela.


« Andaluzian eta Extremaduran batez ere, kirol hau aberaskumeena dela esan daiteke, neurri batean »