Vasco de Camping


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 21 2005/05 »  Vasco de Camping



Vasco de Camping Elkarteko haur taldea

Donostian mugimendu handia duen mendi talde edo elkartea da Vasco de Camping. Aspalditik dute haur taldea, eta Txema Garai da haren arduradunetako bat. Berak aipatu digunez, «8-15 urte bitarteko gaztetxoak daude haur taldean, eta denera ehun bat izango dira geure jardueretan parte hartzen dutenak».

Irailean hasi eta ekaina bitartera arte batean eta bestean antolatzen dituzte mendi irteerak. «Negu gorrian Donostiatik hurbil egiten ditugu zeharkaldiak, eguraldi txarra dela-eta. Baina hortik at, asteburu osoko irteerak ere prestatzen ditugu». Hala, azaroan Urduña eta Tologorri aldean izan ziren, eta maiatza amaieran, berriz, Bastida aldera joko dute asteburu osorako. Ekainean dominen sari banaketa sinboliko bat egiten da gaztetxoen artean, eta aurten, ekainaren 12an burutuko da.
Txema Garaik dioenez, «gaztetxoen artean bada mendizaletasunik, baina nagitsuak dira, eta hor gurasoek sartu behar dute eskua batez ere. Oro har, ordea, oso gustura etortzen dira irteeretara, eta maiz, ustekabe galantak eta onak izaten dituzte. 17-18 urterekin, gaztetxoa despistatzen hasten da, eta mendi irteerak uzten hasten dira. Hazia, alabaina, ereinda dago, eta etorkizunean berriro ere mendiari heltzen diote».

Txema Garaik nabarmedu duenez, «haur edo gaztetxoekin ibilaldi ederrak egin daitezke Donostiatik gehiegi urrundu gabe. Uliako itsaslabarretako zeharkadia edo Donostia eta Orio artekoa ikusgarriak dira oso. Opor hauetan gurasoek euren umeekin horiek egitea gomendatuko nuke. Ez zaie damutuko».

www.vascodecamping.org



Vasco de Campingen umeentzako mendi irteerak

Maiatzaren 28, 29: Bernedoko mendatea-Lapoblacion haitza-Lapoblacion (A eta B). Bernedoko aterpetxean gaua igaroko da. Hurrengo egunean, Ribasko mendatea-Toloño-Bastida (A), eta Peciña-Osluna mendatea-Ribasko mendatea-Toloño-Bastida (B).

Ekainaren 12a : Zegamako Elorri Txikiko picnica-Ilurtxabaleta-Elortxiki zeharkaldia. Dominen banaketa eta bazkaria.

Bi irteera hauetarako Vasco de Camping Elkartearekin harremanetan jarri.

(A): 13 urte baino gutxiagoko haurrentzat
(B): 13 urtetik gorako gaztetxoentzat.