Donosti Cup


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 21 2005/05 »  Donosti Cup

Donosti Cup


Halako irudiak behin baino gehiagotan errepikatuko dira aurtengo edizioan ere.
Etorkizuneko Ronaldinha, Nihat, Beckham, Zidane...

Donosti Cup Nazioarteko Futbol Txapelketa jokatuko da uztailaren 3tik 9ra Gipuzkoako hiriburuan. Mundu osoko 4.000 parte-hartzaile baino gehiago izango dira gero eta oihartzun handiagoa duen txapelketa honetan, eta etorkizunean futboleko izarrak izan daitezkeenak gertutik ikusteaz gain, kultura ezberdineko jendea ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen die gazteei.


Senegal, AEB, Suedia, Frantzia, Finlandia, Norvegia, Portugal, Alemania, Italia, Argentina, Venezuela, Ingalaterra, Irlanda eta Peru. Atzerriko herrialde horietako ordezkariak izango dira uztailaren 3tik 9ra Donostian jokatuko den Donosti Cup gaztetxoen futbol txapelketan. Nazioarteko txapelketa garrantzitsua bihurtu da Donosti Cup, eta mundu osoko taldeak etorri ohi dira. Hala, Amerika, Europa eta Afrikako futbolari gaztetxoak izango dira aurten.

Atzerritik eta Espainiatik datozen taldeak ehun bat dira guztira. Kopuru horretan jartzen dute muga antolatzaileek, izan ere hortik gora jokalari guztiei ostatu emateko arazoak izango lituzkete. Talde horietako asko urtero aldatzen joaten dira, Eskandinaviatik etortzen direnak batez ere; baina Argentina edo Perutik, esaterako, urtero talde berak datoz.

Ehun bat badira kanpotik datozenak, eta beste hainbeste dira Euskal Herrikoak; horien artean gipuzkoarrak gehienak. Donostiakoak bertakoak 60 talde inguru dira, eta horiei Gipuzkoako hainbat herritatik datozenak gehitu behar zaizkie. Azken edizioetan, gainera, gora egin du horien partaidetzak. Bizkaia, Araba edo Nafarroatik, berriz, oso talde gutxi datoz.
Mugak gaindituz

2004ko txapelketan 4.000 parte-hartzaile izan ziren futbolariak eta entrenatzaileak kontuan hartuta. Aurtengoan, iazko zifra hori gaindituko da ziur aski antolatzaileen iragarpenen arabera, eta 10 urtetik aurrerako ehunka neska-mutil ikusi ahal izango dira lehian.

Donosti Cup nazioarteko futbol lehiaketa garrantzitsua izateaz gain, kultura eta jatorri ezberdineko gazteen arteko topaketa da, eta hori dela-eta kirol lehiaketa bat baino askoz gehiago bihurtu da. Hala, hasiera eta bukaerako afariez gain, Anoeta estadioaren inguruan ere gaztetxoek ondo pasatzeko hainbat ekitaldi eta aisialdi-gune antolatuko dira: futbol 3, futbol tenisa, giza-futbolina, penalti jaurtiketentzako atea, internet, denda ofiziala, puzgarriak...

Hamaika hamaikaren kontra edo futbol 7 delakoan jokatuko dira norgehiagokak, eta talde onenek uztailaren 9an izango diren finaletan jokatuko dute. Euskal taldeek maiatzaren erdialdetik bukaera arte eman dezakete izena Donosti Cupen parte hartzeko. Informazioa: 943 467954 edo www.donosticup.com.



Kultur aniztasuna da Donosti Cupen ezaugarri nagusia, lehiaketan nahiz hortik at.