 |
|
 |
 |
Erreportajea
|
|
Ziklo-krosa Neguko Txirrindularitza
|
Igor Uranga
Hiru hilabete, 18 lasterketa, negu gorria, kirol gogorra... eta ordainetan, ezer gutxi. Horixe da ziklo-krosaren zoria. Azaroan hasi eta otsaila hasiera bitartean ziklo-krosak hartuko dio lekua errepideko txirrindularitzari.
Luis Mazorriaga Euskadiko Txirrindularitza Federazioko ziklo-kroseko arduradunak adierazi digunez, «aurtengo denboraldian hiru lasterketa berri izango dira: Bermeon, Ametzagan eta Agurainen». Idiazabal, Busturia eta Berakoak ez dira, ordea, antolatuko.
Mazorriagak dioenez, «urtetik urtera gero eta gehiago kostatzen da lasterketak antolatzea»; baita txirrindulari kopuruari eustea ere. «Gipuzkoan, esate baterako, txirrindulari gutxiago dago urtetik urtera; hala, iaz, 25-30 gipuzkoar baino ez ziren lehiatu ziklo-kroseko probatan».
Emakumeen iraultza Ziklo-krosean gizonezkoak aritu izan dira historikoki, baina azken urteotan emakumezkoek era jarduten dute Euskal Herrian antolatzen diren lasterketetan. «Duela bost urte, Maitane Telletxea hasi zen bakar-bakarrik ziklo-krosean, eta halaxe jarraitu zuen bi urtez. Ondoren –dio Mazorriagak–, bere ahizpa eta Nekane Lasa ere animatu ziren, eta egun sei-zazpi neska dira ziklo krosean aritzen direnak».
Horietako gehienak elite edo nagusien mailan aritzen dira, baina badira kadete mailakoak ere. «Gutxi dira, hala ere, eta horrexegatik, hain zuzen ere, ezin dugu neskei bakarrik zuzendutako lasterketarik antolatu. 15-20 balira bai, baina hori gertatu artean, mutilekin lehiatu beharko dute».
Edonola ere, Nekane Lasa zumarragatarrak erdietsi dituen emaitza bikainei esker, «apurka-apurka neska gehiago animatzen ari dira ziklo-krosa egitera, eta aurten ez bada, datorren urtean, neskek ere euren lasterketa propioa izatea espero dut», dio Luis Mazorriagak.
|
|
|
2005-06 euskal egutegia 2005-06 euskal egutegia
|
Azaroaren 20an Amorebieta-Etxano
Azaroaren 26an Ametzaga
Azaroaren 27an Astarria
Abenduaren 3an Ormaiztegi
Abenduaren 4an Zeberio
Abenduaren 6an Asteasu (Nazioarteko Saria)
Abenduaren 8an Ermua
Abenduaren 11n Igorre (Nazioarteko Saria)
Abenduaren 17an Bermeo
Abenduaren 18an Aizarnazabal (Gipuzkoako Txapelketa)
Abenduaren 24an Elorrio (Bizkaiko Txapelketa)
Abenduaren 30ean Itsasondo
Abenduaren 31n Agurain (Euskadiko Txapelketa)
Urtarrilaren 7-8an Pontevedra (Espainiako Txapelketa)
Urtarrilaren 14an Abadiño
Urtarrilaren 15ean Muxika
Urtarrilaren 22an Ispaster (Nazioarteko Saria) |
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |