Aizkora


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 23 2005/11 »  Aizkora

Gaurkoa eta biharkoa

Aizkorak beti zorroztuta dituzten bi fenomeno
Joxemari Olasagasti eta Ugaitz Mugertza
46 urterekin, Euskadiko eta Munduko Txapelketak lortu berri ditu Joxemari Olasagasti aizkolari igeldotarrak. Ugaitz Mugertza 18 urteko mutrikuarrak, berriz, gazte mailako Euskadiko hirugarren titulua eskuratzea du helburu.


Joxemari Olasagastiren etxean eta sagardotegian aritu ginen hizketan, Igeldon, Joxemari berarekin eta Ugaitz Mugertza aizkolari gaztearekin. Olasagastik adierazi digunez, duela 30 urte heldu zion aizkolaritzari. «12 urte nituela, inguruko herri-kiroletako apustu eta txapelketa guztiak ikusten nituen, eta 16 urterekin hasi nintzen, gutxi gorabehera, aizkoran. Ez pentsa, ordea, horretan hasi nintzenik lehendabizi. Harriak jasotzen jardun nuen hasieran, segan gero, eta ondoren etorri zen aizkoraren kontua. Aditu batzuk esan zidaten aizkoran egiteko planta ederra nuela eta, ikusten duzu, ordutik horretan nabil; ezin esan, gainera, gauzak gaizki joan zaizkidanik!».

Ugaitz Mugertza, berriz, Fausto aizkolariaren semea da eta Aratz anaiarekin batera aritzen da aizkoran. Duela zortzi urte hasi zen kirol honetan. «Txikitandik eramaten gintuen aitak plazaz plaza herri-kirolen erakustaldiak ikustera eta, halako batean, etxean hasi ginen egurrak ebakitzen. Egia da hasieran pixka bat aitak behartuta hasi ginela honetan, baina gero, gustua hartzen hasi eta orain oso gogoko dudan kirola da aizkolaritza, dudarik gabe».

Aurrera egiteko gogoa

46 urterekin, sasoi betean dago Joxemari Olasagasti. Bi txapel garrantzitsu erdietsi ditu oraintsu eta, berak aitortu digunez, «aurrera jarraitzeko gogo eta ilusio handia daukat». Ugatzek ere ez du baztertzen Joxemariren adinarekin aizkoran egiten jarraitzea. «Joxemari bezalako fenomenoa izaten banaiz, zergatik ez dut aizkoran egingo, bada? Hori bai, 18 urte ditut bakarrik, eta auskalo 46 bete artean zenbat gauza gertatzen zaizkidan bizitzan!».

Aizkolari beterano asko ikusten da egun, plazaz plaza, lehian; gazteak, berriz, gutxi. Joxemariren iritziz, «gazteak egon badaude, baina maila ona emateko gutxi; gogo handia behar da...». «Gogoa eta sufritzeko gaitasun handia –albotik Ugaitzek. Hala ere, duela 5-10 urteko egoerarekin alderatuta, aizkolari gazte gehiago dagoela esango nuke». Igeldotarrak, gainera, gogoa eta ilusioa azaltzen duen edozein aizkolari gazteri laguntza eskaintzeko prest dagoela azaldu du: «Egurrarekin edota beste edozertan laguntzeko prest».

Ezbehar larririk, ez Egurrak ebaki eta ebaki, aizkorakadak bata bestearen atzetik, baina, hala ere, Ugaitzek eta Joxemarik ez omen dute inoiz ezbeharrik izan aizkoran egiteagatik. «Nik –dio Ugaitzek–, ebaki pare bat egin ditut, baina ezer larririk ez. Hortik aurrera, zapatilak sarritan urratu ditut, baina ez gehiago». Joxemarik, jarraian: «Ugaitzek dioen bezala, zapatilak zartatuta bukatzea normala da, baina 30 urtetan ez dut istripurik izan aizkorarekin».

Olasagastik aurten apustu handia jokatu du Erasunen aurka. Aizkoran eta segan lan handia egin zuten biek, baina azkenean, Olasagastik amore eman behar izan zuen. Garai batean halako apustuak ohikoak ziren Euskal Herrian, baina egun oso gutxi egiten dira. «Horretarako asko sufritu behar da –dio Josemarik–: presioa, prestakuntza, diru asko... Gauza asko sartzen dira jokoan. Ez dut uste, une honetan, Euskal Herrian aizkoran apusturik egiteko gizonik dagoenik». Ugaitzek, albotik: «Nahiko nuke nik inoiz halako apusturen bat egitea; asko erakartzen nau mundu horrek».


Joxemari Olasagasti

Sorlekua : Igeldo.
Adina: 46 urte.
Palmaresa: bost bider Euskadiko txapeldun (1996, 1998, 1999, 2001, 2005) eta Munduko txapeldun Nazabalekin batera (2005).
Ugaitz Mugertza

Sorlekua : Mutriku.
Adina : 18 urte.
Ikastetxea : Elgoibarko Institutua. Makina-erreminta ikasten ari da.