Herri Ametsa ikastola


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 23 2005/11 »  Herri Ametsa ikastola

Ikastetxez ikastetxe

Herri Ametsa Ikastola

Saskibaloia da neska-mutilen kirol gustukoenetakoa. SARA SANTOS
Euskara eta kirola bat eginez
Kirol eskaintza zabala, aberatsa, baina betiere kirola egiteko komunikabide nagusia euskara izanik; horixe da Herri Ametsa Ikastolaren kirol jardueren helburu nagusia. Ezagunak eta hain ezagunak ez diren kirolak erakusten ahalegintzen dira bertan.


Kirola eta euskara, euskara eta kirola, eskutik helduta datoz biak ere Herri Ametsa Ikastolan. Ibai Unsuain ikastetxe horretako kirol koordinatzaileak aditzera eman digunez, «geure ikasleek euskara kirolean, kirola egiten dutenean, erabiltzea da gure xede nagusia. Hots, kirola egiterakoan euren artean sortzen diren harremanetan euskara erabiltzea betiere».

Kirol instalazioei dagokienez, berriz, Herri Ametsa Ikastolak areto-futboleko hiru kantxa ditu eta saskibaloiko bi kantxa txiki eta beste handi bat; horrez gain, pilotaleku eta gimnasio estaliak ere baditu. «Pilotalekuan, gainera, tenisean aritzeko pista bat marraztuta dugu. Kirol instalazioen aldetik, ikastola oso ondo hornituta dagoela esango nuke», diosku Ibai Unsuainek.

Herri Ametsaren kirol eskaintza oso zabala da, gainera. «Txikienetatik hasi eta DBHraino doa. LH1 eta LH2ko haurrei kirol-jokoak erakusten zaizkie eta, hortik aurrera, benjamin, alebin, infantil mailako eta DBHko ikasleentzako kirol zerrenda ere zabala da».

Begiraleak ikastetxera Judoa, tenisa, saskibaloia, futbola, eskupilota... Kirol ezagunak eta hain ezagunak ez direnak erakusten dituzte Herri Ametsan. «Kasu batzuetan, gainera –judoan esaterako–, begirale bat etortzen zaigu astero adin ezberdineko ikasleei kirol horretako eskolak ematera», adierazi digu Unsuainek.

Gainera, bertako kirol instalazioetan praktika ezin daitezkeen modalitateak egiteko, hitzarmen bereziak dituzte hainbat klub edo talderekin. «Igeriketa, piraguismoa, samboa eta bestelako kirol batzuk egiteako, adibidez». Horrez gain, hilean behin ikastetxeak berak mendi-irteera bat antolatu ohi du ikasleentzat.

Ikastolako frontoiak jarduera asko egiteko aukera ematen du. S.S.