 |
|
 |
 |
Erreportajea
|
|
IGERIKETA GERO ETA HARRERA HOBEA DUEN KIROL OSASUNGARRIA
|
Igor Uranga
Antzina-antzinako jarduera da igeriketa. Grezia eta Erromako inperioen garaian, entrenamendu militar gisa egiten zen igeri. Japoniarrak izan ziren, hala ere, igeriketako lehiaketak estreinakoz antolatu zituztenak (k.a. 38 urtean). Ordutik, igeriketak bilakaera handia izan du, eta egun jaioberrientzat ere ikastaro bereziak antolatzen dituzte igerilekuetan. Izan ere, igeriketarako ez dago adinik, eta ezintasun nahiz gaitz askorentzat onuragarria da zeharo.
Eukeni Lopez Gipuzkoako Igeriketa Federazioko teknikariak aditzera eman digunez, «ume eta gaztetxoen artean, igeriketak gero eta harrera hobea du, igerilari kopuruari dagokionez nahiz igeriketako klubetara iristen diren ume kopuruari dagokionez. Lehiaketetan aritzen diren gazteen kopuruak ere gora egin du azken urteotan». Une honetan, igeriketako 26 klub daude Gipuzkoan, eta horietatik lau Donostian daude.
Igerilekuak ere gehiago daude, eraikitzen dituztenak gero eta hobeak dira, eta horien barruan jende asko, zale asko ibiltzen da igeri egiten. «Hori datu baikorra da igeriketarentzat –dio Lopezek–, baina egia da, halaber, aisialdiko eta lehiaketako igeriketa oso ondo bereizita daudela une honetan. Ildo horretatik, igerileku bakoitzean kluben bat eratu edo igeriketaren inguruko teknikari bat bertan egotea saiatzen ari gara; era horretan, igerileku horretan antolatzen diren jarduera guztiak behar bezala kontrolatuko genituzke».
Ondo ikasteko, ahalegin handia Aditu eta sendagileek diote oso kirol mesedegarria dela gorputzarentzat igeriketa, «baina behar bezala ikastea ez da hain erraza. Oinez berehala ikasten dugu, baina gorputzak uretara moldatu egin behar du. Ur gainean egoteko, ez itotzeko, ikastaro bat erraza da oso; igeriketa egiten ondo ikasi nahi izanez gero, ordea, asko saiatu behar da. Muga tekniko dezente ditugu hasieran, baina Gipuzkoan igeriketako teknikari bikainak ditugunez, igeri egiten ondo jakitea gero eta gutxiago kostatzen da».
Futbolak eta saskibaloiak dute arrakasta handiena oraindik ere gazteen artean, eta igeriketak bere esparrua duen arren, Eukeni Lopezek onartu digu igeriketan miretsi eta imitatu beharreko izar baten beharra dagoela, kirol honi behin betiko bultzada emateko. «Kirolari onak ditugu, Munduko edo Europako txapelketetan lehiatu direnak, baina egia da hedabideetan oihartzun handia izan dezakeen izarren bat falta zaigula. Horren haritik, igeriketako Fernando Alonso bat falta zaigu, esaterako...».
|
Donostiako Klubak
Atlético San Sebastián: Kontxa ibiltokia kalea, 8. Telefonoa: 943473722.
C.N. Easo: Anoeta pasealekua, 54. Telefonoa: 943213166.
Bardulia: Anoeta pasealekua. Telefonoa: 943469536; posta elektronikoa: bardulia@igeri.net
C.D. Fortuna: Kanpandegi kalea, 1. Telefonoa: 943395995; posta elektronikoa: fortunanat@bbvnet.com; www.cdfortuna.com
|
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |