Mountainboard


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 24 2005/12 »  Mountainboard

Egin ezazu saioa

MOUNTAINBOARD
Skatearen dibertsioa, snowaren adrenalina
Snowboard, skate eta mendiko bizikletekin egiten diren jaitsieren arteko nahasketa da mountainboarda. Kalifonian sortutako jarduera da eta Euskal Herrira ere iritsi da jada.
Mountainboardaren filosofia oso sinplea da: ohola hartu, malda edo mendi-mazela bat aukeratu eta ohol gainean maldan behera jaitsi. AEBetan arrakasta handia du, eta azken boladan Euskal Herrian ere bat baino gehiago ikusi da ohol berezi hauetan. Denda espezializatuetan ere mountainboardeko ohol horiek salgai daude dagoeneko.

Mountainboardaren defendatzaile sutsuenek diotenez, modalitate honek skatearen dibertsioa eta snowboardaren adrenalina nahasten ditu. Oholak skatekoaren antzekoa badirudi ere, ezberdintasun handiak ditu. Hala, altzairuzko eusteak ditu eta, horrez gain, esekidura du, hots, ardatzetan jarrita dauden bi indargetzaile ditu; horiei esker, era guztietako lurretan ibili ahal daiteke. AEBetako eski-estazio askok euren ateak irekitzen dituzte udan, eta modalitate honetan aritzeko hainbat kilometrotako jaitsieretako zirkuituak daude. Utah estatuan, esaterako, zale asko dira eski-estazioetan mountainboardean ibiltzen direnak.

Ohol berezi hauetako bat gidatzea ez da zaila, snowboardean egiten diren mugimenduen oso antzekoak egiten dira-eta hemen ere. Hori bai, oinarrizko materiala behar da minik ez hartzeko, izan ere, ibilgailu hauetan 40 km/h-ko abiaduratik gora har daiteke. Abiadura handiagoan, ohol gainean orekari eustea zaila izango litzateke oso. Jaitsierak ez ezik, mountainbordean ere jauziak egin ohi dituzte zaleek.

Informazio gehiago:
www.mtbz.com
www.solotablas.com


Oinarrizko materiala
Ohola + kaskoa + belaunetakoak: 175 euro ordainduz eskura daitezke