Urrezko itsasgizonak


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 24 2005/12 »  Urrezko itsasgizonak

Gipuzkoarrak kanpoan. BELA

Urrezko bi itsasgizonak
Gipuzkoan aspaldian izan diren belako kirolari onenak dira Iker Martinez eta Xabier Fernandez. Urrezko domina olinpikoaren irabazleak 49er klasean, etxetik urrun urte asko eman dituzte euren maila hobetzeko asmoz.
Belan ibiltzeko jaio dela diote batzuk, izan ere 16 urte besterik ez zituela, 1992an, estreinako munduko titulua erdietsi zuen Xabier Fernandez ibarratarrak, Vaurien klasean eta gazteen mailan. Ordutik, gauzak azkar, oso azkar, joan zaizkio eta iragan udan, abuztuan, euskal kirolak azken urteotan lortu duen kirol arrakasta handienetakoa lortu zuen Iker Martinez bere kidearekin batera: txapeldun olinpikoa izatea. Atenasen, 49er klasean irabazi zuten.

Ordutik, Volvo Ocean Race txapelketa prestatzen aritu da Fernandez, eta dagoeneko itsasoan da, lehian, Telefónica Movistar belaontziarekin. Munduari bira ematea dute helburu parte hartzen ari diren zazpi belaontziek. 58.000 kilometro inguru osatu beharko dituzte bederatzi etapatan Lurmutur Hiria, Hegoafrikako hiriburura iritsi arte.

Iker Martinez hondarribitarrak 16 urterekin irabazi zuen belako lehen titulu garrantzitsua, Optimist klaseko Espainiako Txapelketa, 1993an. Volvo Ocean Race proba prestatzen izan da bera ere, eta Telefónica Movistar taldearen barruan egon arren ez du ontziko tripulazioaren parte izatea lortu. Lehorretik lagundu beharko dio taldeari.

Munduari bira eman arte ez dela benetako itsasgizona izango adierazi du behin baino gehiagotan Iker Martinezek. Abenturazale amorratua inondik ere, era guztietako abentura-kirolak probatzea gustuko du, baina surfa da bere grina, batez ere. Duela hilabete batzuk Maldivak irletan izan zen surf egiten.

Xabier Fernandez eta Iker Martinez Kantabriako Somo herrian bizi izan dira urte askoan entrenatzen, eta gipuzkoarrak izan arren, etxetik urrun egon dira urte osoan. Volvo Ocean Race proba bukatu eta gero, 2006ko udan, handik bi urtera Pekinen egingo diren Olinpiar Jokoak buru-belarri prestatzen hasiko dira.


Iker Martinez

Sorlekua: Hondarribia.
Adina: 28 urte.
Palmaresa: 49er klasean urrezko domina 2004ko Atenasko Olinpiar Jokoetan; Munduko txapeldun (2002 eta 2004); IMS 600 klasean Munduko txapeldun (2001, 2002); Europako txapeldun 49er klasean (2002).
Xabier Fernandez

Sorlekua: Ibarra.
Adina: 29 urte.
Palmaresa: 49er klasean urrezko domina 2004ko Atenasko Olinpiar Jokoetan; Munduko txapeldun maila berean (2002, 2004); Espainiako txapeldun 49er klasean (2001).