Larramendi ikastetxea


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 24 2005/12 »  Larramendi ikastetxea

Ikastetxez ikastetxe. Larramendi Ikastetxea

Gurasoen laguntza, oinarrizkoa
Larramendi ikastetxeko ikasleek atseden tarte guztiak aprobetxatzen dituzte kirola egiteko. S.S.
Larramendi ikastetxeko kirol-koordinatzaile Patxi de la Fuentek aditzera eman digunez, «ikastetxe honetako gurasoen parte-hartzea ezinbestekoa izan da kirola Larramendin bultzatzeko orduan, eta egun ere hala da».
«Kiroltasuna eta talde-harremanak lantzea». Horiexek dira Larramendi ikastetxearen balio nagusiak kirolean. Halaxe azpimarratu digu behintzat Patxi de la Fuente bertako kirol-koordinatzaileak. Kirol instalazioei dagokienez, hiru pilotaleku estali ditu Larramendik, beste bat ikastetxearen eraikinean bertan, eta saskibaloiko beste kantxa estali bat. Horiez gain, kanpoaldean, areto-futboleko bi kantxa, saskibaloiko eta mini basketeko bana, eta boleiboleko beste kantxa bat ditu.

De la Fuentek onartu digunez, «instalazio onak ditugu, baina areto-futboleko kantxak estali gabeak direnez, neguan ez gara behar bezala ibiltzen. Hala ere, azkenerako moldatzen gara».

Eskalada eta eskrima

Kirol mota ezberdinak lantzen dituzte Larramendin, eta hiriko klub ezberdinekin lankidetza hitzarmenak dituzte. «Pio Baroja kiroldegira joaten gara eskalatzera eta eskrima ikastera. Ikastetxera, berriz, Atlético SS. klubeko teknikari bat etortzen zaigu errugbia irakastera. Ur-Kirolakekin ere arraunketa lantzen genuen euren instalazioetan, baina ikasturte honetan behintzat oraindik ez. Penagarria litzateke arraunketa alde batera uztea, ikasleak gustura ibiltzen baitziren».

Futbola, saskibaloia, «eta nesken artean eskubaloia», horiek dira ikastetxeko ikasleen artean arrakasta handiena duten kirolak. «Hala ere –dio de la Fuentek–, arraunketak, lehen, eta eskaladak, orain, harrena oso ona dute». Eskubaloia nesken artean duela pare bat urte lantzen hasi ziren, eta dagoeneko «hamar bat neska daude jokatzen Bera Bera talde infantilarekin».
Kirolari aipagarriak

Larramendin ere bada kirol aipagarririk, edo kasu honetan bezala, ikastetxe honetako ikaslea izandakoa duela gutxi. Sergio de Lis da bere izena, «eta Espainiako txapeldun da pistako txirrindularitzan. Espainiako selekzioarekin sarri joaten da, eta Maeztu olinpikoarekin ibili ohi da».

Ikasleak kirola egiten oso gustura ibiltzen direla nabarmendu digu kirol-koordinatzaileak. «Lehen hezkuntzako ikasleen %70ek kirolen bat egiten dute». Edonola ere, ikastetxeen kirol jardueretan «ikasleen gurasoek ematen diguten babesa, laguntza eta parte-hartzea azpimarratzekoa dira. Laguntza handia ematen dute ekitaldiak antolatzeko orduan, instalazioak zaintzeko unean... Kirolari bultzada handia eman diote».

Ildo horretatik, maiatzean egiten duten kirol jaialdian ere gurasoek parte-hartze zuzena izango dute. «Kirol ekitaldiak antolatzeaz gain, ikasleekin eurekin kirol horietan jokatzeko aukera izaten dute. Ume edo gaztetxoekin jolasteko aitzakia da».