Tenisa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 25 2006/01 »  Tenisa

Gipuzkoarrak kanpoan

TENISA
Gorka Fraile, abenduan Portugalen aurka Euskadirekin jokatutako neurketa batean.
Egungo euskal tenislari onena
Madrilen entrenatu eta bertan bizi da Gorka Fraile tenislari irundarra. Berak aditzera eman digunez, «kirol honetatik bizimodua aurrera ateratzeko, EAEtik irten behar da, hemen ez baitago goi mailako tenisa behar bezala garatuta».
Gorka Fraile

Sorlekua: Irun.
Adina: 27 urte.
Bizilekua: Madril.
Altuera eta pisua: 1,78 metro eta 80 kilo.
Ezaugarriak: eskuina; errebesa bi eskuekin egiten du.
Rankinga: 225.a ATP zirkuitu profesionalean.
Alberto Berasategi bizkaitarrak 1990eko hamarkadan utzitako itzala luzea da oso. Munduko onenen artean izan zen bera, eta besteak beste, Frantziako Roland Garros torneo handiko finala jokatu zuen 1994an. Ordutik, halako mailara heltzea lortu duen euskal tenislaririk ez da izan, baina badira pixkanaka nazioartean bidea irekitzen saiatzen ari direnak. Horien artean dago Gorka Fraile irundarra.

Frailek onartu duenez, «tenislari bezala bizi nahi izanez gero, Euskal Herritik atera beharra dago. EAE ez dago behar bezala garatuta goi mailako tenisa garatzeko, eta horregatik, Bartzelona, Valentzia eta Madril aldera joatea komeni da aurrerapausoak eman ahal izateko». Une honetan, ATP zirkuitu profesionaleko 225. postuan dago, eta «punta-puntan ez banago ere, bizimodua aurrera ateratzeko ematen dit».

Madril aldean dabil Gorka Fraile lanean aspalditik bere tenisa hobetu nahian. Egun guztian, goiz eta arratsaldez, jarduten du entrenatzen. Izan ere, batetik bestera ibili beharra du txapelketa ezberdinetan jokatzen. «Europan aritzen nahiz batez ere, eta badakizu, gero eta torneo gehiago jokatu, puntuak lortzeko aukera handiagoa ditut. Dena den, egia da azkenerako bidaiak gogorrak egiten direla». Bere helburua zein den? «ATPko lehen berrehun postuen artean sartzea».


Adolfo Gómez Pinter

Sorlekua: Donostia.
Adina: 19 urte.
Bizilekua: Valentzia.
Palmaresa: Gipuzkoako txapelduna beheko mailetan eta Euskadiko txapelduna
Iruzkina: donostiar hau ere kanpora atera da bere maila hobetzeko asmoz. Valentzian dabil, izan ere «Donostian geratuz gero, profesionaletara iristeko ateak itxita izango nituzke. Eta neuk behintzat, zirkuitu profesionalean sartzeko ahalegina egin nahi dut». C.T. Canals eta C.T. Valencia klubetan aritzen da entrenatzen, Carmelo Alventosa da bere entrenatzailea, eta 2006. urteari begira, «ATP zirkuituan punturen bat edo beste lortzea da helburu nagusia».