Atletismoa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 26 2006/02 »  Atletismoa

Gipuzkoarrak kanpoan

Kantabria eta Bartzelonako dieselak
Atletismoan ere, gipuzkoar batek baino gehiagok lehiatzen du kanpoko talderen batekin. Kamel Ziani oriotarra eta Isabel Eizmendi donostiarra dira horren bi adibide.
Kamel Ziani

Sorlekua : Alhucemas (Maroko).
Bizilekua : Orio.
Adina : 32 urte.
Altuera eta pisua : 1,79 metro eta 64 kilo.
Taldea : Aseficán Piélagos.
Palmaresa : Munduko Txapelketan parte hartu du Edmontonen (2001) eta Helsinkin (2005), maratoian.
Isabel Eizmendi

Sorlekua : Donostia.
Bizilekua : Sant Cugat del Vallés (Bartzelona).
Adina : 35 urte.
Altuera eta pisua : 1,77 metro eta 62 kilo.
Taldea : F.C. Barcelona.
Palmaresa : Munduko Txapelketan parte hartu du New Delhin (2004).
Berberea da Kamel Ziani, Rif eskualdekoa, baina bere gurasoek euren herrialdea utzi, eta bi urte zituenetik Orion bizi da Ziani. Bi anai-arreba ditu, horiek ere kirolzaleak zeharo. Bere arreba Soniak atletismoa egiten du Kamelek bezala, eta Salim anaiak, berriz, futbola.

Kamel Zianik berandu samar, 18 urterekin, heldu zion atletismoari. Ordura arte, judo egiten zuen, eta maila bat beheragoko lehiaketa batean aritzeko pisua galdu behar zuela-eta, korrika egiten hasi zen Orioko hondartzan. Zortzi kilometroko lasterketa batean parte hartu, eta garaipena erdietsi zuen. Lasarteko Michelin klubarekin proba batzuk egin ondoren, oztopo lasterketak korritzen hasi zen.

Krosean, iraupen erdiko probetan eta oztopo-lasterketetan aritu izan da maratoiari heldu aurretik. Krosean lortu ditu emaitza onenak, eta Euskadiko txapeldun behin baino gehiagotan suertatu da. Azken urteotan, ordea, maratoian dabil buru-belarri; Aseficán Piélagos Kantabriako taldearekin dihardu gaur egun, eta aurten Goteborgen, Suedian, egingo den Europako Txapelketako maratoian lehiatzea du helburu. Gogor lan egin beharko du txapelketa horretan izateko.
Lan kontuek Bartzelonara eraman zuten Isabel Eizmendi donostiarra duela urte batzuk. Eta goi mailako atleta bada ere, ezin izan du kirola bere bizimodu bihurtu, eta Katalunian dihardu lanean. Ez pentsa, ordea, horregatik atletismoa alde batera utzi duenik! Alderantziz, emaitza bikainak lortu ditu F.C. Barcelona taldearekin.

Kataluniako Atletismo Federazioaren lizentziarekin korritzen du Eizmendik. Euskal federazioarenarekin egingo balu, eta lesio bat izango balu adibidez, Euskal Herrira jo beharko luke sendatzera; baina bere eguneroko lanak ez lioke hori egiten utziko. Maratoian dihardu azken urteotan, eta 2005ean, esaterako, Helsinkin, Finlandian egin zen Munduko Txapelketan parte hartu zuen distantzia horretan.


Kanpoan dauden beste gipuzkoar batzuk
Olatz Arrizabalaga 18 urte


Sorlekua : Donostia.
Bizilekua : Oviedo.
Taldea: Oviedo Atletismo.
Modalitatea : abiadurako probak.
Nagore Rodriguez 26 urte


Sorlekua : Eibar.
Bizilekua : Kanariar Irlak.
Taldea : C.E.A.T. Cajacanarias.
Modalitatea : altuera-jauzia.