 |
|
 |
 |
Gaurkoa eta biharkoa
|
|
Imanol Samper eta Leire Kerejeta
|
|
Gutxi, baina kalitatezkoak
|
|
Kirol arrotza da askorentzat oraindik ere badmintona, baina Donostiako Universitario taldeak txapeldun handiak eman ditu azken urteotan. Horietako bi dira Imanol Samper (32 urte) eta Leire Kerejeta (14 urte) jokalariak.
|
Leire Kerejetak nahiz Imanol Samperrek azpimarratu dute badmintona ez dela kirol zaila. Kerejetak 14 urte ditu eta, bere hitzetan, «hasieran erraketa hartu eta lagun artean bolantea astintzea ez da zaila; dibertigarria da, gainera. Hori bai, hobetzen joatea nekezagoa da, denbora gehiago eskatzen du. Kolpeak perfekzionatzea, norberak nahi duen lekuan bolantea hartzea, hori zailagoa da».
Donostiako Universitario klubeko jokalariak dira biak. Imanol beteranoena da 32 urterekin, «eta oraindik ere edonori lanak emateko gauza naiz». Leirek, albotik: «Bai, bai, beteranoena da bera, eta oraindik urteren bat ona geratzen zaio...». Hori entzun eta, Imanolen erantzuna berehala: «Urteren bat? Hori esatea ez dizut barkatzen. Ikusiko dugu gaurko entrenamenduan zenbat korrika egiten duzun! (kar, kar)».
Leire eta Imanol leku berean, Marianistas Ikastetxean hasi ziren badmintonean jokatzen. Bertako soinketako eskoletan kirol hau irakasten da, eta halaxe ezagutu zuten badmintona. Leirek dioenez, «hamar urterekin hasi nintzen honetan gutxi gorabehera. Soinketan hasi, eta gero ikastetxean bertan jaten geratzen nintzenez, eguerdiak aprobetxatzen nituen badmintonean ibiltzeko».
Saskibaloitik, badmintonera
Imanol Samper eskubaloian, futbolean, eta hiru urtez saskibaloian aritu zen. «Hamalau urterekin, ordea, nire saskibaloi taldea desagertu, eta badmintona probatzea erabaki nuen. Oso kirol konpletua da eta, hala, hasi eta dagoeneko 17 urte daramatzat». Aukeran, berandu hasi zela onartu du Imanol Samperrek. «Badmintonari heldu nionean, gainera, ez genuen entrenatzaile finkorik, eta txapelketetan jarduten zuten jokalari onenen jokoa ikusiz ikasten genuen. Gure kasa ibiltzen ginen batera eta bestera».
Ordutik, bilakaera handia izan du badmintonak, «eta Donostia Universitario klubean – dio Imanolek–, txapeldun handiak sortu dira azken urteotan. Espainiako txapeldun bat baino gehiago dugu bertan, eta neska bat ere hor dago, 2008ko Pekingo Olinpiar Jokoei begira... Ikusiko dugu zer gertatzen den».
Kirol arrotza Gutxiengo baten kirola izaten jarraitzen du badmintonak, eta Leirek aitortu duenez, bere adiskideak hasieran harrituta geratu ziren kirol horretan ziharduelako. «Baina nola zabiltza kirol horretan? Zergatik ez duzu, beste neskak bezala, saskibaloian jokatzen? Galdera horiek eta antzekoak egiten zizkidaten. Orain, alabaina, eta ikusten dutenean zer nolako emaitzak lortzen ditudan eta zenbat bidaiatzen dudan, isilik geratzen dira. Eskerrak!».
Hasiera-hasieratik Leirek jokalari zaharragoen aurka lehiatu behar izan du. «Jende gutxi izateaz gain kirol honetan, aurreneko txapelketak 16 urtez azpikoentzat izaten ziren, eta nik, hamar edo hamaika urterekin zaharragoen aurka jokatzea besterik ez zitzaidan geratzen. Imanolek buruarekin baietz dio. «Alde handia zegoen hasieran, gorpuzkeran batez ere, baina ez pentsa horrek Leire kikildu zuenik, ez horixe! Pare bat urtetan zaharrenen mailan jarri zen Leire».
|
|
|
Imanol Samper
Adina : 32 urte.
Sorlekua : Donostia.
Taldea : Donostiako Universitarioa.
Palmaresa : bost aldiz Euskadiko txapeldun; Euskadiko txapeldun binaka (2005); Espainiako Txapelketako final-laurdenak binaka (2005).
|
Leire Kerejeta
Adina : 15 urte.
Sorlekua : Donostia.
Taldea : Donostiako Universitarioa.
Ikastetxea : Marianistas Ikastetxea, DBH3.
Palmaresa : Espainiako txapeldunorde kadete eta infantiletan (2005); Espainiako txapeldun infantiletan (2004); Espainiako txapeldun kadetetan, binaka (2005); Espainiako txapeldun infantiletan binaka (2003, 2004 eta 2005). Espainiako selekzioko jokalaria 17 eta 18 urtez azpiko mailatan.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |