 |
|
 |
 |
Protagonista
|
|
Xabier Del Val Iraupen-Eskialaria
|
|
«Europako lasterketa luze eta jendetsuetan eskiatu nahi nuke»
|
|
Bigarren postua eskuratu berri du Xabier del Val donostiar gazteak iraupen-eskiko Espainiako Txapelketan. Maila oneko eskiatzaileak daude Gipuzkoan kirol honetan.
|
Iraupen-eskiko Espainiako Txapelketan bigarren sailkatu zara oraintsu. Espero al zenuen halako maila ematea?
Urtarrilaren 22an Katalunian jokatu zen Espainiako Txapelketa hori, eta lasterketa berezia izan zen eskiatzaile onenak Europako Kopan baitzeuden. Baina tira, proba ona egin nuen, eta bigarren postuan sailkatzea lortu nuen azkenean.
Maila ona al dago Gipuzkoan iraupen-eskian?
Iraupen-eskiko hiru talde daude Gipuzkoan: Vasco de Camping Donostian, Eibarren beste bat eta hirugarren bat Tolosan. Espezialista onenak tolosarrak dira.
Iraupen-eskirako zaletasuna badago, hortaz, Gipuzkoan?
Nire adineko hamabost bat mutil izango gara modalitate honetan jarduten dugunak, eta maila txukuna dugu, gainera. Gure aurkari nagusiak, berriz, aldatuz joaten dira. Urte batean katalanak badira indartsuenak, hurrengoan andaluziarrak dira... Halaxe ibiltzen gara.
Eta neskak ere ibiltzen al dira?
Jakina. Gipuzkoan nire adineko hamar bat neskek hartzen dute parte iraupen-eskiko lehiaketetan.
Nora jotzen duzue kirol hau egitera?
Somport-Candanchúra normalean. Hori bai, abenduko oporraldietan Frantziara, Cauterets eski-gunera ere joaten gara. Abenduan hasita, asteburuero joan izan naiz eskiatzera, eta Eguberrietan, ia egunero.
Erabili beharreko materiala zuek prestatu behar izaten duzue?
Bai. Bi modalitate daude iraupen-eskian: klasikoa eta skating. Skatinga patinatzea da azken batean, eta klasikoan eskiak paraleloan doaz. Igoeratan eskiak elurretan ondo itsasteko eskiaren erdialdean argizaria ematen da, eta eskiek abiadura handiagoa har dezaten ere parafina ematen diegu. Elur motaren arabera, gainera, emateko era aldatzen da.
Zergatik aukeratu zenuen iraupen-eskia eta ez eski alpinoa edo snowboarda, beste hainbat gaztek egiten duen bezala?
Txikitan gurasoekin eski alpinoa egiten nuen, baina jende-ilara handiekin nazkatu egiten nintzen azkenerako. Eskolen arteko lasterketak egiten hasi ziren iraupen-eskian, ondo aritzen nintzen, eta hala, zaletasuna piztu zitzaidan. Hamaika urterekin hasi nintzen buru-belarri iraupen-eskian.
Zeintzuk dira zure helburuak iraupen-eskian?
Gozatzen jarraitzea kirol honetan, eta etorkizunean ere honetan jarraitzea. Europan 90 kilometroko iraupen-eskiko lasterketa ezagunak antolatzen dira, hamar mila eskiatzaile inguruk parte hartzen dute, eta horietakoren batean aritzea ere asko gustatuko litzaidake.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |