Errugbia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 27 2006/03 »  Errugbia

Gipuzkoarrak kanpoan

ERRUGBIA
Baloi obalatuaren norabidea jarraituz
Jon Intxausti hernaniarrak Ohorezko Mailako El Salvador taldean dihardu, Valladoliden. Urtzi Arana arrasatearrak, berriz, Valentzian jokatzen du, Ohorezko B Mailako C.A.U. Valenciarekin.
Jon Intxausti

Sorlekua : Hernani.
Adina: 21 urte.
Taldea: El Salvador.
Postua: lehen lerroa.
Taldeak: Hernani eta El Salvador.
Pisua eta altuera: 108 kilo eta 1,80 m.

Hernaniko bere bizilagun batek animatu omen zuen Jon Intxausti errugbia ezagutzera. «Betidanik handi samarra izan naizenez, bizilagun horrek etengabe esaten zidan errugbirako egokia nintzela. Halako batean, animatu, probatu, gustatu, eta 15 urte nituenetik honetan nabil, gustura».

21 urte besterik izan ez arren, lau urte daramatza Valladoliden, Ohorezko Ligako El Salvador talde boteretsuan. Ligako lehen postuetan sailkatuta, oso gustura dago kanpoan, «eta oraingoz behintzat ez dut Euskal Herrian goi mailan jokatzeko aukerarik izan». El Salvadorren errugbirako tradizio handia dagoela onartu du hernaniarrak, eta «Bera-Bera talde donostiarrak, aldiz, gorabehera handiagoak izan ditu, azkenaldian finkatu samarra badago ere goi mailan». Intxaustik dioenez, «Bera-Bera eta El Salvadorren arteko norgehiagokak ligako ederrenetakoak izan ohi dira».

Euskadiko selekzioarekin askotan jokatu du Intxaustik, eta bere ilusio handienetakoa horixe bera izango litzateke, «nire selekzioarekin, Euskadirekin, Europako Herrialdeetako Txapelketa irabaztea».
Urtzi Arana

Sorlekua: Arrasate.
Adina: 30 urte.
Taldea: CAU Valentzia.
Postua: bigarren eta hirugarren lerroa.
Taldeak: Gaztedi eta C.A.U. Valencia.



Ikasketak amaituta, errugbian mailaz igotzeko helburua zuen Urtzi Aranak, eta kasualitatez C.A.U. Valencia taldean jokatzen zuen lagun bat ezagutu, «eta haren bitartez nabil C.A.U.-n». Arrasatear honek Gasteizen jokatzen zuen ordura arte, eta bost urte daramatza Valentzia aldean; taldeko kapitaina da bera, gainera.

Ohorezko B Mailan dihardu bere taldeak egun, besteak beste Hernani taldearekin batera. Aranak dioenez, «Valentzian izan nintzen lehen urtea ahaztezina izan zen. Espainia, Europa aldeko eta Zeelanda Berriko jokalariak genituen taldean, eta maila bikaina izateaz gain, giro aparta genuen geure artean». Ohorezko Mailan zeuden orduan, baina bigarren urtetik aurrera gauzak okertzen joan ziren. «Ohorezko B Mailara jaitsi ginen, eta orain nahikoa lan dugu taldea osatzeko ere».

14 urterekin heldu zion errugbiari Urtzik, saskibaloian, futbolean, atletismoan eta pilotan aritu eta gero. «Gustura nabil Valentzian, bertan dut neska-laguna, baina egia da inbidia pixka bat ematen didala Ohorezko Mailan hiru euskal talde aritu eta ni horietako batean ez egoteak».