Mendiko lasterketak


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 28 2006/04 »  Mendiko lasterketak

Erreportajea


Paraje ederretatik ibili ohi dira lasterkariak.
Mendiko Lasterketak Modan Daude
«Duela urte batzuk ez zen inor ikusten korrika egiten mendian; orain, aldiz, edonor nonahi eta noiznahi». Rosa Lasagabaster mendiko lasterketen Euskadiko selekzioko hautatzailearen hitzak dira horiek. «Urtetik urtera gora egiten ari den modalitatea da mendiko lasterketa, eta batez ere Zegama-Aizkorri mendi maratoiak azken urteotan hartutako indarrak bultzada handia eman die proba hauei». Aurten, urrutira joan gabe, iaz baino bost lasterketa gehiago izango dira Euskal Herrian, «eta horrek erakusten du era honetako probak antolatzeko zer nolako gogoa dagoen».

Zergatik izan dute, ordea, halako booma mendiko lasterketek Euskal Herrian? Lasagabasterrek dioenez, «Euskal Herrian betidanik izan da mendizaletasuna, eta mendiko proba hauek iritsi direnean, jende asko animatu da horietan parte hartzera. Atletismoan nabarmentzeko marka ederrak egin behar dira, asko entrenatu behar da horretarako. Mendian, berriz, korrika ondo dabilenak eta erresistentzia apur bat badu, nabarmentzea ez da hain zaila; beste giro bat dago gainera, lagunkoiagoa, eta hori jendeari asko gustatzen zaio».

Lasagabasterrek onartu du sukar handia dagoela lasterketa hauen inguruan, «duela pare bat urtetik aurrera, batez ere. Dena den, ez gaude oraindik behar bezala prestatuta Euskal Herrian hainbeste jende hartzeko halako lasterketetan; antolaketa aldetik, oraindik aurrerapauso bat eman behar dugu».

Lasterkariei dagokienez, gero eta prestakuntza maila handiagoa dutela onartu du Euskadiko hautatzaileak, «oraindik zentzugaberen bat ikusten bada ere. Gogoan dut Zegama-Aizkorri lehen mendi maratoian lasterkari bat baino gehiago mendiko botekin korrika ikusi nuela! Egun ez da halakorik ikusten».

Antolatzen hasi ziren aurreneko mendiko probatan parte-hartzaileak mendizaleak ziren gehienbat, baina egun, profila aldatu egin da. «Atletismotik datozenak gero eta gehiago dira, iraupen-lasterketatik bereziki. Jende horrek betidanik izan du ohitura entrenatzeko, diziplina izateko eta horiek fin-fin aritzen dira entrenatzen». Lasterketa hauetan parte hartzeko baldintza bakarra 18 urte beteta izatea da.



Euskadiko selekzioko aurtengo parte-hartzaileak.
Euskadiko selekzioko korrikalariak
Arkaitz Zamakona
Jabi Olabarria
Jose Felipe Larrazabal
Iker Karrera
Iñaki Lopetegi
Ionut Zinka
Zuhaitz Ezpeleta
Alizia Olazabal
Marta Garcia
Oihana Azkorbebeitia



Emakume gutxi ikusten dira oraindik ere mendiko lasterketetan. Dena den, hori laster aldatu daitekeela uste dute lasterketetako antolatzaileek.
Hiru emakumezko, Euskadiko selekzioan
Aurten ere euskal espezialista onenek Espainiako eta munduko proba garrantzitsuenetan parte hartuko dute. Rosa Lasagabaster Euskadiko hautatzaileak azaldu digunez, «Espainiako Kopan eta Munduko Kopan ariko gara lehian. Mundukoan, hiru gizonezkok eta bi emakumezkok jardungo dute, eta gainerakoek Espainiako probetan korrituko dute». Lasagabasterrek argi eta garbi utzi du goi mailako bi lehiaketa horietan ahalik eta emaitza onenak eskuratzea dela selekzioaren helburua, «eta bi txapelketetan, emakumezkoetan nahiz gizonezkoetan, podiumera igotzea».

Selekzioko partaideak aukeratzeko orduan, «Euskadiko Kopa eta Txapelketako garaileez gain, lasterketa guztietan erregulartasunez aurrealdean ibili direnak hautatzen ditugu», azpimarratu du Rosa Lasagabasterrek. Aurtengoan, hiru emakumek eta zazpi gizonek osatzen dute Euskadiko selekzioa.