 |
|
 |
 |
Erreportajea
|
Zegama-Aizkorri Mendiko Maratoi Ospetsua, Maiatzean
|
|
|
Mundu mailako lasterketa
|
|
Munduko Koparako proba puntuagarria izango da aurten ere Zegama-Aizkorri Maratoia. Mendiko lasterketek izan duten boomaren eragile nagusia gertatu da.
|
Iaz baino 50 korrikalari gehiagok hartuko dute parte datorren hilabetean, maiatzaren 28an, Zegama-Aizkorri Mendi Maratoian. 400 bat lagun izango dira guztira irteera puntuan, eta beste asko lehiatu gabe geratuko dira antolatzaileek kopuru horretan jarri dutelako muga.
Mendiko proben inguruko sukarra asko handitu da azken urteotan Euskal Herrian, eta horren arrazoi nagusia, hein handi batean, Zegama-Aizkorri Mendi Maratoiak hartu duen indarra izan da. Gero eta parte-hartzaile gehiago aritzeaz gain, oihartzun handia hartu du nazioartean ere, eta azken urteotan mendiko lasterketen Munduko Koparako proba puntuagarria bihurtu da.
Ingurune zoragarria Gipuzkoan ez ezik, Euskal Herrian antolatzen diren mendiko lasterketen ikurra da Zegama-Aizkorri. Bostgarren urtea beteko du aurtengo proba honek, eta ibilbidea azken urteotako bera izango da. Hala, lasterkariak Aratz eta Aizkorriko mendilerroetatik ibiliko dira. Zegama herritik Otzaurteko gainera heldu ohi dira parte-hartzaileak, eta tontor honetatik aurrera, ingurune zoragarri batean sartuko dira. Bide eta bidexka liluragarrietatik barrena, zuhaizti ederrak –pagadiak gehienak–, haitz biziko malkar zakarrak eta mendiko larreak tartekatzen dira. 42 kilometroko ibilbide teknikoa eta zaila da.
Proban zehar hamalau kontrol-gune izango dira, eta horietatik igarotzea ezinbestekoa izango dute lasterkariek. Anoa-postuak ere ez dira faltako (hamahiru, guztira). Postu hauetan produktu energetiko eta freskagarriak eskainiko zaizkie parte-hartzaileei: ura ez ezik, fruta, edari eta janari energetikoak...
Korrikalariek gehienez ere zortzi ordu izango dituzte helmugara iristeko. Iaz, Tob Jebb ingelesa erraz nagusitu zen maratoiko errekorra hamabi minututan onduz, gainera. Emakumezkoetan ere, Corinne Favre frantsesak marka berria jarri zuen 5 ordu 03 minutu eta 57 segundoko denborarekin. Marka horiek hobetzea lortuko al dute aurten? Irabazleak mila euro poltsikoratuko ditu emakumezkoen nahiz gizonezkoen mailan.
|
Data: maiatzak 28.
Irteera: Zegama (9:00).
Distantzia: 42,195 kilometro.
Pasagune kontrolak: 14.
Jan-edari postuak: 113.
Tarteko helmuga: Aizkorri (22,58 kilometroan).
Gorabehera metatua: 5.472 metro.
Altuera handiena: 1.551 metro (Aitxuri).
Altuera txikiena: 296 metro (Zegama).
Eremu teknikoa ehunekotan: %70 gutxi
|
gorabehera.
Klimatologia: erdi mailako mendikoa. Bero handia, eguzki errea, haize gogorra, lainoa edo euria egiteko aukera.
Gehienezko denbora: 8 ordu.
Errekorrak: 3 ordu, 54 minutu, 18 segundo (gizonezkoetan). 5 ordu, 03 minutu, 57 segundo (emakumezkoetan).
Zailtasuna: oso handia.
Gehienezko parte-hartzaile kopurua: 400 korrikalari.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |