 |
|
 |
 |
Erreportajea
Alizia Olazabal mendiko lasterketa bateko malda batetik behera, korrika.
|
|
Alizia Olazabal Mendiko Korrikalaria
|
|
«Robocopek bezala dituzu giharrak proba luze baten biharamunean»
|
|
Euskadiko mendiko lasterketen selekzioko partaide da Alizia Olazabal. Proba hauek norberaren aurkako erronka direla aitortu du irundarrak.
|
Modan jarri omen dira mendiko lasterketak. Zergatik?
Filosofiari dagokionez, asfaltoak eta mendiak ez dute elkarren antzik. Asfaltoko probatan denborak garrantzi handia du, erlojuari begira zaude beti. Mendiak, berriz, beste sentsazio batzuk ematen dizkizu, askatasun sentsazioa, baina hori bai, gogorragoa da. Norberaren aurkako erronka da, eta denborak ez du garrantzi handirik.
Hasieran oso gutxi antolatzen ziren, baina orain ia astebururo dago lasterketaren bat. Zeren arabera egiten duzu orain aukeraketa?
Norberak dituen asmoen arabera. Batzuetan zein lasterketa egin nahi dituzun finkatzen duzu, plangintza bat egin, helburu batzuekin... Beste zenbait kasutan, ibilbidea edo antolaketa gustukoa duzulako joaten zara proba jakin batera. Ikusleek animatzen duten edo ez, hori ere garrantzitsua da.
Nola prestatzen duzu halako proba bat?
Orain arte nire kasa prestatzen nituen. Astean zehar, bizpahiru aldiz jotzen nuen mendira, eta hortik aurrera, asfaltoan gehiago ibiltzen nintzen. Aurten, berriz, lasterketa luzeagoak eta gogorragoak izango direnez, mendian gehiago ariko naiz.
Zein gorputz-atal zigortzen dira gehien halako probatan?
Koadrizepsak, batez ere. Maldan behera apur bat geldituz joan behar duzunean, ezin duzu abiadura handia hartu, erori egingo baitzinateke bestela. Hortaz, azkar joan baina era berean gelditzeko kontu horretan, koadrizepsek asko sufritzen dute. Hurrengo egunean, Robocop filmeko protagonista bezala zaude, gogor-gogor eginda! Lasterketa luzea bada, belaunek ere asko sufritzen dute.
Lasterketan zehar jan eta edatea oinarrizkoa al da?
Dudarik gabe. Anoa-postuetan geratu egin behar da jan eta edateko; nire kasuan, gainera, beti gainean zerbait eramaten dut. Agian momentu jakin batean oso ondo ikusten duzu zeure burua, baina hurrengo anoa-postua zortzi kilometrora duzu. Tarte horretan behar hori sortzen bazaizu, zer egin orduan? Horregatik, garrantzitsua da norberak zerbait eramatea, glukosa apur bat...
Emakumezko gutxi zabiltzate....
Bai, baina fenomeno orokorra da hori. Errepidean ere neska gutxiago ikusten hasi naiz korrika. Mutilentzako kirol batzuk daude itxuraz, eta neskentzat beste batzuk.
|
|
NOR DA?
|
Izena: Alizia Olazabal.
Sorlekua: Irun.
Adina: 36 urte.
Iruzkina: Munduko Kopan ariko da Euskadiko selekzioarekin. 2005ean, Euskadiko Kopa eta Euskadiko Txapelketa irabazi zituen.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |