Taekwondoa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 28 2006/04 »  Taekwondoa

Gaurkoa eta biharkoa


Argazkian, Pablo Jaimek eutsitako koltxoneta txiki bati ostikoa ematen. Elastikotasuna ezaugarri garrantzitsua da taekwondoan. SARA SANTOS
Jaime Gomez Eta Pablo Cruz
Kolpatu, ondo eta seguru
Gipuzkoan eta Donostian gero eta zale gehiago dituen borroka-artea da taekwondoa. Jaime Gomez (50 urte) eta Pablo Cruz ( 12 urte) dira hori praktikatzen duten bi kirolari.
Gipuzkoan eta baita Donostian ere judoa da tradizioz gehien praktikatu izan den borroka-artea, baina horren atzetik zale asko dituen beste batzuk daude, tartean taekwondoa. Jaime Gomez beteranoa eta Pablo Cruz gaztetxoa dira azken hori egiten duten bi kirolari. Gomezek aipatu duenez, «taekwondoa Gipuzkoara 1989, 1990 urte inguruan iritsi zen maisu korear baten eskutik. Ordutik, zale asko sortzen hasi ziren Donostia aldean, eta une honetan bertan ere, taekwondoak primerako harrobia du Gipuzkoan». Harrobi horren fruituetako bat da Pablo Cruz gaztea. Errenteriarra izatez, Donostian aritzen da borroka-arte honetan.

Hamabi urte ditu, eta sei besterik ez zituela heldu zion taekwondoari. «Ikastetxean borroka-arte bat ikasteko aukera eskaini ziguten, eta neuk neure burua defendatzeko borroka-arte bat ikasi nahi nuenez, ez nuen bitan pentsatu, eta oso gustura nago hartu nuen erabakiarekin».

Kontaktu fisiko handia

Hankak eta eskuak erabiliz kontaktu fisiko handia eskatzen duen kirola da taekwondoa. «Baina kontaktua bera baino –dio Gomezek–, tekniken garapena garrantzitsuagoa da». Kontaktu handikoa izan arren, oso segurua da, «lehian hasi aurretik, gihar eta artikulazioak oso ondo berotzen ditugulako. Gainera, gorputz osoa ondo babestuta dugu, eta oso zaila da min hartzea edo lesionatzea», azpimarratu du Gomezek.

Pablo Cruzek ziurtatu du inoiz ez duela lesiorik izan taekwondo egiten. «Ez dut inoiz kolpe gogorrik jaso, eta jaso izan ditudan apurrak buruan hartutakoak gertatu dira». «Eta hori –dio Jaimek, albotik–, buruan kolpeak ematea debekatuta, zigortuta dagoela!». Dena den, Pablok onartu du debekatuta egon arren, tentazioa izan duela inoiz aurkariaren burua kolpatzeko. «Ikastetxean taekwondoko borrokaldi batean nengoela, galtzen nindoala konturatu eta, ostikoa emanda lurrera bota nuen adiskidea. Eta hori ere ezin da egin, ostikoz aurkaria lurrera botatzea, alegia».

Teknika, oinarrizkoa

Gomezek adierazi digunez, «taekwondoko borrokalariaren eroriko ikusgarrienak irristadengatik izaten dira. Pablok bere lagunari egin ziona, adibidez, debekatuta dago erabat. Beti saiatu behar da ukitua, kolpea leku egokian ematen, ez du balio kolpea, besterik gabe, edonon ematea. Teknika menperatu behar da, hori da garrantzitsuena: hankaren teknika, biraketaren teknika, airearen teknika... menperatzea».

Bi esparrutan bereiz daiteke taekwondoa: batetik, lehiaketa edo borrokaldia bera dago, eta bestetik pumse izenekoa, hau da, «mugimendu finkoak bata bestearen atzetik egitea, eta horiek taekwondoaren alde teknikoa eta espirituala osatzen dute», dio Gomezek. Pablok argi utzi du lehiaketa pumsea baino nahiago duela. Gomezek zera erantzun dio, ordea: «Bai, badakit nahiago duela, baina Pablok badaki mailaz igotzeko, gerrikoak aldatzen joateko, pumseak derrigorrez ikasi behar dituela, eta ondo, gainera». Jaime Gomez oso ilusionatuta agertu zaigu etorkizun hurbilean, Donostian eraiki daitekeen borroka-arteen teknifikazio zentroarekin. «Taekwondoa eta gainerako borroka-arteentzat bultzada handia izango litzateke».


Jaime Gomez

Adina: 50 urte.
Sorlekua: Bilbo.
Bizilekua: Donostia.
Kluba: Moo Duck Kwaan.
Iruzkina: Taekwondoko Gipuzkoako Federazioko presidenteordea izateaz gain, taekwondoko irakaslea ere bada.
Pablo Cruz

Adina: 12 urte.
Sorlekua: Errenteria.
Kluba: Moo Duck Kwaan.
Ikastetxea: Belen ikastetxea (Donostia), DBH1.
Iruzkina: sei urterekin hasi zen taekwondo egiten; sei daramatza hortaz kirol honetan, eta Joko Olinpiko batzuetan lehiatzearekin amets egiten du.