Tecnun Ingeniarien Goi Mailako Eskola


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 28 2006/04 »  Tecnun Ingeniarien Goi Mailako Eskola

Ikastetxez ikastetxe

Tecnun Ingeniarien Goi Mailako Eskola

Azterketa garaian, ikasle askok orduan eta beharrezkoagoa dute kirola egitea.


Goi mailako ikasketak eta kirola, bateragarriak
Goi mailako ikasketak egiteko ordua iristen zaionean gazteari, ordura arte egindako kirola utzi egin behar dela uste dute askok. Protagonistak, eurak, ordea, ez dira iritzi berekoak; gakoa denbora ondo antolatzean dagoela diote.
Antolaketa, ondo antolatzea. Horixe omen da goi mailako ikasketak eta kirola bateragarriak egiteko sekretu bakarra. Hala dio behintzat, Mikel Arcelus Tecnun Goi Mailako Ingeniaritza Eskolako zuzendariordeak. Arcelusek argitu duenez, «ondo antolatzen den ikaslea eta Tecnunek eskaintzen dituen laguntzak ondo aprobetxatzen dituena aurrera ateratzeko gauza da».

Egunero lauzpabost orduko eskolak izan ohi ditu ikasleak, eta hortik aparte, hiru bat ordu hartzen baditu ikasteko, «badu kirola egiteko astia. Asteburua, gainera, oso luzea da, eta hor bai aprobetxatu behar dela kirola behar bezala egiteko!» Asteak ordu asko ditu, eta ikasle hauek eurek hautatutako kirola eta ikasketak egiten dituztenez, «denbora ateratzea errazagoa da. Argi dago, ordea, denbora galtzen ezin dutela ibili, eta ondo antolatzen ez denak biak ezin izango ditu egin».

Intentsitatea jaitsi Askok uste du goi mailako ikasketak egiteko unea heltzen zaionean gazteari, kirola utzi edo bigarren maila batean geratu behar dela. «Egia da –dio Arcelusek–, batzuek lehen ikasturtea egin ondoren utzi egiten dutela kirola, baina beste askok aurrera egiten dute. Ikasketei heldu ostean, kirola egiteko euren intentsitatea jaitsi beharra dute zenbait kasutan, baina ikasleak jakin behar du uneoro noiz egin dezakeen kirola intentsitate handiagoarekin eta noiz txikiagoarekin».


Ion Eizaguirre surflaria, olatu baten hodian sartuta.


Atletak, futbolariak, surflariak, piraguistak, saskibaloilariak... Goi mailan dabiltzan kirolari asko dago Tecnunen ikasten. Maila horretan, kirola eta ikasketak batera eramatea ez da erraza. «Gure ikastetxean, ordea, erraztasunak ematen dizkiegu ikasle horiei. Malguak gara azterketen datak aldatzeko orduan, edota eurekin aurrez aurre gaiak azaltzerakoan. Tratu oso pertsonala behar dute, eta Tecnunen hori topatzen dute», dio ikastetxeko zuzendariordeak. «Gure helburua ingeniari onak ateratzea da, eta horregatik, ikasle bakoitzak lehenengo egunetik aholkulari baten laguntza du erabaki zuzenak har ditzan».

Taldekako kirolak

Goi mailako ikasketak egiten ari den gaztearentzat kirol batzuk besteak baino aproposagoak izan daitezke, eramangarriagoak. «Hala, –dio Arcelusek–, patinaje artistikoa edo igeriketa bezalako kiroletan elitean dabilenari goi mailako ingenieritza ez egitea gomendatuko nioke. Kirol hauek ordu asko eskatzen dituzte eta halako ikasketekin egitea oso zaila da». Saskibaloia, eskubaloia, futbola, hockeya edo errugbia bezalako kirolak eginez gero, berriz, «ikasleek kirola eta ikasketak biak batera egitea errazagoa da».

Mikel Arcelusen ustez, «ingenieritza bezalako ikasketen kasuan, taldekako kirolak bakarkakoak baino komenigarriagoak dira. Zergatik? Ingeniari batentzat talde lanean aritzea oso garrantzitsua da, nahiz eta bakarka kirola egiten dutenak euren buruarekin oso esijenteak diren».



Saskibaloian jokatzen duten ikasleak ere badira Tecnunen.