Jorkyball


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 29 2006/05 »  Jorkyball

Egin ezazu saioa

Jorkyball
Futbola, bikoteka
Jorkyballek arrakasta handia izan omen dezake laster. Zer den hori? Bikoteka futbol-zelai txiki batean jokatzen den futbol partida, eta Donostian ere praktika daiteke.
Lau jokalari, bi talde eta talde bakoitzean bina jokalari. Horiek elkarren aurka futbol partida bat jokatzen dute ia 10 metro luze eta 5 metroko zabalera duen futbol-zelai batean. Zelai hori hiru metro luzeko paretez inguratuta dago, pareta horiek metakrilatozkoak dira, eta goiko aldean nylonezko sarea eta argiak ditu. Belar artifizialeko zorua du, eta futbol-zelai horiek kanpoaldean nahiz barrualdean koka daitezke.

Nola jokatzen den jorkybaIlean? Kontaktu fisikoa debekatuta dago, partidak ez du denbora mugarik, hiru setetara jokatzen da eta zazpi gol sartzen dituen lehen taldeak seta irabaziko du. Hirugarren seta jokatu behar bada irabazlea erabakitzeko, talde garaileaK bi goleko aldeaz irabazi behar dio aurkariari. Seina berdinduz gero azken setean, 10 golera heldu beharko dira, bi goleko aldea lortzea beharrezkoa izan gabe.

Talde bakoitza bi futbolariz osatuta dago, aurrelaria bata, atzelaria bestea. Set bakoitzaren hasieran, atzelariak eta aurrelariak euren funtzioak trukatu behar dituzte. Aurrelaria zelai guztitik mugi daiteke aurkariaren defentsako arean ezik; atzelariak, berriz, ezin du ia inoiz zelai erdia gainditu baloirik gabe.

Edozein lekutatik sar daiteke gola, aurrelariak zein atzelariak jaurti dezake atera paretan errebotatuz, goiko sarea erabiliz edo zuzenean jaurtita. Baloiaren erdiak ate azpiko arrastoa gainditzen badu gola izango da, eta gola egin duen taldeak jarriko du ondoren baloia jokoan. Atzelariak jarri behar du jokoan baloia bere defentsako areatik, eta lurra ukitu gabe zelai erdia gainditu behar du baloiak. Pixkanaka ezagutzera ematen ari den kirola da honako hau, eta Donostian, Ibaeta Trinketeak ematen du jorkyballean aritzeko aukera (Informazioa, 943-213644 telefono zenbakian).


Nondik dator?
Gilles Paniez frantsesak asmatu zuen kirol hau 1987an, Lyoneko garaje batean. Hiru urtez Frantziako pista bakar batean jokatu zen, eta 1990ean, Italiara esportatu zen. Han, eta 2000. urtea bitartean, ehun pista baino gehiago egin ziren. Egun, Frantzian 25 pista, 0 inguru Espainian eta 4 bat daude Erresuma Batuan. Europan 150 pista baino gehiago daude (%60 areto barruan, eta gainerakoak, kanpoaldean). Euskal Herrian, Donostiako Ibaeta Trinketeko arduradunak izan dira jorkyballeko pistak eraikitzen lehenengoak. Jorkyballeko Nazioarteko Federazioa ere badago (FIJA), eta urtero kluben artek Txapeldunen Liga jokatu ohi da.