 |
|
 |
 |
Alpinismoa
|
Rakel Perez
|
Mendi asko igotakoa da Rakel Perez, baina Dhaulagiriko tontorra zapalduko balu, bere bigarren zortzimilakoa litzateke.
|
|
«Sinesten hasia nago ero samarrak gaudela alpinistak!»
|
|
Apiril hasieran abiatu ziren Rakel Perez eta Willy Barbier donostiarrak Himalaiara, Dhaulagirira (8.167 m.). Hara abiatu aurretik, Rakelekin hitz egin genuen, eta orduan zioenez, maiatz erdialderako gailurra egitea espero dute.
|
|
Izotz bloke handi batek mokorra hautsi ondoren Nanga Parbaten, Himalaiara berriro. Horrenbestez, alpinistak beste ore batekoopilak zaretela erakusten duzue beste behin.
Ez dakit hala den, baina istripuaren ondorengo errehabilitazioan, medikuek eta Willyk berak esaten zidaten helburuak jarri behar zirela, errekuperatzeko oso onuragarria zela hori-eta. Helburu edo proiekturen bat baduzu buruan, sendatzea eta ilusioari eustea errazagoa da.
Halako istripua izan ondoren, mendiak hainbeste merezi duela uste al duzu?
Neuk ere egiten diot batzuetan galdera hori neure buruari. Mendian izan da, baina autoan ere gerta zitekeen. Istripu bat bezala hartu nuen Nangako ezbeharra, izan ere mendian denbora asko igarotzen dut... Errepidean denbora asko egiten duen komertzial batek edo garraiolari batek ere auto istripu bat izateko arrisku handia du.
Ez dira gutxi ero samarrak zaudetela diotenak...
Sarritan entzun izan dut hori, eta sinesten hasia nago! Baina ez, beste edozein pertsona bezalakoa naiz. Kirola egitea gustuko dut, eta mendiak zehazki, zerbait gehiago eskaintzen dit. Mendiagatik asko ematen dugu, asko sakrifikatzen gara helburu bat lortzeko, baina juxtu horretxek du xarma handiena. Ez dakizu maiz zer aurki dezakezun mendian, ez dakizu egoera bakoitzaren aurrean nola erreakzionatuko duzun, eta horrek guztiak asko laguntzen du pertsona gisa heltzen joateko.
Eta orain, Dhaulagirira abiatu zarete. Zergatik aukeratu duzue tontor hori?
Alpinistaren agendan beti dagoen mendietako bat da Dhaulagiri. Itxura ederra du, bailara liluragarri batean dago, eta azken bi espedizioak Pakistanen egin eta gero, oraingoan Nepal aldera jo nahi izan dugu. Beste erronka bat da, eta hau burutzeko talde ezin hobea elkartu gara, adiskideak, lehen elkarrekin abentura gehiago bizi izan ditugunak.
Zein dira mendi horren zailtasun handienak?
Gailurra zapaltzeko azken erasoak, azkeneko egunak du zailtasun handiena. 7.400 metro baino gorago izango ginateke une horretan, eta altuera horretan pala diagonal konplikatu bat zeharkatu behar dugu. Elurraren baldintzak ere garrantzi handia izango du. Une hori izango da arriskutsuena, ezin da hutsik egin, bestela larrutik ordainduko genuke.
Zortzimilakoen artean, mendi arriskutsuenetakoa al da?
Ez da zailenetakoa. Hilkortasun-tasa ez da handiegia, eta Nanga Parbatekin alderatuz, adibidez, hark zailtasun handiagoak ditu, eskaladako igarobideak dituelako bereziki. Dhaulagirin, berriz, ez dugu uste haitzik aurkituko dugunik, gune teknikoegirik. Gasherbrum 1 mendiaren parekoa da Dhaulagiri.
Noiz pentsatzen duzue gailurra egitea?
Maiatzeko lehen hamabostaldian saiatu nahiko genuke gailurrera heltzen. Eguraldiak lagunduko ez balu, maiatz bukaera arte aguantatu beharko genuke.
Gailurra eginez gero, mendi horretan hori lortzen duen lehen emakume espainiarra bihurtuko zinateke. Horrek gehiago motibatzen zaitu?
Ez dit axola horrek; era honetako erronkak norberak bere buruarengatik egiten ditu. Halako markak ondo etortzen dira babesleak eta laguntza ekonomikoak lortzeko orduan, baina bestela, ez diet kasurik egiten, benetan. Gailurra egiten badut nire bigarren zortzimilakoa izango da, eta horrek bakarrik, asko beteko nau.
Bigarren zortzimilakoa lortuko bazenu, hamalau zortzimilakoen gurpil horretan sartuko al zinateke?
Ez zait iruditzen. Lehenengo aldiz Himalaiara joan nintzenean horixe bera galdetu zidan kazetari batek, oraindik Himaiala ezagutzen ez nuela! Ez dut horretan pentsatzen, bigarren aldiz zortzimilako bat igotzea ilusio handia egiten dit, baina horrek ez du esan nahi guztiak igoko ditudanik. Zortzimilako mendi batzuk erakartzen naute, baina beste batzuk, batere ez. Erronka asko daude, eta egun behintzat oso zaila ikusten dut zortzimilakoen gurpil horretan sartzea; mota ezberdinetako proiektuak interesatzen zaizkit, eta ez hamalau zortzimilakoak egitea bezain hotsandiko helburuak.
Gazte askok jakin nahiko dute zer egin behar den halako mendi garaietan igoerak egiteko. Zer esango zenieke?
Gogo eta ilusio handia izatea, aurretik egin beharreko bidea ez baita erraza, inola ere ez. Sinetsi egin behar duzu Himalaiara joango zarela; Iñurrategi, Oiarzabal eta beste batzuen hitzaldietara joaten nintzenean, zortzimilakoak oso-oso urruti ikusten nituen. Motibazioa ez galtzea ezinbestekoa da, eta horrez gain, ahalegin ekonomiko handia egiteko prest egon behar duzu.
onostia bezalako hiri batean, bi emakume alpinista handi bizi zarete, Edurne Pasaban eta zeu. Zer moduz konpontzen zarete?
Ondo, adiskideak gara Edurne eta biok. Himalaiara berekin joan nintzen estreinakoz, Cho-Oyun, 2002an. Eskalatzen elkarrekin ibiltzen ginen sarritan, eta Cho Oyura joateko aukera sortu zitzaidanean, ez nuen bitan pentsatu, ez horixe. Pirinioetan askotan ikusten dugu elkar, bera orain beste konpromiso batzuetan murgilduta dabil, baina etorkizunean elkarrekin espedizio batera joateko aukera sortuko balitz, ni prest nengoke, nola ez, bada!
|
|
Dhaulagiriren ezaugarriak
Mendi Zuria izena hartzen du sanskritotik, Dhaulagirik. 8.167 metrokoa, Nepalen mendebaldean dago, Kali Ghandaki bailaran. 1950. urtera arte ez zen bertara inor inguratu, baina urte hartan, Annapurnako tontorra zapaldu zuen espedizio frantses batek aztertu zuen estreinakoz Dhaulagiri. Zortzimilakoen artean, seigarren mendi arriskutsuena omen da.
|
|
Bikote Bereiztezina?
|
|
Willy Barbier
Sorlekua: Donostia.
Adina: 31 urte.
|
Rakel Perez
Sorlekua: Donostia.
Adina: 28 urte.
|
|
Iruzkina: Pirinioetan, Alpeetan eta Andeetan eskarmentu handia dute, eta Himalaia aldean hirutan izan dira. 2002an, Cho Oyun (8.201 m.), Edurne Pasaban eta Jose Ramon Agirre Marronekin batera. 7.000 metrotan geratu zen bikotea, ordea, Rakelen osasun arazo batzuk tarteko. 2004an, Carlos Paunerrekin batera, Hidden Peakeko (8.068 m.) tontorra zapaldu zuten, eta iaz, Nanga Parbaten izotz bloke bat gainera erori, eta mokorra hautsi zitzaion Rakeli. Ea oraingoan zorte handiagoa duten!
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |