Futobola: Donostia CUP eta hondartza


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 29 2006/05 »  Futobola: Donostia CUP eta hondartza

Futbola

Donosti CUP eta hondartzako futbola

Nesken hogei taldek hartu zuten parte iazko Donosti Cupen; kopuru hori gainditzea da aurtengo helburuetako bat.
Hondarretan nahiz belarretan
Maiatzaren 14an jokatuko dira Kontxako hondartzako futboleko azken partiduak, finalak. Uztailean, berriz, Donosti Cup nazioarteko futbol txapelketan berrehun bat taldek parte hartzea espero dute antolatzaileek.
Egun gutxi barru, maiatzaren 14an, jokatuko dira aurtengo Donostiako hondartzako futboleko finalak. Urrian ekin zitzaion lehiaketari, eta zortzi hilabete geroago, talde onenek euren azken partidei egingo diete aurre.

Ohi bezala, txapelketa bitan banatu da: alde batetik, nagusiak, eta bestetik, eskolako gaztetxoak. Azken hauek alebin mailakoak dira (11 eta 12 urteko ikasleak), eta edizio honetan, 31 ikastetxeko 69 taldek hartu dute parte. Nagusien mailako lehiaketan, berriz, askoz talde gutxiago aritu dira, sei guztira.

Gipuzkoako Futbol Federazioak antolatzen du Donostiako hondartzako futbola, eta bertatik adierazi dutenez, eskolako lehiaketak osasun ezin hobea du. Duela urte gutxi, kezka nagusitu zen Gipuzkoako Foru Aldundian jaiotze-tasa txikia zelako, kirol gehienetan ume gutxiago zegoelako. Futbolean, ordea, ez omen da halakorik gertatu, eta plaieroen kasuan, hondartzan gero eta ume gehiagok lehiatzen dutela azpimarratu dute.

Azken urteotan, aitzitik, nesken txapelketarik ez da antolatu, izan ere orain federazioak berak futbol-zelaietan antolatzen du neskentzako txapelketa, eta plaierotan zebiltzan neskek hor jokatzen dute orain.

Historikoki, tradizio handiko txapelketa izan da hondartzako futbola, eta horri oraindik ere eusten omen zaio. Batzuk, dena den, kexatu egiten dira, esaterako, gaztetxoek oraindik ere porteriak eraman behar dituztelako euren zelaira, baina federaziotik argi utzi dute hori betidanik egin den zerbait dela, eta horrela izaten jarraitu behar duela.

Donosti Cup, uztailean Hondartzako txapelketaren amaiera gertu badago, Donosti Cup txapelketa hasteko oraindik hilabete pare bat falta dira. Nazioarteko lehiaketa hau uztailaren 2tik 8ra egingo da, eta 12 urtetik aurrerako mundu osoko futbolariak ariko dira lehian.

Edizio berezia da aurtengoa, hamabosgarren urtemuga beteko baitu. Eta hori ospatzeko, Artzai Gomez txapelketako prentsa arduradunak azaldu duenez, «inoiz lortu den talde kopuru handiena biltzea nahi dugu. 1999an, 192 taldek parte hartu zuten Donosti Cupen, eta aurten, 200eko muga hori gainditzea da gure helburu nagusia».

Horrez gain, nesken taldeen kopurua ere handitu nahi dute. «Hogei talde izan ziren iaz, horietatik zazpi gipuzkoarrak». Bertako taldeei dagokienez, prentsa arduradunak aipatu du, «oso garrantzitsuak» direla. «Donostia eta Gipuzkoa aldeko taldeak 60-80 artean izaten dira, hots, ia parte-hartzaileen erdia osatzen dute, eta sarritan emaitza oso onak lortzen dituzte, gainera. Iaz, esaterako, txapeldun eta finalista asko bertako taldeak izan ziren».

Etxeko taldeak antolatzaileek kanpotarrei kasu handiagoa egiten dietela kexatzen dira askotan, eta kanpotarrak, berriz, alderantziz, «bertakoak gehiago mimatzen ditugula». Edonola ere, etxekoek duten garrantziaren adierazle, «etxeko entrenatzaileekin eta taldeekin adiskidantzazko partida bat antolatuko dugu. Euren partaidetza goraipatu nahi dugu, eta sari batzuk ere banatuko dizkiegu».



11 eta 12 urteko jokalariak jo eta ke arituko dira hondartzako futboleko finaletan.
Hondartzako futbolaren krisialdia
Beste herrietako txapelketetan gertatu den bezala, Donostiako hondartzako futboleko lehiaketan ere Futbol 7aren eragina itzela izan da. Gipuzkoako Futbol Federaziotik aditzera eman dutenez, duela hiruzpalau urtetik-edo, belar artifizialean jokatzen den futbol modalitate horrek hondartza futboleko jokalari asko bereganatu ditu. Futbol 7ko neurketak larunbat arratsaldetan jokatzen dira kasu askotan eta, aldiz, nagusien mailako hondartzako partidak igande goizetan izaten dira. Futbolean egiteko zelai hobea izateaz gain, gazteentzat askoz erosoagoa da larunbat arratsaldean jokatu eta gauean lasai-lasai kalean ibiltzea, hurrengo egunean partida duten edo ez pentsatu gabe. Hori da maila horretako talde kopuruak behera egitearen arrazoi nagusia.
FINALAK

Maiatzaren 14an. 11:00etan

Alebinak. 5. Maila (Kopa): San Jose Prim Ikastola-Ibai Lizeoa
Alebinak. 5. Maila (Liga): Lizeotarrak A-Aldapeta A
Alebinak. 6. Maila (Kopa): Zurriola A Ikastola-Amara Berri B
Alebinak. 6. Maila (Liga): Orixe B Ikastola-Axular Lizeoa B Ikastola
Nagusiak (Kopa): Hispavista-Rekalde Taberna
Nagusiak (Liga): Uhinak-Area 7 Sistemas Seguridad


Donosti CUPen ezaugarriak
Txapelketa irekia da.
Belar natural eta artifizialeko futbol-zelaietan jokatuko dira neurketak Donostian, Hernanin, Urnietan eta Errenterian.
Gehienez ere, 40 talde onartzen dira maila bakoitzeko.
4 taldetako multzoak.
4 partidu gutxienez, ziurtatuta.
Lehenengo fasea liga sisteman jokatuko da.
Azken fasean, kanporaketak.
Txapeldunen Liga (multzoko lehena eta bigarrena)
Kontsolazio fasea (multzoko hirugarrena eta laugarrena)
50 minutuko partidak (25 minutuko bi zati).
Partida bakoitzean 5 aldaketa egin daitezke, gehienez ere.
Epaile federatuak.
Osasun-laguntza izango da zelaietan.