Gorka Biggi surflaria


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 29 2006/05 »  Gorka Biggi surflaria

Surfa

Gorka Biggi surflari donostiarra
NOR DA?

Izena: Gorka Piggi.
Sorlekua: Donostia.
Adina: 15 urte.
Taldea: Groseko Indarra.
Ikastetxea: San Patricio ikastetxea, DBH 4.
Ikusten al duzu zeure burua otsailean Zumaia eta Getaria artean izan ziren olatu handi horien gainean surf egiten?

Zergatik ez? Urte batzuk barru, bost edo sei urte gehiagorekin, halako olatuetan ibil naiteke surf egiten.

Olatu handiak daudenean uretara sartzeak beldurra ematen dizu?

Olatu handiak gustatzen zaizkit, baina oso handiak direnean beldur pixka bat ematen didate, egia esan behar badut.

Zein da gehien miresten duzun surflaria, gehien gustatzen zaizuna?

Mundu mailan, Kelly Slater. Bere estiloa asko gustatzen zait, eta euskaldunen artean, Aritz Aranburu zarauztarra, beharbada.

Surf egiteko leku onena?

Mundakako ezker olatu hori, ikaragarria da. Oso luzea eta ederra da. Mentawai, Sumatrako irla taldeko olatuetan ibiltzea da nire ametsa. Orain ez dut hori egiteko aukerarik eta dirurik, baina etorkizunean nahiko nuke.

Zurriolan arituko zarela normalean pentsatzen dut. Leku ona al da?

Ez dira primerako olatuak egoten, baina ezin gara kexatu; Zarauzkoak baino hobeak dira, esaterako.

Udaberritik aurrera jende asko, gehiegi, aritzen omen da surf egiten Zurriolan. Hala al da?

Jende asko biltzen da, arratsalde partean bereziki. Italiar asko ibiltzen dira, eta egian esan, ez gara batere ondo moldatzen horiekin. Erdi-erdian sartzen dira, eta asko molestatzen dute.

Lehiaketetan parte hartzen duzu ala hobbyagatik, zaletasunagatik egiten duzu?

Hobby bat da niretzat, baina lehiaketetan parte hartzea ere asko gustatzen zait. Nire ametsa surflari profesionala izatea da; jakin badakit, ordea, hori oso zaila izango dela. Gure taldean Norman Landa dabil bizimodua hortik atera nahian.