Donostia judo cluba


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 29 2006/05 »  Donostia judo cluba

Judoa

Judo Club Donostia

Judo Club Donostiako irakasle eta judokak.
Gipuzkoako gerriko beltza
Mende erdia baino gehiago darama Judo Club Donostiak borroka-arte hori erakusten. Berrehun judoka inguru biltzen ditu, eta bertako irakasleetako batek aipatu duenez, egun puri-purian dagoen kirola da judoa.
Urrezko Ezteiak bete zituen iaz Judo Club Donostiak, Gipuzkoako judoaren aitak. 1953an hasi ziren judo egiten, baina bi urte gehiago itxaron behar izan zuten talde gisa eratzeko. Urte hauetan guztietan taldea ez dela gehiegi aldatu aitortu du Gorka Sagastume taldeko irakasleetako batek. «Tatamia aldatu da, hori bai; lehen lasto prentsatuzkoa zen, eta orain, goma-apar prentsatuzkoa».

Dena den, azpimarratu du lan egiteko era edo sistema izan dela gehien aldatu dena. «Garai batean, oinarrizko lan sistema erabiltzen zen bertan, eta egun, jada, adin bakoitzeko ikasleari programa zehatz bat aplikatzen diogu».

Berrehun judoka inguru dituzte Judo Club Donostian, «eta eskoletakoak kontuan hartuta, 300 gehiago». Sagastumek gogoratu duenez, «duela 50 bat urte, kirol eskaintza urria zegoen Donostian eta probintzian bertan, eta ondorioz, jende askok egiten zuen judo. Ondoren, urte batzuetako gainbehera pairatu zuen, eta orain berriro ere puri-purian dago. Azken bospasei urteotan jende mordoa dabil judo egiten».

Bost urtetik aurrera Judo Club Donostiarekin batera, Groseko Zuhaizti da hiriko beste judo talde bakarra, nahiz eta azken hau lehiaketetan ez aritu. «Hortik aurrera, kiroldegietan, esaterako, judoko ikastaro finkoak eskaintzen dituzte urtero». Bost urtetik aurrera has daiteke judo egiten Judo Club Donostian, «nahiz eta beste talde batzuetan lau urterekin ere heltzen dioten». Sagastumek argitu duenez, «borroka-arte honetan errespetua, gizatasuna eta beste balore batzuk aldarrikatzen dira. Ez da kirol zakarra, ez daude kolpeak, proiekzioak dira, hots, aurkaria hartu eta lurrera jaurtitzen da, eta hori guztia kontrol handiarekin egiten da». Judoan erakusten den lehen gauzetako bat, gainera, «lurrera ondo erortzen jakitea da. Jende gehienak ez daki normalean lurrera erortzen, eta horrexegatik hain zuzen ere hartzen dute min askok lurrera erortzerakoan». Hamar urte bitarteko 80 bat ume daude Judo Club Donostia n; izan ere, gurasoentzat borroka-arte hau oso mesedegarria da euren seme-alaben garapenerako. «Motel samarrak direnak bizkortu egiten ditu, eta mugituak direnak, berriz, lasaitu». Konfiantza, errespetua... bultzatzen ditu judoak, pertsonaren garapenean eragin zuzena du, «eta normalean, judoka zentzu handiarekin ibiltzen da bere bizitzan».

Neskei dagokienez, Espainiako lehiaketetan neska gipuzkoarrek maila bikaina erakusten duten arren judoan, kopuruaren aldetik, oraindik ere gutxi dira Gipuzkoan, mutilekin alderatzen baditugu. «Umetan neska dezente daude, baina adinean gora goazen bezala, kopuruak behera egiten du».