|
|
Ohikoek ez ezik, abentura kirolek ere gero eta harrera hobea dute gaztetxoen artean. Duela urte batzuetatik gorakada handia izan dute, gainera, eta kirol mota horien zerrenda luzea da. Mundu honetan dabiltzanek adierazi digutenez Donostia aldean behintzat raftingak eta kirol eskaladak dute arrakasta handiena gaztetxoenen artean. Aste Santuko oporrei begira, abentura kirolak hautatzea ez da, ez, aukera txarra.
|
Rafting, hidrospeed, zeharkaldiak, jauziak, eskalada, mendiko orientazioa, arroil jaitsierak... asko dira egin daitezkeen abentura kirolak. Naturarekin gozatuz kirolean aritzeko aukera zabala dago, eta kanpotik beste irudi bat izan dezaketen arren, gaztetxoenek lasai asko egin ditzakete gehienak. Ikusiko duzue ordu batzuetan zein ondo igaroko duzuen!
Donostia aldean, bi eratara joan daiteke kirol mota horiek egitera. Alde batetik, Gipuzkoako Mendizale Federazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, abentura kiroletan jarduteko aukera eskaintzen du ikastetxeetan ikasturtean zehar. Bestetik, abentura kirolen inguruko enpresa espezializatuak daude, eta horien bitartez ere joan zaitezkete gustukoen duzuen kirola egitera.
Amaia Eguren Caroc Aventura abentura kiroletako Donostiako enpresako kideak esan digunez, «naturarekin zerikusia duten kirol horiek guztiek boom handia izan zuten duela lauzpabost urte; orduz geroztik, gainera, gora egin dute, eta azken boladan errotu egin direla esan daiteke. Hala, gaur egun oso gutxi dira, adibidez, raftinga inoiz egin ez duten gazteak».
Nahiko zaila da jendeak abentura kirol noiz bilakatu zuen jakitea, baina Egurenek dioenez, «raftinga, esaterako, Amerikako Estatu Batuetan sortu zen. Duela 25 urte, jada, egungo baltsen antzeko ontzietan ibaian behera jaisten diren ur lasterretan, Colorado aldean». Abentura kirolen artean, gainera, raftinga omen da nagusi den modalitatea, «prestakuntza maila baxuena eskatzen duena bera delako, beharbada; ez da ausardia handirik behar horretan aritzeko».
Kirol horiek eta ausardia beti lotuta egon dira, baina ausarta izatea beharrezkoa al da benetan abentura kiroletan jarduteko? Amaia Egurenek azpimarratu digunez, «bezeroaren nahia, maila eta adinera egokitu daitezke modalitate gehienak; ez da bereziki ausarta izan behar horretan aritzeko. Hori bai, uretako kirolen bat egiteko asmoa izanez gero, urari beldurrik ez izatea garrantzitsua da, eta igeri egiten jakitea ere ezinbestekoa da».
Udaberritik aurrera, lanean
Enpresa hauek udaberri aldean hasten dira, batez ere, lanean gaztetxoekin. «Aste Santuko oporrak direla eta, ikastetxeetako irakasleak galdezka etortzen dira, ea zer-nolako jarduerak egin daitezkeen bizpahiru egunetan ikasleekin joateko. Halakoetan, bi edo hiru kiroletan aritzeko denbora ere izaten da: raftinga, arroil jaitsiera, piragua...».
Uda garaian, berriz, egonaldi luzeagoak antolatzen dira, eta hor bai dagoela kirol askotan jarduteko egokiera: «eskalada, mendiko bizikleta, raftinga, arroil jaitsiera... Dena den, estreinakoz joaten direnek raftinga probatu nahi izaten dute».
Ikastetxeetatik talde handiak joaten dira halako irteerak egitera, «eta saiatzen gara jarduerak talde horietara moldatzen eta ez oso konplikatuak izaten. Horregatik, abentura kiroletako enpresen eskaintzak ikastetxe eta enpresen artean adostutakoak izaten dira maiz».
|
Diruagatik ez
geratu etxean
Aukera zabala, bai, baina zenbat ordaindu behar da abentura kiroletan aritzeko? Horri dagokionez, ez da eragozpen handirik. «Gainera, talde kopuruaren arabera, prezioa alda daiteke, eta beherapenak ere izaten dira». Egun bateko rafting irteera egiteko, 18 euro ordaindu behar da. Arroil jaitsiera egiteko adibidez, hamar lagunetik gorako taldea bada, 24 euro ordainduta aski da.
Gipuzkoako Mendizale Federazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko elkarlana, ostera, aspaldikoa da abentura kirolen alorrean. Tetxus Barandiaran da koordinatzailea, eta berak azaldu digunez, «hamabost bat urte badira Gipuzkoako Mendizale Federazioak eta Foru Aldundiak kirol abenturen eskaintza egiten dutela ikastetxeetan».
Sei urtetik hamasei urtera bitarteko ikasleei zuzenduta daude, eta hauxe dute helburua: «eskola-ume gipuzkoarrek mendian eskaintzen zaizkien jarduera ugariez modu ludikoan gozatzea», dio Tetxus Barandiaranek.
Orientazioa,
eskalada...
Inguruko bidezidorrak ezagutzeko, eskalatzen aritzeko, Gipuzkoako natur parkeetan barrena ibiltzeko, mendi orientazioan jarduteko nahiz bestelako jarduerak egiteko irteerak antolatzen dira. Eta, horrez gain, mendia ezagutzeko bizpahiru eguneko egonaldiak ere badira San Adrian (Aizkorri) eta Lizarrustiko (Aralar) aterpeetan. Eskaladan, tirolinan, rapelean, orientazio probetan, kanpin dendak jartzen eta beste hainbat jardueratan ibil daitezke egonaldi horietan.
Ikastetxe orori abentura kirol horien berri ematen zaio, eta «bakoitzak gustukoen duena aukeratzen du. Ikasturtean zehar –astelehenetik ostiralera– eskola-orduetan burutzen dira jarduerak eta egonaldiak izan ezik». Diru gutxi ordainduta, mendia eta kirola uztarturik gozatu ederra hartzeko aukera duzu, bai egun bateko irteeretan, bai bizpahiru eguneko egonaldietan.
|
|
EZ DA GARESTIA
|
|
Gipuzkoako Mendizale Federazioa eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta, ikasleei zuzendutako programa:
Zeharkaldiak: 2 euro pertsonako.
Eskalada: 4 euro pertsonako.
Gipuzkoako natur parkeetan barrena: 2 euro pertsonako.
Mendi orientazioa: 2,5 euro pertsonako.
Mendia ezagutu: bi egun edo hiruko egonaldiak. 18 euro pertsonako (2 egun) edo 34 euro pertsonako (3 egun). Jarduerak:eskalada, tirolina, rapela, orientazioa, kanpin dendak...
Noiz: ikasturtean zehar.
Informazio gehiago: Gipuzkoako Mendizale Federazioa. Tlf.: 943-461440
|
Enpresekin:
Rafting: 18 euro pertsonako.
Hidrospeed: 32-38 euro artean pertsonako.
Kanoa jaitsiera: 28-32 euro pertsonako.
Arroil jaitsiera: 24-26 euro pertsonako.
Piraguismoa: 32 eurotik aurrera pertsonako.
Jarduera horiek nahastuta ere egin daitezke irteerak.
Oharra: prezio horretan gidariak, materiala, garraioa, asegurua eta BEZ sartzen da. Informazio gehiago: Caroc Aventura. Tlf.: 943-320737
|
Saltoak
3 euroko saltotxoetatik 30 euroko jauzi handiagoetara, pertsona bakoitzeko.
Elkartea: Euskal Abentura Elkartea. Saltoetan espezializatua. Informazio gehiago: 943-214820/656-728085 (Gerarta)
|
|
Ane Mujika (18) eta Libe Villar (12) gazteek eskalada xarma handiko kirola dela diote. Ez omen da kanpotik dirudien bezain zaila.
| >>> |
|
|
Beñat Aramendi (14) pilotari gaztea atzelaria izan arren, Titin aurrelari errioxarra du gustukoena. Pilotaren aldrebeskeriak izango ote?
| >>> |
|
|
| |
 |
 |
|