Gaurkoa eta biharkoa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 3 2003/04 »  Gaurkoa eta biharkoa

Gaurkoa eta biharkoa

Armiarma-neskak



Ane Mujika eta Libe Villar kirol eskaladaren oraina eta etorkizuna dira. Donostiako Pio Baroja kiroldegiko rokodromoan topatu ditugu horman gora, zintzilikatuta. Anek lehiaketetan eskarmentu handia du, 18 urte besterik izan ez arren. Libek, berriz, lehiatzea ez duela gustuko onartu digu. Eskalada, ordea, lehiaketa baino askoz gehiago omen da.





Libe Villar –ezkerrean– eta Ane Mujika –eskuinean–, Pio Baroja kiroldegiko rokodromoan.

Argazkia:Sara Santos



Nortzuk dira?



Ane Mujika

Adina: 18 urte
Kluba: Fortunako
Palmaresa: 18 urtetik beherako Espainiako txapelduna eta Espainiako Kopako irabazlea 2002 urtean. Munduko Txapelketan hamahirugarren, abiadura modalitatean.
Libe Villar

Adina: 12 urte
Ikastetxea: Luberri Ikastetxea. DBHko1. Maila
8 urterekin hasi zen eskalatzen Pio Barojako rokodromoan. Saskibaloian ere aritzen da, eta oraindik ez du argi bi kiroletatik zein duen nahiago: eskalada ala saskibaloia.




Ez dira Josune Bereziartu, baina bata zein bestea eskaladan dabiltza, eta ilusio handiz gainera. Libe Villarrek 12 urte baino ez ditu, eta duela lau urte hasi zen kirol eskaladan. Ane Mujika ez da askoz zaharragoa –18 urte ditu–, baina badaki zer den kirol honetan lehiatzea, tituluak eskuratzea, goi mailan aritzea.

18 urtetik beherako mailan, Espainiako txapeldun eta Espainiako Kopako garaile izan zen iaz, eta aurten Europako Kopan eta Munduko Txapelketan lehiatzeko itxaropena du, «eta lehiaketa horietan ahalik eta ondoen ibiltzea», dio Anek.

Kasualitatez hasi omen zen kirol eskaladan «aspalditxo egin nuen Italiako bidaia batean. Han, egun batean horma batera eskalatzera joan ginen, eta Donostiara itzultzerakoan eskaladako ikastaro batean izen ematea erabaki nuen. Ordutik kirol honetan nabil, eta ahal dudan guztietan eskalatzera joaten naiz».

Libe Villar ere ikastaro batean hasi zen eskaladan. «8 urterekin izan zen hori. Amak esan zidan zergatik ez nuen probatzen, kirol polita zela, eta Pio Baroja kiroldegian eman behar zuten ikastaro batean izena eman nuen. Oso gustura nabil, ordutik». Saskibaloian aritzen da halaber, eta bi kirol horietatik zein duen nahiago ez duela argi aitortu digu. «Biak ditut gustuko, ez dakit etorkizunean zein hautatuko dudan. Agian, biak batera egin ditzaket! Lehen Taekwondon ibiltzen nintzen, baina ordurako rokodromora hurbiltzen hasia nintzen eskalatzaileen lana ikustera. Asko gustatzen zitzaidan ikustea».

Rokodromoaren hormaren aurrean estreinakoz jarri zenean, Libek hauxe esan zion bere buruari: «Nola igoko naiz, bada, hor gora? Entrenatzaileak, ordea, erraza zela esan, kontu batzuk argitu eta han joan nintzen behetik gora. Asko gustatu zitzaidan lehen entrenamendua». Kirol gogorra dela dio, «baina, lehen, entrenamenduak bukatzen zirenean, ahal nuen guztietan rokodromoan jarraitzen nuen eskalatzen. Nekatuta amaitzen duzu, baina kirol ederra da». Ane Mujikak ere berretsi digu kirol gogorra dela, «eta gogortasun horrez gain, entrenamenduak egiterakoan astakeria handiak egiten ditugu maiz. Ez geure burua arriskuan jartzen dugulako, egin beharrekoa zailtzeko denetik egiten dugulako baizik».



Ekin eta ekin, lortu arte

Zailtasunak zailtasun, hasieran jarritako helburua lortzen denean poz handia hartzen dela azaldu digu Libek. «Lehenengo igoeran, sarritan ez duzu helburua lortzen, baina azkenean izerdi handi handia isuri ondoren lortzen duzunean, ez dakizu zer-nolako ilusioa egiten dizun!». Izan ere, nork bere buruarekin lehiatzearen parekoa da eskalada. Halaxe dio, behintzat, Anek. «Nire kasuan, adibidez, seigarren graduko zailtasuneko horma batetik zazpigarrenera igarotzeak ilusio handia egin zidan. Zazpigarren graduan ere ondo moldatzen zara, eta bertan zortzigarren graduan pentsatzen aritzen zara. Zeure buruari gaina hartzeko grina barruan izaten duzu beti».

Eskalada rokodromoan –areto barruan– edo mendi aldean, haitzetan bertan, egin daiteke. Aneren iritziz, «arrokan eskalatzea zailagoa da, denbora eta garraioa behar dituzulako; eta, horrez gain, eguraldiak ere lagundu behar du.
Nire ustez, gainera, politagoa da kanpoan, arrokan ibiltzea. Rokodromoan, egin beharreko bideak ikusi egiten dituzu, eta haitzetan, berriz, egin beharreko bidea deskubritzen joaten zara poliki-poliki». Libek ez du mendian eskalatzerik izan. «Beti rokodromoan, nahiz eta entrenatzaileak esan digun joango garela mendian eskalatzera... Gogo handia dut kanpoan aritzeko ere». Anek, berehala: «Lasai, iritsiko zaizu-eta aukera».

« Nola igoko naiz, bada,
hor gora? esan nion
neure buruari
estreinakoz eskalatzen
hasi aurretik»


Libe Villar.


Zortzi milako mendirik ez

Biak bat datoz eskaladan jarraitu nahi dutela baieztatzerakoan, baina 8.000 metroko menditzar horiek ikusi ere ez dituzte egin nahi. Anek, ildo horretatik, honakoa azpimarratu nahi du: «Zergatik nahiko dugu, bada, bi kirol erabat ezberdin dira eta. Futbolean hasteko gogorik dudan ala ez galdetzea bezala da hori». Libe ere ez du batere erakartzen mendi garai horietan ibiltzeak, «nahiz eta askotan joaten naizen Aizkorri, Gorbeia eta beste hainbat menditara, ama oso mendizalea daukat eta».

Zer behar da, ordea, eskalatzaile ona izateko? Hona hemen Ane Mujikaren iritzia: «Batez ere, gogoa. Behin eskalatzen hasten zarenean, norberak duen indarra eta teknika aprobetxatzen ikasi behar da. Hortik aurrera, hobetzea da helburua: indar handiagoa izatea, malgutasuna... Ondo eskalatzen dutenak –Josune Bereziartu, adibidez– gorputz argalekoak dira, eta hori garrantzitsua da halaber, pisu gutxi izatea alegia. Tendoietan indar handia izatea da kontua. Dena den, bakoitzak duenarekin egin behar du aurrera, eta bolumen handiko gopuzkera baduzu, besteek egin dutena ere lor dezakezu, eskalada zuzenagoa eginez».

«Gogoa ezinbestekoa da
eskalatzaile ona izateko,
baita tendoietan indar
handia izatea ere»


Ane Mujika