Belen ikastetxea


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 30 2006/10 »  Belen ikastetxea

Ikastetxez ikastetxe

Belen Ikastetxea

Belengo neska-mutilak gustura aritzen dira kirola egiten atsedenaldian. S.S.


Marianista Olinpiaden itzalean
Kirol instalazio mugatuak baditu ere, Belen Ikastetxeak garrantzi handia ematen dio kirolari. Urtero, gainera, Espainia mailan antolatzen diren Marianisten Olinpiadetan parte hartzen dute bertako ikasleek.
Futbolerako eta saskibaloirako kantxa bana eta mini saskibaloirako beste bat dute Belen Ikastetxean. Barrualdean, berriz, gimnasioarekin batera, gimnasia erritmikoa nahiz taekwondoa egiteko gela egokitu bat daude. Iker Lizarribar Belen ikastetxeko kirol koordinatzaileak aditzera eman digunez, "ditugun kirol instalazioekin moldatzen gara, baina egia da zenbaitetan arazoak ditugula kanpoan jarduteko, euria egiten duenean batez ere; izan ere, aterperik ez dugu kanpoaldean".

Instalazio aldetik euren mugak dituzten arren, ikastetxeak garrantzi handia ematen dio kirolari eta bere garapenari. Kirolaren baloreak sustatzen eta hedatzen saiatzen dira, eta urtero, Espainia mailan antolatzen diren Marianisten Olinpiadetan parte hartzen dute. "Eguberrietan egiten da olinpiada hori, eta Espainiako ikasle marianista asko biltzen da bertan", esan du Lizarribarrek.

Taekwondoa

Eskola kirolaren barruan dauden saskibaloia, areto futbola, hondartza futbola, mini saskibaloia eta eskubaloia erakusten dituzte ikastetxean. "Baina kirol ezagun horiekin batera -dio Lizarribarrek-, gimnasia erritmikoa, taekwondoa eta txikientzako kirol eskola ere eskaintzen ditugu ikastetxean".

Beste hainbat kasutan bezala, mutiletan futbolak du arrakasta handiena, eta neskatan, berriz, saskibaloiak. Kirolarekiko interesari dagokionez, Iker Lizarribarrek aipatu du Lehen Hezkuntzako ikasleak direla gehien parte hartzen dutenak kiroletan eta kirolaren inguruko ekintzetan. "Bigarren Hezkuntzan neskak dira eskola kirolean jarraitzen dutenak, eta mutilak, aldiz, Donostiako futbol talde ezberdinetan jokatzen hasten dira adin horretan".

Gaitasunak landu

Ikasleen adinaren arabera, ordea, kirola era ezberdinean jorratzen dela ikastetxean nabarmendu du kirol koordinatzaileak. "Adin edota etapa bakoitzeko, haurrek gaitasun ezberdinak landu behar dituzte, helduak direnean gaitasun guztiak landuta eta garatuta izan ditzaten".

Ikastetxean ez ezik, hortik at ere kirol jarduera ezberdinak dituzte Belen ikastetxeko ikasleek. Hala, "lehen aipatutako olinpiada horrez gain, Donostiako belodromoan Kirolez Blai deritzogun egun osoko kirol jarduerak antolatzen ditugu urtean bitan ikasle guztientzat; maila bakoitzak ere, bere mendi irteerak izaten ditu". Horrekin batera, hiriko kirol talderen batekin ere badu lankidetza hitzarmenik. "Saskibaloiaren kasuan adibidez, Atlético San Sebastián klubarekin dugu hitzarmena", azpimarratu du Iker Lizarribar Belen ikastetxeko kirol koordinatzaileak.


OHARRA
MUGI!-N

ZUEN ZAIN GAUDE!
Ikastetxe guztiei irekita dagoen tartea da honako hau. Ikastetxeok bertako kirol jardueren inguruko edonolako informazio, albiste, datu edo argazkiren bat argitaratu nahi izanez gero, hauxe duzue zuen txokoa, zuentzat espresuki zabaldutako leihoa.