Paintball


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 31 2006/11 »  Paintball

Egin ezazu saioa

PAINTBALL
Koloretako tiroak
Lasai, ez dute minik ematen-eta! Bi talde eremu baten barruan dabiltza elkarren aurka, eta batak besteari kolorezko bolak jaurtitzen dizkio pistolaz. Paintballa da.
Adrenalina askatzeko jarduera aproposa da paintballa. Atari zabalean nahiz areto barruan egin daiteke, eta ariketa, natura, estrategia, taldeko jokoa eta umorea nahasten ditu. Garrantzitsuena, ordea, askatzen den adrenalina kopurua da. Mundu osoan jokatzen da paintball-ean, eta gazteek, helduek, emakumezkoek, gizonezkoek.. edonork praktika dezake. Hori bai, gutxienez 14 urte izan behar dira honetan jarduteko. Hortik behera, heldu baten laguntza beharko litzateke.

Bi talde aritzen dira normalean paintballean, eta bakoitza maskara babesgarri batekin eta aire konprimituz edo CO2-z elikatzen den pistola markatzaile batekin ekipatuta dago. Pistola horiek 30-40 metro luzeko distantzia har dezaketen pinturazko bolak jaurtitzen dituzte, eta bola horiek gorputzera iristen direnean, lehertu eta zikingune nabarmena uzten dute. Bola horien pintura hori biodegradagarria da, ez da kutsagarria eta erraz garbitzen da (uretan bustiz desagertzen da). Bola horiek gelatinaz estalita daude –botiken kapsulak bezala–, eta elikagaien kolorantez beteta.

Kirol segurua da, ez du inolako arriskurik, pistolek jaurtitzen dituzten bolek ez baitute inolako kalterik eragiten. Paint­ballean jokatzeko, gainera, babesteko mozorroa derrigorrez erabili behar da.


Lehiaketa eta aisia
Paintballa bitan bana dezakegu: lehiaketa batetik, eta aisialdiko jarduera, bestetik. Lehiaketetan, hiru, bost, zazpi edo hamar jokalariz osatutako bi talde daude aurrez aurre, eta erdiko bandera edo bandera bikoitza jokoetara lehiatzen dira. Aisialdiko paintballean, joko kopurua eta iraupena aldagarriak dira, baita aldi berean joka dezaketen jokalari kopurua ere.

Gipuzkoan leku bat baino gehiago dago paintballean jokatzeko. Pasai Donibanen, Jaizkibel mendialdean, Paint­ball Donostia enpresak eskaintzen du horretarako aukera. Informazio gehiago, 661­­923592 telefonoan edo www.paintballdonosti.com web gunean. Deban, Lasturreko bailaran, Debaventura enpresak ematen du horretarako aukera. Informazioa, 660450245 telefonoan edo www.debaventura.com web gunean.