Gurpil gaineko hockeya


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 31 2006/11 »  Gurpil gaineko hockeya

Gaurkoa eta biharkoa

Lander Domingo eta Javier Alberdi
Gurpil gainean, errespetu bila
Lander Domingo (27 urte) eta Javier Alberdi (16 urte) Ibaiondo Donostiako gurpil gaineko taldeko jokalariak dira. Kirol ederra bezain zaila, biek ala biek hockeyko beste modalitateek duten begirunea aldarrikatzen dute.
“Hockeyan aritzen garela esaten dugunean, erantzuna berehalakoa da: izotz hockeyan ala belar hockeyan? Gurpil gaineko hockeyan jokatzen dugula diogunean, asko barrez hasten dira”. Lander Domingo Ibaiondo gurpil gaineko hockey taldeko jokalariaren hitzak dira horiek. Kirol hau gutxietsita dagoela aitortu du, hockeyaren barruan gutxiengo baten kirola delako-edo.

Edonola ere, Landerrek ez dio garrantzi handiagorik ematen komentario horri, alderantziz, “gurpil gaineko hockeya ikasteko zail samarra gerta daitekeen arren, oinarri bat hartu ondoren, oso kirol gustagarria da, ikaragarri gozatzen du jokalariak”. Kirol honetan hasteko, ordea, “patinatzeko teknika menperatu behar da lehendabizi, eta gero hasiko zara sticka eta bolaren teknikarekin” Patinatzen ikasi Iritzi berekoa da Javier Alberdi Ibaiondoko jokalari gazteena. Javier, beste hainbat gaztetxo bezalaxe, futbolean, saskibaloian eta eskubaloian jokatzen hasi zen. “Urte batean, ordea, aitak galdetu zidan ea patinatzen ikasi nahi nuen. Horretan hasi, ikasi, sticka eta bola hartu, eta berehala gurpil gaineko hockeyari heldu nion; ikaragarri gustatu zitzaidan”.

Ibaiondo nagusien mailako taldea bada ere, hiru urte daramatza Javierrek bertan. 13 urterekin sartu zen, taldeko gazteena da alde handiarekin, gainera. “Hala ere, oso ondo tratatzen naute taldekideek”. Landerrek, ondotik: “Besteek baino oihu gehiago jasotzen ditu, egia esan; erakusteko irrika horretan, agian batzuetan gehiegikeriaz jokatzen dugu berekin». Javierrek, dioenez, ordea, “ez da hainbesterako, nire hobe beharrez ari baitira”. Gurpil gaineko hockeyak Mundaiz ikastetxean du tradizio handiena, “eta hortik at, Donostian leku gutxitan erakusten da kirol hau. Horregatik, Ibaiondoren bizkarrezurra Mundaiz ikastetxeko ikasle ohiek osatzen dute”, dio Landerrek. Lehen B Mailan dihardu Ibaiondok, eta aurten, “aurreko bost urteetan saiatu ondoren, Lehen Mailara igotzea espero dugu. Ea zortea dugun”.

Patinak estreinakoz jantzi zituzten lehen egunekin ondo gogoratzen dira Lander eta Javier. Azken honek adierazi digunez, “patinak jantzi nituen lehen egunetan ez nintzen lurretik altxatzen; orekari eustea ia ezinezkoa zen niretzat, baina tira, pixkanaka moldatzen joan nintzen”. Landerrek, berriz, “etxeko terrazan jantzi nituen estreinakoz, eta handik gutxira aitak patin batzuk erosi zizkidan”.

Bi jokalariek argi dute edozeren gainetik kirol honekin gozatzen jarraitu nahi dutela. “Hortik aurrera -dio Javierrek-, etorri beharrekoa etorriko da”. Dena den, ia ezinezkotzat jotzen du elitera iristea, “Gipuzkoan eta Euskal Herrian ez baitago maila handirik, Katalunia edo Galiziarekin alderatuz, adibidez”.


Lander Domingo

Sorlekua: Donostia.
Adina: 27 urte.
Taldea: Ibaiondo.
Postua: atzean hobeto moldatzen da.
Javier Alberdi

Sorlekua: Donostia.
Adina: 16 urte.
Taldea: Ibaiondo.
Postua: erasoan hobeto moldatzen da.
Ikastetxea: Jesuitak, Lehen Batxilergoa.