Estitxu Pierola pilotaria


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 32 2006/12 »  Estitxu Pierola pilotaria

Erreportajea

Estitxuri familiatik datorkio pilotarako zaletasuna.
«Pilotaren beharra dut, nire ihesbidea da»
Txapelketetan parte hartzen duen emakumezko pilotari donostiar bakarra da Estitxu Pierola. Real Sociedad taldekoa, duela hamabost bat urtetik jokatzen du, gutxi gorabehera, gomazko paletan.
Aspalditik jokatzen al duzu pilotan?

Duela hamabost urtetik gutxi gorabehera, hemen emakumeen pilota sortu zenetik, hain zuzen ere.

Eta gomazko paletan, betiere?

Bai, nire amak betidanik jokatu izan du paletan bere herrian, lagun artean; nire aita, berriz, eskuzko pilotaria izandakoa da. Pilota beti presente egon da nire bizitzan.

Eta hasi zinenetik, nolakoa izan da emakumezkoen pilotaren bilakaera?

Hasieran gorakada egin zuen, gero, urte dezentez jende berdina aritu ginen lehian, betikoak ginen. Orain, berriz, Emakume Pilotari proiektuarekin askok jakingo dute emakumezkook ere pilotan dihardugula. Hedabideek ere kasu handiagoa egiten digutela jabetzen ari gara, eta hori primeran datorkigu, jakina.

Emakume asko al zarete?

Maila guztiak kontuan hartzen baditugu, Gipuzkoan hamar bat bikote izango gara, bai.

Aspalditik zabiltzatenak gehienak ala berriagoak ere bai?

Erdizka. Orain jokatzen ari garen Emakume Pilotari txapelketako bikoteak osatzeko orduan ere, beterano bat gazte batekin elkartu ditugu.

Donostiarrak, zenbat?

Nik dakidala, neu bakarrik nabil. Real Sociedad taldearekin jokatzen dut, Donostian talde gehiago ere badago, baina pilotari donostiar bakarra neu naiz, oker ez banago. Iraganean, emakumezko pilotari donostiar gehiago zegoen, baina orain, bakarrik geratu naiz, antza.

Emakume Pilotari proiektuarekin eskola kirolean ere sustatu nahi da emakumeen pilota. Bultzada handia izan daiteke hori, ezta?

Bazen garaia halako zerbait egiteko! Neskatxek ez dakite pilotan joka dezaketela, eta proiektu honekin gauzak asko aldatuko dira, hala uste dut behintzat

Gizonezkoen kirola dela uste al dute neska askok oraindik?

Aurreiritzi horiek baino gehiago, arazoa zen neskek ez zekitela orain arte pilotan jokatzea zutenik.

Emakume Pilotari Txapelketan jokatzen ari zara. Txapelketa ez ohikoa omen da hau. Zergatik?

Pilotari gazteek beterano batekin osatzen dute bikotea, eta hala, partidak orekatuagoak dira, eta gazteek lehen baino askoz gehiago gozatzen dute. Horrez gain, partida guztiak egun berean jokatzen ditugu, eta era honetan, jende gehiagok ikus ditzake geure lehiak.

Eta txapelketa irabaztea al da zure helburua?

Irabazteko aukerarik ez dudala badakit, baina hori ez da garrantzitsuena niretzat. Pilota bizio bat da, toki askotara joaten naiz pilotan egitera, eta bere beharra dut, nire ihesbidea da.


NOR DA?
Izena: Estitxu Pierola.
Jaioterria: Donostia.
Taldea: Real Sociedad.
Adina: 33 urte.