Eskrima


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 32 2006/12 »  Eskrima

Egin ezazu saioa

ESKRIMA

Pixkanaka hirian ezagutzera ematen ari den kirola da eskrima.
Mosketarien borrokak gogoan
Sablea, ezpata eta floretea, horiexek dira eskriman erabiltzen diren hiru armak. Aspaldiko dueluetan oinarritutako kirol hau Donostian bertan praktika daiteke.
Hainbat filmetan ikusi izan ditugu mosketariak eta mosketari ez direnak ezpatekin borroka egiten. Bada borroka edo norgehiagoka horiek daude eskrimaren jatorrian. Kirol honetan, bi aurkari daude aurrez aurre, eta batak besteari arma zuriarekin ukitzen saiatu behar du; hori sablea, ezpata edo floretearekin egin daiteke, horiexek baitira eskrimako modalitateak.

Kirol modalitate gisa XVI. mendean jaio zen eskrima, ezpatek borrokarako arma izateari utzi ziotenean, alegia. Lehen Joko Olinpiko modernoetako kirola izan zen gizonezkoetan, eta emakumezkoetan, 1960tik aurrera. Dena den, entretenitzeko eta lehiatzeko kirola izan daiteke honako hau.

Hiru arma Eskrima egiten duten zaleei tiratzaileak deitzen zaie, eta eskrima modernoan hiru arma erabiltzen dira: floretea, ezpata eta sablea. Altzairu epelez eginak, bakoitzaren xafla 89 cm luzekoa da; floretearen eta sablearen gehienezko pisua 500 gramokoa da, eta ezpatarena, berriz, 770 gramokoa.

Ideiak argi izatea ezinbestekoa da eskrimalariarentzat, eta abiadura mentala oinarrizkoa da arin erreakzionatu ahal izateko; prestakuntza fisiko egokia izatea ere garrantzitsua da. Donostian, Fortuna taldeak ematen du eskrima egiteko aukera aproposa. Informazio gehiago nahi duenak klub horretara bertara jo dezake (Tel.: 943-214900).


Eskrimako Modalitateak
Floretea. Oinarrizko modalitatetzat jotzen da. Arina eta malgua, kamustutako puntarekin ukituak egiteko erabiltzen da.

Ezpata modernoa. Estokadako arma da floretea bezala, baina bere eskuko babesa handiagoa da. Horrez gain, astunagoa eta zurrunagoa da.

Sable modernoa. Zalditeriako soldaduek erabiltzen zituzten armen antzekoa da, eta eskuaren azpira bihurritzen den hutsune formako babesa du. Ukitu edo puntuak sablearen puntarekin lor daitezke edota xafla-ahoarekin ebaki bat eginez.