Karmelo ikastetxea


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 32 2006/12 »  Karmelo ikastetxea

Ikastetxez ikastetxe

Niño De Jesus De Praga-Karmelo Ikastetxea
Gimnasia erritmikoa, tradizio handiko kirola
Amaran dagoen Niño de Jesus de Praga-Karmelo Ikastetxeak kirol eskaintza zabala du, eta nesken artean, gimnasia erritmikoak du tradizio eta arrakasta handiena.
Kirolari garrantzi handia ematen dio Niño de Jesús de Praga-Karmelo Ikastetxeak, eta urteak daramatza ikasleei kirol eskaintza zabala egiten edota txapelketa ezberdinak antolatzen. Kirolak lantzen dituen baloreak, taldeko lana, nork bere burua gainditzeko grina edo lehiakortasuna kasu, bizitzarako ere guztiz baliagarriak direlakoan egiten dute lan ikastetxe horretan. Hala, kirol eskaintza hori ekintza ezberdinen bitartez luzatzen die ikasle, irakasle eta gurasoei, nahiz eta garrantzitsuena ikasleei zuzendutakoa izan. Hamar urte Saskibaloiak, futbolak, pilotak edo beste kirol arrakastatsu batzuk alde batera utzita, Karmelo ikastetxean hain ezaguna ez den kirol batek tradizio handia du, gimnasia erritmikoak, alegia. Hamar urte daramatzate ikastetxe horretan kirol hau erakusten eta egiten, eta gogorra izan arren, neskek gogokoen dutena da.

Goiz samar, zortzi-bederatzi urterekin hastea komeni da modalitate honetan, eta poliki-poliki gorputza eta teknika landu behar dira, bi horien arteko nahasketak dakarrelako arrakasta gimnasia erritmikoan. Maria Garayar Karmeloko ikasle eta gimnasta bat da, eta berak aditzera eman digunez, “gimnasia erritmikoan banaka eta taldeka lehiatzen gara tapiz baten gainean, eta bost aparatutan banatuta dago”. Gimnasta ona izateko, “malgutasuna, oreka eta koordinazioa beharrezkoak dira, eta oso lagungarria da gaztetxoen gorputz heziketarako”.

Txapeldunak Euskadiko txapeldun behin eta Gipuzkoako txapeldun bost aldiz banaka, Euskadiko txapeldun ere izan da Maria Garayar gimnasta, eta une honetan, bere urratsak jarraitu nahi dituzten beste 30 bat neska daude El Karmelon (LHko lehen mailatik DBHko bigarrenera arte).

Jaione Tejedor da ikastetxeko gimnasia erritmikoko taldearen arduraduna, eta berak aipatu duenez, “nire taldeko neskak oso gustura aritzen direla sumatzen diet, parte hartzen duten edozein lekutan buru-belarri aritzen baitira. Urte guztian jarduten dute lanean ikasturte amaierako erakustaldian edo udaberriko lehiaketan parte hartu ahal izateko”. Bere aburuz, ez litzateke harritzekoa izango neska horien artean etorkizuneko txapeldunen bat egotea, “eta horrela ez bada ere, jarrai dezatela kirol honekin gozatzen eta gero eta arrakastatsuagoa egiten”.