Ziklo krosa: Iker Puga


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 32 2006/12 »  Ziklo krosa: Iker Puga

Protagonista

Iker Puga ziklo kroslaria
«Elurretan lehiatzeko irrika handia dut»
Ziklo krosean dabilen estreinako denboraldia du Iker Pugak. Errepidean eskalatzaile petoa, neguko modalitatean lokatz handiko zirkuituak gustuko dituela aitortu du.
Zer moduz doa orain arte ziklo kroseko denboraldia?

Lehenengo urtea da ziklo krosean nabilena, eta egia esan, ez nuen gauza handirik espero. Dena den, nik uste baino modalitate gogorragoa da, hori bai; kirol honi buruzko beste irudi bat nuen, ez hain gogorra.

Hortaz, datorren urtean ez zara ariko ziklo krosean?

Bai, bai. Oso gogorra da, baina baita gustagarria ere.

Errepideko txirrindularitzarako prestakuntza gisa hartzen al duzu modalitate hau?

Nire helburu nagusia errepideko txirrindularitza da, iaz denboraldia prestatzeko pistan aritu nintzen, baina asko aspertzen nintzenez, aurten entrenatzaileari esan nion ez nuela pista egin nahi. Mendiko bizikleta eta pista probatuta nituen, baina ez ziklo krosa. Kasualitatez nire adiskide batek ziklo kroseko bi bizikleta zituen, bera aurten ez zela ibiliko esan zidan, eta hori jakinda niri uzteko eskatu nion, eta halaxe heldu diot neguko kirol honi.

Zirkuitu lehorrak, lokatz askorekin… Non moldatzen zara ondoen?

Zenbat eta lokatz gehiago, hobe niretzat, oso gustura aritzen naiz. Gorputz osoa lokatzez beteta duzu, aurpegia ere, ez duzu ikusten… Gauza ederra da lokatzetan lehiatzea. Egia da, ordea, ziklo krosean aritzeko nik baino ohitura handiagoa dutenak, ni baino askoz errazago ibiltzen direla lokatzetan.

Zure adineko txirrindulari asko al dago ziklo krosean dabiltzanak?

15-16 urte bitarteko bospasei gipuzkoar gabiltza ziklo krosean. Bizkaian esaterako, zaletasun handiagoa dago, nire adin inguruko ziklo kroseko 30 bat txirrindulari daude han, eta beraiek nagusitzen dira normalean.

Nolako entrenamenduak egiten dituzu?

Egia esan, etxetik hurbil ez dut leku askorik behar bezala entrenatzeko. Ulia aldera jotzen dut zenbaitetan entrenatzera, mendira… Jaizkibelera ere hurbildu izan naiz inoiz.

Hasiberria zara honetan, baina zer da zure ustez garrantzitsuena ziklo kroseko espezialista on bat izateko?

Bizikleta ondo erabiltzen jakitea, teknika ona izatea, baina batez ere indar handia izatea. Errepideko txirrindularitzan igotzailea naiz, eta juxtu antzean noanean zutik jarri ohi naiz; ziklo krosean, ordea, horrek ez du ezertarako balio, kosketan jauzi handiagoak egiten baitituzu. Indar handia baduzu, berriz, ez duzu zertan bizikletan altxa beharrik modalitate honetan.

Errepideko txirrindularitza ezagutzen duzu, baita ziklo krosa ere. Zein da gogorragoa?

Ziklo krosa, agian. Esplosiboagoa da, ordu erdiz topera joan behar duzu. Errepidean, berriz, lasterketak gehiago irauten du, erasoaldiekin, atsedenaldiekin…

Hotzarekin gogorragoa egingo da bada modalitate hau…

Hala diote. Oraindik negu gordina ez zaigu iritsi, baina elurretan lehiatzeko irrika dut: askoz zailagoa da, irristakorragoa da, baina gogo handia dut horrela ibiltzeko.

Eta, oro har, zein da gehien miresten duzun txirrindularia?

Alejandro Valverde da nire idoloa txikia nintzenetik, egundoko karrerista da.

Aizu, eta lasterketa amaitutakoan, bizikleta zikin-zikin eginda dagoenean, nork garbitzen du?

Nire aitak (kar, kar). Proba amaitu eta lehenbailehen dutxatu beharra dut, ezin naiz ibili tutu malguarekin garbitzen, bestela hozteko arrisku handia izango nuke. Nire aitak badaki hori bere zeregina dela, proba amaituta berak garbitu behar duela bizikleta, alegia.


NOR DA?

Izena: Iker Puga.
Sorlekua: Pasai San Pedro.
Adina: 15 urte.
Taldea: Allerru.
Ikastetxea: Pasaia-Lezo Lizeoa, DBH 4.