 |
|
 |
 |
Gaurkoa eta biharkoa
|
Gabriel eta Iñigo Beldarrain
|
37 urteko aldea dagoen arren aita-semeen artean, Gipuzkoako krosetan lasterketa berean korritzen dute.
|
|
Aita-semeak, nor baino nor
|
|
Ez da ohikoa aita-semeak une eta kirol berean lehiatzen ikustea, eta zailagoa oraindik proba berean biak aritzea. Bada, horixe bera gertatzen da Gabriel (51 urte) eta Iñigo Beldarrain (14 urte) aita-seme korrikalariekin.
|
Gipuzkoako kros lasterketetan kadete eta beterano mailako korrikalariak proba berean aritzen dira. Eta hortxe jarduten dute Gabriel eta Iñigo Beldarrain aita-semeek. Gabrielek 51 urte ditu, Iñigok 14, eta adinari dagokionez bien artean alde handia badago ere, paretsu ibiltzen omen dira lehiaketan daudenean.
Iñigok onartu duenez, “bion artean badugu lehiarik. Normalean kadeteok bizkorrago ateratzen gara lasterketan, baina pixkanaka beteranoak gure parera iristen joaten dira. Nire aitak beti harrapatzen nau, baina ez pentsa gero ihes egiten didanik!” Gabrielek, albotik: “Biak batera heltzen gara gehienetan helmugara, baina azkenean, esprintean bera nagusitzen zait”.
Bigarren urtez Hil honen 28an Donostiako Nazioarteko Krosa izango da, eta Iñigok bertan parte hartzeko asmoa du. “Nire bigarren urtea izango da, eta egia esan, iaz oso lasterketa gogorra iruditu zitzaidan”. Gabrielek, berriz, gehiagotan korritu du hipodromo aldean. “Hirutan korritu dut, guztira, eta nire xedea betiere atleta afrikarrek ni ez harrapatzea izan da. Fita Bayesa eta besteak ere oso atleta onak ziren, baina zorionez lortu nuen hiru alditan ni ez harrapatzea”.
Iñigok aitortu du aitak aholku asko ematen dizkiola. “Urte asko daramatza korrika egiten, eskarmentu handia du. Horregatik, bere aholkuak ez zaizkit falta, baina zenbaitetan astun samarra jartzen da”. “Saiatzen naiz -dio Aitak, gomendio batzuk ematen, baina ez dakit kasu handirik egiten didan…”
Futboleko epaile Berandu samar hasi zen Gabriel korrika egiten. “Gaztetan futboleko epaile izan nintzen 13 urtez, 31 urte bete nituen arte. Orduan ere korrika entrenatzen nuen. Garai hartako epaileek egun baino korrika gutxiago egiten zuten, baina ez dakit oraingoek baino okerrago arbitratzen zuten…”. Epaile izateari utzi, eta bere kasa korrika egiten segi zuen. “Behobia-Donostia maratoi erdia egin nuen… Ondoren, serioago hartu nuen, eta orain, nire kasa nabil”.
Iñigo, berriz, aitaren eraginez hasi zen honetan. “Txikia nintzenean, igandero Anoetara eramaten ninduen aitak korrika egitera, eta hala, hasi nintzen atletismoan”.
Krosean ez ezik, pistan ere aritzen dira aita-semeak. Iñigok 1.000 metroko lasterketan korritzen du normalean, eta Gabrielek denetarik egin du. “400 metroko probak egiten hasi nintzen, baina maratoiak ere egin ditut, eta azken modalitate honetan lortu ditu marka onenak”, azpimarratu du Gabriel Beldarrainek.
Biak ala biak Atlético San Sebastián taldekoak dira, gustura aritzen dira korrika egiten, lehiatzen, baina Iñigok argi utzi du gustatzen zaiolako egiten duela korrika, besterik gabe. “Ni baino korrikalari hobeak ikusten ditut neure inguruan, eta ez dut uste atletismotik aterako dudanik aurrera bizimodua”.
|
|
|
Gabriel Beldarrain
Sorlekua: Donostia.
Adina: 51 urte.
Taldea: Atlético San Sebastián.
|
Iñigo Beldarrain
Sorlekua: Donostia.
Adina: 14 urte.
Taldea: Atlético San Sebastián.
Ikastetxea: Santo Tomas Lizeoa, DBH3.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |