 |
|
 |
 |
Protagonista
|
Ainara Luque eskubaloilaria
|
Ainara, partida batean jaurtiketa bat egiten.
|
|
«Ohorezko Mailan jokatzea da nire ametsa»
|
|
1,77 metro luze den 14 urteko neska gazte hau Espainiako txapeldun izan da oraintsu Euskadiko selekzioarekin. Goleatzaile bikaina da bera.
|
Kadete mailako Espainiako txapeldun izan zara oraintsu Euskadiko selekzioarekin. Espero al zenuten halakorik?
Asmo horrekin gindoazen egia esan, izan ere duela pare bat urte finalera iritsi eta Kataluniaren aurka galdu egin genuen. Oraingoan ez genuen hutsik egin nahi, eta zorionez, gauzak ondo atera zaizkigu.
Lehiaketa gogorra izan al da Vigon jokatu duzuena?
Oso erregularrak izan gara, eta partida batean izan ezik, gainerakoetan bi gol baino gehiagoko errentaz irabazi ditugu gure norgehiagokak.
Finalean, jaun eta jabe izan zineten talde nafarrari 30-13 irabaziz. Halako partida batean hain erraz irabaztea ez da ohikoa.
Ez, baina gogo biziz atera ginen, eta entrenatzaileak argi esan zigun hasieran partida bikain bat egiteko moduan geundela, eta halaxe atera zitzaigun. Lehiaketa gogorra izan zen, nafarrak nekatuago heldu ziren azken partida horretara, eta hori neurketan zehar nabaritu egin zen.
Denbora asko daramazu Euskadirekin jokatzen?
Infantiletako lehen urtetik, hots, hau nire hirugarren urtea izan da selekzioarekin.
Nolakoak dira selekzioko kontzentrazioak, aspergarriak, luzeak?
Jende asko ezagutzen dugu kontzentrazioetan, adiskide berriak egiten dira, eta kontzentrazioek ere balio dute taldeek jokalari ezberdinak ikusi eta euren taldeetara eramateko, edo horretan ahalegintzen dira behintzat.
Ezker lateralean jokatzen duzu; kanpoko jaurtiketa izango da, hortaz, zure bertute nagusia…
Hori da behintzat nire entrenatzaileak dioena! Jaurtiketa ona dut, eta gol asko sartzen dut normalean.
Bera Bera taldearekin aritzen zara. Lehen taldera iristea da zure helburua? Zein da talde horretatik gogoko duzun jokalaria?
Ikaragarri gustatuko litzaidake Bera Berako lehen taldean jokatzea, jakina. Eta zein den gehien gustatzen zaidan talde horretako jokalaria? Orain lesionatuta dabil, baina nire postu berean jokatzen duen Esther Larreategik nola jokatzen duen asko atsegin dut.
Eta nola ekin zenion eskubaloiari?
Futbolean jokatzen nuen, baina ikastetxean futboleko emakumezkoen talderik ez zegoenez, nire amaren bitartez eskubaloia probatzeko aukera sortu zitzaidan. Eta begira, asko gustatu eta, primeran nabil.
Kontaktu handiko kirola dela diote eskubaloia. Hala al da?
Kolpe dezente jasotzen ditugu, bai, eta jokatzen dugun partidaren arabera, ubeldurak-eta gutxiago edo gehiago izan daitezke, baina ez da hainbesterako.
Eskubaloiko jokalaria izanik, zein da zure ametsa?
Nire helmuga edo ametsa Ohorezko Mailan jokatzea litzateke; ez dut beste ezertan pentsatzen. Hori izugarria litzateke niretzat
|
|
NOR DA?
Izena: Ainara Luque.
Sorlekua: Donostia.
Adina: 14 urte.
Taldea: Bera Bera.
Postua: ezker laterala.
Ikastetxea: Loiolako La Salle Ikastetxea, DBH3.
Altuera: 1,77 metro.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |