Ikastetxea: Antigua Luberri


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 34 2007/02 »  Ikastetxea: Antigua Luberri

Ikastetxez ikastetxe

Antigua Luberri Ikastetxea
Errugbian, sokatiran, boleibolen, saskibaloian... Ikastorduen barnean edo hortik kanpo, kirol jarduera ugari antolatzen ditu Luberri ikastetxeak.

Kirola, harremanetarako eta osasunerako tresna
Kirol jarduera oparoa dute ikasturte osoan Antigua-Luberri ikastetxean. Ikastorduetan nahiz ikastorduetatik kanpo, era guztietako kirol ekitaldiak eramaten dira aurrera.
2002. urtean berritutako kirol instalazioak dituzte Antigua-Luberri ikastetxean, baina hori hala izanda ere, ez dela nahikoa aitortu du Andoni Markiegi ikastetxeko irakasleak. «Ikasle kopuruaren hazkundea handia izan da, DBHko lehen zikloan sei ikasgela ditugu jada, 600 ikasle daude guztira, eta gure instalazioekin juxtu antzean gabiltza. Hasieratik dugu pilotaleku eta aterpe baten beharra».

Estalitako gimnasioan boleiboleko, saskibaloiko eta badmintoneko kantxak daude. «Dena den, gimnasioa ez da nahikoa, eta soinketako saioen erdia behar bezala egiteko, Benta Berriko kiroldegira jo behar dugu».

Andoni Markiegik aditzera eman duenez, Luberrin kirolak garrantzi handia du ikasgai gisa, jolas garaiko programetan eta orduz kanpoko kirol jardueretan. Jolas garaian, esaterako, ikasturte osoan zehar futbol eta saskibaloi ligaxkak egiten ditugu, ikasgela bakoitzak bere taldea izanik.

Orduz kanpokoen partaidetza ikusirik, ezin uka Luberriko ikasleen inplikazio maila handia denik; kirola tresna ezin hobea baita osasunerako, aisialdirako eta harremanetarako, eta ohiturak finkatzea garrantzi handia du adin honetan.
Kirol esparrua zabalduz

Ohiko kiroletatik aparte (futbola eta saskibaloia), «soinketan saiatzen gara esparrua zabaltzen, ikasleek gerora begira beste aukera eta trebezia batzuk izan ditzaten», dio Markiegik. Horien artean: badmintona, boleibola, sofbola, gimnasia, orientazioa, pilota...

Tartean ere, ikastetxetik kanpo saio bereziak antolatzen dituzte: mendizaletasuna, eskalada Pio Baroja kiroldegian, errugbia hondartzan, izotz irristaketako saioak Txuri Urdinen, eski irteerak... «Eta normala den bezala, ikasleak ikastetxetik at egiten diren saioak atsegin ditu».

Orduz kanpoko talde ugari daude Luberrin: nesken eta mutilen futbol eta saskibaloi taldeak... eta horrez gain, mahai tenisean, mendian, atletismoan, igeriketan eta pilotan ere badira taldeak. Guztira, 315 partaide (193 neska eta 122 mutil).
Giza baliabideak

Lehenengo zikloan jolasen bidez gehiago irakasten bada ere, bigarren zikloan eta batxilergoan kirolari edo jarduera fisikoari buruzko oinarri teoriko orokor batzuk irakasten saiatzen dira (gaitasun fisikoen garapenerako oinarrizko ezagutzak, giza gorputzeko mugimenduen sistematika, kirolarien ondorioak osasunean...

Ikastetxeko kirol jarduera horiek guztiak aurrera eramateko, jende talde zabalak egin behar du lan: laguntzaile taldeak (kirol batzordea eta taldeetako ordezkariak); koordinatzaile orokorrak; futboleko koordinatzaileak; saskibaloiko koordinatzaileak; 24 monitorek eta prestakuntza fisikoaren arduradunak.