 |
|
 |
 |
Mitoa
Txomin Perurena, Kas taldeko txirrindularia zenean.
|
|
Txomin Perurena txirrindularia
|
|
350 garaipen baino gehiago
|
|
Ez da Eddy Merckx edo Armstrong izan. Txomin Perurena txirrindulari oiartzuarra, ordea, lehiakorra zen edonon, eta 1970eko hamarkadan garaipen asko lortu zuen ziklo-krosean, pistan eta, batez ere, errepidean.
|
|
Sorlekua: Oiartzunen jaio zen 1943ko abenduaren 15ean. 62 urte ditu, hortaz.
Ikasketetan, eskasa: eskolan ez zen ondo moldatzen Txomin; aldiz, bizikletan primeran aritzen zen, eta enkarguak egiteko edo eskolara joateko bizikleta erabiltzen zuen betiere.
Arrautzak eta xerra: gaztea zenean etxeetan jateko askorik ez zela egoten gogoratu izan du maiz Txominek. Berak, ordea, bazkaltzeko xerra eta arrautzak eta afaltzeko arrautzak eta xerra jaten zituela onartu du. Bere anaiek ez zutela berdin jaten esan izan du, eta horregatik pribilejiatua zela.
Profesionala: 1966an profesionaletara jauzia eman zuen Fagor taldearekin. 1971 arte jardun zuen bertan, eta urte horretan Kasek fitxatu zuen; 1979an, berriz, Tekan aritu zen.
Bizikleta, zainetan: bizikletan ibiltzea maite zuen, eta horregatik, pistan, ziklo-krosean eta errepidean garaipenak lortu zituen. Hala ere, errepideko txirrindularitzan erakutsitako mailarengatik egin zen ezagun.
Denboraldi osoan, sasoian: otsaila aldean Andaluziako Itzulian lehiaketari heldu eta irailean amaitzen zuen denboraldia, Errioxako Itzulian. Orduan ez zuten medikurik, ez zekiten zenbat kilometro egiten zituzten eta zenbat egunez lehiatu behar ziren ere. Parte hartzen zuen lasterketa guztietan ahalik eta lan onena egitea zen bere helburu bakarra.
Eddy Merckx: txapeldun belgikarra izan da Txominek ezagutu duen txirrindulari handiena, zalantzarik gabe. Berak dioenez, Merckx Jainkoa zen, garaiezina otsailetik irailera arte. Dena irabazi nahi izaten zuen, eta pankarta bat ikusiko orduko esprintean hasten omen zen.
29 urte: 14 urte bete zituen txirrindulari profesional gisa eta 15 taldeko zuzendari. Euskal Telebistan txirrindularitzako esatari lanetan ere ibilitakoa da Perurena.
Palmaresa: estreinako garaipena Burdeos-Saintes lasterketan erdietsi zuen, eta 1972an 30 karrera irabazi zituen. Espainiako Itzulian hamabi etapa eta Giroan beste bi etapa irabazi zituen; 1974ko Tourreko mendiko sailkapena ere eskuratu zuen. Hori egitea lortu duen azkeneko euskal txirrindularia izan da Txomin Perurena. 350 proba baino gehiago irabazi ditu, guztira.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |