Zubisaltoa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 35 2007/03 »  Zubisaltoa

Egin ezazu saioa

Nahikoa adorerik bai?
Tentsioa gainetik kentzeko, adrenalina askatzeko abentura kirol aproposa da zubisaltoa. Hori bai, agian denok ez dugu hori egiteko ausardiarik, ala bai?
Zubisaltoak sentsazio bakarra eragiten du, amildegira soka batek bakarrik eutsita salto egitea ikaragarria da, eta lehen begirada batean oso jarduera arriskutsua dela badirudi ere, oso segurua da.

Zubisaltoa, finean, zubi batetik, eskaladako sokak erabiliz salto pendularra egitea da. Saltoa egin aurretiko erabakia hartzeko unea besterik ez du eskatzen; gainerakoa, adrenalina hutsa da. Ez da prestakuntza fisiko berezirik behar, baina jauzia egitean egoten den tentsioa dela eta gaitzik ez izatea eskatzen da.

Horrez gain, 14 urte edo gehiago izatea eskatzen da zubisaltoa egiten hasteko. 16 urtetik beherakoek bere gurasoen baimena eraman behar izaten dute.

Jauzia egiteko orduan ez da ezer berezirik jakin behar; behar den gauza bakarra da barandatik askatu eta amildegira jauzi egiteko borondatea, erabakia eta adorea. Estreinakoz egiten den saltoa bizkarrez edo kukubilkoan barandari helduz izaten da normalean. Bigarrengoa ahaleginean, berriz, jauzilariak emozio handiagoa bilatzen du normalean, eta halakoetan, behera begira, aurrez aurre egiten du salto lurrari begira.

Donostian bada zubisaltoak egitea eskaintzen duen enpresarik, Caroc Natura eta Abentura, esate baterako (943 320737, www.carocaventura.com).


Zubisaltoa egiteko lekuak

Abentura kirol hau egiteko zubi bat baino gehiago dago Euskal Herrian, baina autopistan aurkitzen direnak ezin dira erabili. Zubiak zabala baino bi aldiz luzeagoa izan behar du gutxienez, eta baranda sendo bat zubisaltoko gailu guztiak egoki prestatzeko.

Zubisaltoa egiteko leku egokia Azkoitian dago, Azkarate mendatetik hurbil. Ia asteburuero ikus ditzakegu taldeak jauzi egiten. Tolosako zubia mitikoa izan da, halaber, baina baranda herdoilduta dagoenez eta zubiaren azpian zuhaitz bat hazten ari denez, leku arriskutsu bihurtu da. Azkoitikoaz gain, honako beste leku hauetan ere egin daiteke zubisaltoa: Sobronen (Araba); Lekeition eta Ondarroan (Bizkaia) eta Araotzen (Gipuzkoa).