Urpekariak


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 35 2007/03 »  Urpekariak

Gaurkoa eta biharkoa

Oscar eta Ibon Mayor

Oscar eta Ibon, Donostiako portuan trasteak hartuta.

Sara Santos

Urpeko gizakiak
Donostian urpekaritza egiteko aukera handirik ez duten arren, Oscar (38 urte) eta Ibon Mayor (16 urte) aita-semeek jarduera hau maite dute.
Urpekaritzaz hitz egiten dugunean, askok istripuekin, arriskuarekin lotzen dute. Oscar Mayor Buceo Donosti denda eta klubeko nagusiak ziurtatu duenez, ordea, «gaur egun dagoen heziketarekin eta aurrerapen teknologikoekin jarduera hau oso segurua da. Garai batean kirol arriskutsua izan zitekeen, baina orain edonork praktika dezake urpekaritza». Oscarrek aipatu du beste edozein kiroletan urpekaritzan baino istripu gehiago eta larriagoak izaten direla. «Egia da, ordea, urpekaritzan zerbait gertatzen denean hedabideetan oihartzun handia izaten duela». Horrez gain, zera argitu nahi du. «Urpean hiltzen den %80 baino gehiago urpeko arrantzan dabiltzanak dira, eta ez urpekaritza egiten dihardutenak; hortaz, bi modalitateak ez dira nahastu egin behar».

Urperatzeko adina Herrialde askotan 8 urtetik aurrera urpekaritza egin daiteke. Euskal Herrian, berriz, 16tik aurrera. Oscarrek 38 urte ditu eta txikitandik maite izan du itsasoa, eta berehala urpean ibiltzen hasi zen. Ibon bere semeak, berriz, 16 urte ditu, «eta txiki-txikia nintzenetik aita beti ezagutu izan dut urpekaritza egiten; asko gustatzen zitzaidan aita urpean ibiltzen ikustea, eta ikastaro bat egiteko aukera izan nuen estreinako aldian, ez nuen bitan pentsatu».

Urpean grabitaterik ia ez izate hori, «egoera oso atsegina da –dio Ibonek–, eta ur azpian dagoen lasaitasun hori ere... deskribaezina da. Beste mundu batean zaude, finean, bertan egon denak bakarrik ezagutzen duena; hori behar bezala azaltzea oso zaila da».

Oscarrek semearen hitz guztiak berretsi ditu, eta hori gutxi balitz, urpekaritza terapeutikoa dela ere ziurtatu du. «Urpean lortzen den lasaitasun, erlaxazio sentsazioa bizitzako beste egoera oso gutxitan lor daiteke; ikusi besterik ez dago itsasoko ura zenbat erabiltzen hasi diren terapia ezberdinak aplikatzeko; estresari aurre egiteko ezin hobea da, esaterako».

Zaletasun handia Ibonek argitu duenez, «urpekaritza barren-barreneraino heldu zaidan zaletasuna da, pasio bat, eta ahal dudanean urpekaritzako irakasle izaten ahaleginduko naiz». Oscarrek, ondotik: «Horretarako, ordea, lan handia egin beharko du; asko engantxatzen duen jarduera da urpekaritza, eta zaletasun hori beti izango du nire semeak. Hala ere, irakaslea izateko itsasoa asko maite behar da eta dakizun guztia denei erakusteko irrika izan; oso lotua da, besteek jai dutenean lanean gabiltzalako».

Edonola ere, Oscarrek onartu du bere semea primeran ibiltzen dela urpean. «8 urte zituenetik sartzen da ur azpian, aspalditik ezagutzen du mundu hau, gauza asko ditu ikasteko, baina beste hainbat ikasita ditu». Hori entzun eta Ibonek adierazi du bere aitak asko erakutsi diola. «Ez du sekreturik niretzat, eta dakien guztia niri erakusten ahalegintzen da betiere».

Ibonek argitu du bere adiskideak konbentzitzen saiatu dela urpekaritza egin dezaten. «Behin probatu zuten, eta bati asko gustatu zitzaion; beste bati, berriz, ez gehiegi, egia esan behar bada».

Oscar Mayorrek Igara auzoan du Buceo Donosti bere denda, itsasaldetik urrun samar. Donostian urpekaritza egiteko dauden traba guztietaz kexatu da Oscar. «Ez dago kirol porturik, portu txikia du, eta inguruan duen aparkaleku eskasa kontuan izanda, urpekaritza edo bestelako uretako beste jardueraren bat egitea oso zaila da; azpiegitura desegokiak ditu horretarako, eta hori dela eta, gure kasuan behintzat Pasai aldera jo beharra dugu».



Aita-semeak Buceo Donosti urpekaritzako euren dendan.


Oscar Mayor

Sorlekua: Donostia.
Adina: 38.
Kluba: Buceo Donosti.
Ibon Mayor

Sorlekua: Donostia.
Adina: 16 urte.
Kluba: Buceo Donosti.
Ikastetxea: Usandizaga, Lehen Batxilergoa.