La Asunción ikastetxea


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 35 2007/03 »  La Asunción ikastetxea

Ikastetxez ikastetxe

LA ASUNCION IKASTETXEA

Astean zehar, gogor entrenatzen dute ikasleek.

Sara Santos

Aukerako kirol instalazioak
Duela bost urte La Asuncion ikastetxeak kirol instalazioak berritu zituenetik, kirolaren gaineko interesa areagotzen joan da ikasleen artean.
La Asuncion ikastetxeak betidanik eman dio garrantzia kirolari, baina duela bost urte eten bat egin zuten bertako kirol instalazioak berritzeko. Hala ere, Juan Carlos Duque ikastetxeko kirol koordinatzaileak aditzera eman digunez, «urtero-urtero gero eta kirolari gehiago dugu geure artean».

Une honetan dituzten kirol instalazioekin oso gustura daudela azpimarratu du kirol koordinatzaileak. Belarrezko eta hartxintxorrezko futbol zelai bana, saskibaloiko bi kantxa, boleibolekoa, eskubaloikoa, pilotalekua, gimnasioa eta aldagelak dituzte. «Ditugun instalazioekin oso gustura gaude eta aproposak dira praktikatzen ditugun kirolak behar bezala garatzeko».

Arrakasta Ikastetxe askotan bezala, futbolak du arrakasta handiena La Asuncionen ere, «baina boleibolak ere indar handia du. Horrez gain, saskibaloia, eskubaloia eta gimnasia erritmikoa ere egiten dira».

Azken kirol horrek, gimnasia erritmikoak, du garrantzi handiena nesken kasuan. Hain ezagunak ez diren kirolen kasuan, ikasle batzuk karaten edo piraguismoan ere aritzen dira. «Soinketa orduan ere –dio Duquek–, pilota, atletismoa, hockeya edota beisbola ere irakasten dira».

Kirol instalazioen berrikuntzen ondorioz, «ia zerotik hasi behar izan genuen kirolean; hala ere, azken hiru urteotan kirolak gora egin du gure ikastetxean eta jarritako helburuak erdietsi dira. Eskolako neska-mutilen %33k eskola kiroletan parte hartzen du (alebinetan eta benjaminetan), eta nesken inplikazio maila urtetik urtera igotzen ari da», aipatu du Juan Carlos Duque kirol koordinatzaileak.

La Asuncionek benjamin eta alebin mailan taldeak ditu ia kirol guztietan: futboleko bi talde; saskibaloikoko hiru; eskubaloiko bi; gimnasia erritmikoko bi; boleiboleko hiru talde (federatuak)... Asteburuko partidaz gain, «astean zehar pare bat entrenamendu burutzen dituzte».

La Asuncion ikastetxeak 125. urteurrena ospatzen du aurten, eta hori dela-eta, kirol saio berezia antolatuko dute.



Kirol instalazioak berritu zituztenetik, ikasleak erosoago ibiltzen dira jolas garaian.