Elkarrizketa: Angela Vilariño


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 36 2007/04 »  Elkarrizketa: Angela Vilariño

Elkarrizketa


Kaskoa da Angelaren adiskide onena minik ez hartzeko garaian.

Sara Santos

Angela Vilariño emakumezko euskal pilotu onena
«Pilotua izateko presiorik ez dut inoiz sentitu etxean»
Emakumezkorik apenas dagoen kirol honetan, aita eta anaiarekin lasterketa berean elkarrekin lehiatzearekin egiten du amets Angela Vilariñok. Horrez gain, aurten ere Europako Mendiko Txapelketa irabazi nahi du.
Europako Mendiko txapeldun iaz, aurten zein helburu duzu?

Titulu horixe bera errepikatzea, baina batez ere sailkapen nagusian iaz baino emaitza hobea lortzea. Hamaikagarren sailkatu nintzen iaz, eta ea aurten aurrerago amaitzerik dudan.

Automobilismoa bezalako kirol batean, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko aldea handia al da?

Prestakuntza fisiko ona izatea garrantzitsua da automobilismoan ere, eta nesken eta mutilen arteko alde fisiko hori badago beraz, nabaritzen da, baina erresistentzia handiko lasterketetan, batez ere.

Gizonezkoen kirol batean emakumezkoa izateak mesede egin dizu ala ez?

Ez dakit, niri benetan mesede egin didana zera izan da: Andres aita eta Ander nire anaia inguruan izatea; beraiek erakutsi didate dakidan guztia. Hortik aparte, automobilismoaren barnean, antolatzaileen aldetik emakumezkoa izategatik ez dut tratu berezirik jasotzen, ez dut hala nabaritzen behintzat. Zaleen aldetik, aldiz, lasterketan nabilenean zaleek badakite emakumezkoa naizela, eta egia da animo handiak ematen dizkidatela. Ez dakit emakumezkoa izateagatik den edo ez, baina asko animatzen naute, eta eskertzekoa da, dudarik gabe.

Vilariñotarrek automobilismoa maite duzue. Hala izanik, ezinbestekoa zen zeu ere pilotu izatea?

Hala uste dut. Dena den, aitortu beharra dut nire anaia Ander baino geroago hasi nintzela automobilismoan. Etxean inoiz ez dut presiorik sentitu automobilismoan sartzeko, inork ez nau derrigortu. Zirkuituan kartingean ibiltzen hasi nintzen, gero nire gurasoek Olaberriako zirkuitua ireki zuten.

Noiz gidatu zenuen auto bat estreinakoz?

Ez nago ziur, baina uste dut hamar bat urterekin gidatu nuela kart bat estreinakoz, Bilbaon.

Aizu, eta umea zinela ere jostailuzko autoekin jostatzen zenuen?

Ez, ez txikitan Barbie panpinekin jolasten nuen, denbora asko pasatzen nuen horiekin jolasten, baita Nenuco panpinekin ere…Beste hainbat neskatxa bezala, hain zuzen ere.

Aita eta anaiarekin autoan zoazenean, zuri gidatzen uzten al dizue?

Bai, bai, horixe bakarrik falta genuen! Gidatzeko hartzen dugun autoaren arabera, batak edo besteak gidatzen du, aitak, anaiak edo neuk, noski.

Edozein emakumek egin dezakeen kirola al da automobilismoa?

Hasiera batean behintzat bai, baina pixkanaka-pixkanaka hasi behar da. Automobilismoaren oinarria kartingean dago, bertan ikasten da pilotua izaten eta autoak gidatzen; hortik aurrera, ekinaren ekinez denborak jarriko zaitu zeure lekuan.

Aurten ere Europako Mendiko Txapelketan diharduzu. Etorkizunean ere lehiaketa honetan jarraituko al duzu?

Denboraldi honetan Europako Txapelketan ari naiz, baina gero agian beste zerbait egin dezaket. Erresistentziazko lasterketaren bat egitea ere pentsatzen ari gara aurten bertan, Frantzian. Taldekako lasterketa bat izango litzateke, eta nire aita eta anaiarekin batera korrituko nuke.

Familian korritzeak ilusio handia egingo dizu, ezta?

Ikaragarria. Le Manseko 24 Orduen antzeko lasterketa litzateke, baina askoz laburragoa, eta egia esan, irrikatzen nago lasterketa hori egin ahal izateko.

Mendiko lasterketetan elitean zaude, baina hemendik atera dezakezu bizimodua?

Ez, ez. Bat Formulan ez bazaude edota Munduko Rally Txapelketan aritzen ez bazara behintzat, oso zaila da automobilismotik bizimodua aurrera ateratzea.

Hortaz, gero zer?

Ez dakit, nire asmoa ahalik eta denbora gehien korritzen jarraitzea da. Babesleak eta bitartekoak baditut korritzeko, honetan segiko dut, baina ezingo banu, ikasketei heldu eta zerbait egin beharko nuke, beste edonork bezala.

Bat Formulan emakumezkoren batek parte hartzea posible ikusten duzu?

Zaila ikusten dut, publizitate handia izango luke horrek, baina gizonezko batek baino prestakuntza fisiko txikiagoa duenez emakumezkoak, oso konplikatua ikusten dut hori gertatzea.

Zer egin beharko litzateke Donostian edo Euskal Herrian emakumezko pilotu gehiago atera daitezen?

Automobilismorako zaletasun handia dago Euskal Herrian, hori ez da arazoa. Kirol garestia da, eta diru aldetik laguntzarik ez baduzu, oso zaila da kirol honetan aurrera egitea, oso konplikatua da.

Zer esango zenieke emakumezkoek gidatzea arriskutsua dela pentsatzen dutenei?

Emakumezkoa edo gizonezkoa izan, denok sartzen dugula hanka.

Zure anaiak istripu larria izan zuen iaz lasterketa batean. Zuri antzeko zerbait gertatzeko beldurrik ez?

Beldurra beti hor dago, eta egia esan behar badut, nire anaiarena gertatutakoaren ostean, benetan honetan segitzea merezi duen galdetu izan diot neure buruari. Gero, ordea, hotzean, oso-oso zaila da atzera egitea. Kaskoa jartzen duzunean dena ahazten duzu eta istripua izateko kezkak eta beldurrak di-da batean uxatzen dira.

Ez duzu inoiz istripurik izan?

Susto txikiren bat izan dut, baina ezer seriorik ez, eta hala jarraitzea espero dut…

Beste modalitateak baino arriskutsuagoa al da mendiko automobilismoa?

Modalitate bakoitzak bere arriskuak ditu, baina mendiko lasterketak ezberdinak dira, proba hauetan ez dago ihesbiderik. Mendian babes hesia, amildegia edo harresia duzu, ez besterik.

Zer esan zizuen zeure adiskideek halako arriskua izan dezakeen kirol bat praktikatzen hasi zinenean?

Txikitatik ditudan lagunek nire familia ezagutzen dute, badakite zer nolako zaletasuna dugun automobilismoaren inguruan, eta egia esan, espero zuten ni ere gasolina usainean aritzea. Beste batzuk gehiago harritu ziren, baina txikitatik ezagutzen nautenak ez ziren harritu.



Angela, Olaberriako zirkuituan, bere txakurrekin jolasean.
«Benetan honetan segitzea merezi duen galdetzen diot zenbaitetan neure buruari»
nor da?

Izena: Angela Vilariño.
Sorlekua: Donostia.
Bizilekua: Hondarribia.
Adina: 21 urte.
Autoa: Norma M20 F-2007.
Palmaresa: Mendiko Europako txapeldun emakumezkoetan (2006); Mendiko Euskadiko txapeldunorde sailkapen orokorrean (gizonezkoak eta emakumezkoak batera 2005); Karting Erresistentziako Euskadiko txapeldun (2001); Juniorretako Kartingeko Euskadiko txapeldun (2000-1999)…

di-da batean

Gehien miresten duzun pilotua? Andres nire aita eta Ander nire anaia.

Gustukoen duzun lasterketa Asturiaseko Fitoko igoera, beharbada.

Autorik gogokoena? Gasoila erabiltzen duen edozein, eta erregai gutxi gastatzen duena.

Amets bat? Le Manseko 24 Orduak aitak, anaiak eta hirurok batera korritzea.

Oporrak igarotzeko leku bat? Leku lasai bai. Hainbeste bidaiekin etxea bezalako lekurik ez dago inon.

Plater bat? Pasta edozein eratara prestatuta.

Edari bat? Ura.

Pelikula bat? Diamantes de Sangre.

Aktore bat? Leonardo DiCaprio, adibidez.

Zaletasun bat? Zinera joatea, bizikletan ibiltzea...