 |
|
 |
 |
Elkarrizketa
Futbolari donostiarra bere taldearen estadioko harmailetan eserita.
|
|
«Ingalaterrako futbol liga Europako indartsuena da»
|
|
Bigarren aldiz jokatu du Txapeldunen Ligako finala Xabi Alonsok Liverpoolekin. Herrimina baduen arren, oso gustura dago Ingalaterran.
|
|
Xabi Alonso Futbolaria
|
Txapeldunen Ligako final erdietan lautik hiru talde ingelesak izan dira. Europako Liga onena al da Ingalaterrakoa?
Momentu honetan, beharbada, liga indartsuena da, bai. Taldeen mailari dagokionez eta marketing nahiz datu ekonomikoei begiratuz, oso liga garrantzitsua da. Horrez gain, astean zehar jokalariok Espainian baino lasaiago egiten dugu lan, eta asteburuetan partidak jokatzen ditugunean, estadioetan izaten den giroa paregabea da.
Txapeldunen Liga bigarren aldiz irabaztea ikaragarria litzateke zuretzat.
Ez dut pentsatu ere egin nahi... Eta berriro Milanen aurka!
Hiru denboraldi daramatzazu Liverpoolen. Zer moduz bizi zara Ingalaterran?
Ondo. Donostiarekin alderatuta, oso hiri ezberdina da; herrialde ezberdinak dira biak, kultura ezberdinak, baina hona etorri nintzenean, banekien hala izango zela, eta hasieratik ondo samar moldatu nintzen. Hango bizimodura ohituta nago.
Zer da hango bizimodutik, ohituretatik gehien gustatzen zaizuna eta zer gutxiena?
Gehien gustatzen zaidana da Ingalaterran zaleek futbolaren gainean oso jarrera baikorra, ona dutela. Gutxien gustatzen zaidana? Negua iristen denean, berehala iluntzen du, 15:00ak 15:30ak alderako ilundu egiten du, eta hori oso gogorra egiten zait. Horrez gain, Euskal Herriko gastronomia nolakoa den badakigu, eta hemen ez daukagu halako janari goxorik, inondik ere.
Donostiako gastronomia ala Donostiako hondartzak, zer botatzen duzu faltan gehiago?
Janaria, zalantzarik gabe. Hondartzarik gabe egotea eramangarriagoa egiten zait; hemen leku interesgarri asko dago, eta hondartzaz ez naiz hainbeste gogoratzen.
Hain berezia al da Anfield Road zuen estadioan jokatzea?
Oso berezia. Hasteko, egitura aldetik harmailak oso ezberdinak direla konturatzen zara; zelai oso itxia da, zaleen burrundara, soinua estadio barruan geratzen da, eta giro hobea dagoen sentsazioa ematen du. Horretaz aparte, zaleen jarrera animatzeko partida hasi aurretik txundigarria da, jokalariak asko babesten dituzte. Donostia aldetik gure partida bat ikustera etorri den edonorentzat, esperientzia ahaztezina da Anfielden egotea.
Kirol emaitzak alde batera utzita, zer eman dizu Ingalaterrako futbolak, zertan hobetu duzu han zaudenetik?
Ingalaterrara joatean, beti zalantza duzu nola moldatuko zaren bertako bizimodura, taldera… Hasieratik, ordea, ondo samar moldatu naiz, eta urtez urte Txapeldun Ligan jokatzeak, tituluak irabazteak eta beste dimentsio bateko talde batean egoteak asko laguntzen dizu futbolari gisa hazten joateko.
Orduan ez duzu pentsatzen Donostiara, Realera bueltatzea inoiz?
Ez nuke halakorik esango inoiz! Orain oso gustura nago Liverpoolen, baina inoiz ez bueltatzea… Nork daki, bizitzak eta futbolak buelta asko ematen ditu.
Dena den, futbolari gisa, Realarekin Ligan lortutako bigarren postu hura berezia izango da zuretzat ala?
Bai, bai. Denboraldi hura berezia izan zen, eta parte hartu genuenontzat oso berezia izango da beti. Hain gertu ikusi Ligako titulua, baina azkenean lortu ez izana penagarria izan zen niretzat eta taldekide guztientzat.
Talde txuri-urdina hain gaizki ikustea pena handia emango dizu. Zer gertatzen zaio taldeari?
Urrutitik ez ditut Realaren partida asko ikusi, baina anaiarekin eta beste jende batekin hitz eginez, gertatzen denaren pertzepzioa jaso dut. Pentsa dezaket jokalariak nola pasatzen ari diren. Hasieratik hor behean sartzea eta pixkanaka aldeak handitzen ari direla ikustea hori zaila da ondo eramatea, baina ea azkenean euren helburua lortzen duten.
Mikel Alonso zure anaia nagusiak Realean jokatzen du, Periko Alonso zure aitak Realean eta Barçan jokatu zuen... Beti futbolaz hitz egiten al duzue etxean ala nazkatuta zaudetelako-edo, nahiago duzue beste zerbaitetaz hitz egitea?
Hainbat gauzaz hitz egiten dugu. Futbola beti presente dago, hori ez dizut ukatuko, baina beste edozein familiatan bezala, denetaz hitz egiten dugu, eguneroko bizitzako gauza txikienez ere.
Txikitandik beti futbolean jokatzea gustatu izan al zaizu ala beste kirolen bat nahiago zenuen?
Ikastolan kirol pila egiten nuen. Saskibaloian, frontoian erraketarekin edo eskupilotan aritzea ere asko gustatzen zitzaidan; bizikletan ere ibiltzen nintzen, korrika… baina batez ere futbola nuen gustuko. Nire anaiarekin, adiskideekin beti kirol giroa arnastu izan dut, txikitandik oso kirolzalea izan naiz.
Eta beti zelai erdian jokatu izan duzu?
Txiki-txikia nintzela denetarik probatu nuen, baina talde batean hasi nintzenean jada, hasieratik zelai erdi-erdian jartzen ninduten.
Eta zer moduzko ikaslea zinen? Nota onak ateratzen al zenituen?
Ikasle bikaina ez nintzen, baina ikasturtea beti ondo amaitzen nuen, ikasgai guztiak gaindituz.
Gurasoek kexatzeko arrazoirik ez zuten, hortaz?
Tira, gurasoek badakizu beti dutela kexatzeko arrazoiren bat.
|
Liverpooleko instalazioetan.
|
nor da?
Izena: Xabi Alonso.
Sorlekua: Tolosa.
Adina: 25 urte.
Altuera eta pisua: 1,83 metro eta 75 kilo.
Taldea: Liverpool.
Postua: erdilaria.
Kirol ibilbidea: Antiguoko, Reala B, Eibar, Reala eta Liverpool.
Iruzkina: Txapeldunen Liga bat irabazita du Liverpoolekin, eta maiatzaren 23an Txapeldunen Ligako beste final batean aritu zen. Urtero, bere izena talde handi askoren agendetan azaldu ohi da.
|
Gogor entrenatzeaz gain, ondo pasatzeko tartea ere izaten dute Xabik eta bere taldekideek, futbolinean, esate baterako.
|
di-da batean
Gehien miresten duzun futbolaria?
Milango Kaká brasildarra.
Munduko estadio erakargarriena jokatzeko?
Nirea, Liverpooleko Anfield Road.
Kirolari onena?
Michael Jordan eta Miguel Indurain.
Futbol talde bat:
Cruyffen garaiko dream teama, Barcelona.
Amets bat?
Munduko Txapelketa irabaztea edo Txapeldunen Ligako beste titulu bat eskuratzea.
Plater bat?
Kokotxak.
Pelikula bat?
Casablanca.
Aktore bat?
Robert de Niro edo Clint Eastwood.
Edari bat?
Udan, garagardo hotz bat oso ondo sartzen zait.
Donostiako txoko bat?
Costa Vascako kafetegira gosaltzera joatea asko gustatzen zitzaidan.
Oporretan galtzeko leku bat?
Leku asko, ezingo nuke bakar bat esan.
Zer nolako kotxea duzu?
Porsche Cayenne bat.
|
|
Periko, Mikel eta Xabi
|
Futbola, goi mailako futbola Alonso familiaren hizpide nagusia izan da betidanik. Periko Alonso aita eliteko futbolaria izandakoa da, eta entrenatzaile lanetan ere jardun du. Hala, Perikok 1977tik 1982a arte jokatu zuen Realean, eta urrezko garaiak bizi izan zituen talde txuri-urdinarekin. 1981ean eta 1982an irabazitako Ligako bi tituluetan gizon garrantzitsu bihurtu zen. 1983an Barcelonak fitxatu, eta besteak beste Errege Kopa eta Superkopa 1983an eta Liga 1985ean irabazi zituen. 1988an erretiratu zen, Sabadell taldean. Entrenatzaile lanetan aritu zen ondoren, baita Realean ere denboraldi labur batez (2000ko urritik abendu amaierara).
Aitaren urratsak jarraitu dituzte Mikel eta Xabi semeek. Mikel da bietatik zaharrena, eta Realeko lehen taldean aritzen da. Berak aitortu digunez, “Xabi Liverpoolen dagoelako inbidia pixka bat dudan arren, ez naiz inoiz sentitu Xabiren itzalpean futbolari gisa”. Xabik, berriz, zera adierazi digu: “Mikelek txikitan beti atezain jartzen ninduen futbolean jokatzeko, berak horrela beti jaurtiketak egin zitzan; dena den, betiere ahalegintzen ginen beste norbait bilatzen atezain izateko”.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |