Gaurko eta biharko surflariak


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 37 2007/05 »  Gaurko eta biharko surflariak

Gaurkoa eta biharkoa

Joserra martinez eta Borja Gainzarain

Joserra eta Borja, Zurriola hondartzako haitzetan euren kortxoak eskutan dituztela.

Apar artean zilipurdika
Joserra Martinez (31 urte) eta Borja Gainzarain (15 urte) Groseko Indarra taldeko bodyboardeko praktikatzaileak dira, eta oraindik surfaren itzalean daudela onartu dute.
Joserra Martinez Groseko Indarreko bodyboardeko praktikatzaile edo kortxeroak argi esan du: «Surfean betidanik diru gehiago egon denez, bodyboarda haren itzalpean izan da betiere».

Hori dela eta, surflarien eta bodybordeko praktikatzaile, kortxeroen artean (beraiek hala diote). «Hegatsak erabiltzen ditugunez, surflariak baino biziago ibiltzen gara, eta olatu asko kentzen dizkiegu. Baina tira, denbora luzean jarraitzen baduzu modalitate honetan, ezagunagoa egiten zara azkenerako eta surflariek begirune handiagoa dizute».

Anaiak bultzatuta Joserra eta Borja Donostiako Groseko Indarra taldekoak dira. Borja da bietatik gazteena, 16 urte ditu eta berak aipatu digunez, «duela hiru urte heldu nion bodyboard edo kortxoari. Nire anaia ere kortxeroa da, eta bere bitartez ezagutzen hasi nintzen kirol hau. Pare bat udatan nire kasa kortxoan ibiltzen hasi nintzen, baina bi urteren ondoren, lehiaketetan parte hartzen hasi nintzen».

Joserrak, berriz, 11 urterekin heldu zion modalitate horri. «Adiskide batzuk animatu ninduten, materiala lortu zidaten, eta probatu nuenetik hogei bat urte daramatzat bodyboard egiten». Joserrak dioenez, hasiera batean surf oholean ibiltzea zailagoa dela ematen du; «kortxoan, berriz, etzanda zoazelako-edo, errazagoa dirudi, bere zailtasunak ditu, jakina. Zuzen-zuzen olatu gainean edonor aritu daiteke, baina kortxoaren gainean maniobrak egiten hastea... hori beste kupeleko ardoa da, asko ibili behar da».

Bodyboarda surfaren itzalean egon arren, «inguruan nabaritzen dut gero eta jende gehiago animatzen dela kortxoan aritzera; gustuko kirol edo jarduera bihurtu dela jabetu naiz nire adineko gazteen artean», dio Borjak.

15 urteko aldea 15 urteko aldea dago Joserra eta Borjaren artean. Azken honek, alabaina, Joserra oraindik ere sasoian dagoela aitortu du. «Ondo samar ikusten dut oraindik ere kortxo gainean, nahiz eta berak sarritan kontrakoa pentsatu. Zurriola hondartzako kortxero onenen artean dago, onena ez bada. Pixka bat biktima papera betetzea gustatzen zaio, negar egitea, baina oso ona da». Joserra, alboan, barrez eta gustura, zera dio Borjari buruz: «Hiru urte bakarrik daramatza honetan; kortxoan aritzeak denbora gehiago eskatzen du, baina harrigarria bada ere, bere adinekoen artean Groseko hondartzako kortxero onena dela esango nuke, alde handiarekin gainera». Bi kortxeroek, beraz, laudorioak eta hitz goxoak elkar trukatu dituzte.

Donostian maila ona Biek azpimarratu dute kortxero donostiarren maila ona dela, «eta garrantzitsuagoa dena, behetik maila handiko gaztetxo asko dator Donostia aldean», dio Joserrak. Kirol hau ikasteko orduan, Borjak aipatu digu hasieran Grosen, beste kortxeroei begira ikasi zuela. «Onenak direnei imitatzen saiatzen zara. Maniobra berriagoak egiten ikasteko, berriz, askotan bideoetara jotzen dut».

Helburuei dagokienez, Joserrak zera adierazi du: «Gozatzen segi nahi dut, lehiatzen gazteek erretiratzen nauten arte, baina oraindik gerra handia ematea espero dut. Munduko Txapelketako proba batean ere lehiatu nahiko nuke aurten, Portugalen». Borjak, aitzitik, «euskal zirkuitua irabazi nahi dut 16 urtez azpiko mailan».



Joserra, olatu gainean maniobra bat egiteko prest.

Borja, olatu baten hodi baten barruan.
Joserra Martinez

Sorlekua: Donostia.
Adina: 31 urte.
Taldea: Groseko Indarra.
Iruzkina: hogei urte daramatza bodyboard egiten.
Borja Gainzarain

Sorlekua: Donostia.
Adina: 15 urte.
Taldea: Groseko Indarra.
Ikastetxea: San Patricio ikastetxea, DBH4.