Inkesta: kirol koordinatzaileak


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 37 2007/05 »  Inkesta: kirol koordinatzaileak

Ikastetxez ikastetxe

Inkesta Gustukoa al duzu Mugi aldizkaria?
Aldizkari hau gustukoa duzuen edo ez, zer hobetu behar duen, zer aldatu… Hori guztia eta gehiago jakiteko, ikastetxeetara jo dugu bertako iritziak jasotzera.
1- Zure ikastetxean Mugi aldizkaria banatzen eta erabiltzen al da?

2- Argitalpen erakargarria iruditzen al zaizu?

3- Zein duzu atal gustukoena?

4- Eta zein kenduko zenuke?

5- Atal berriren bat sartuko al zenuke?


Santo Tomas Lizeoa
Xabier Ezeiza. Kirol koordinatzailea.

Emakumeen boleibolaren egoera ere aztergai izan da aldizkarian.
1- Banatu banatzen da. Tarteka ikasleek gorputz hezkuntzako lanetarako ere erabiltzen dute, baina gehienbat irakurgai gisa. Ikastolako liburutegian ere jartzen da ikasleen eskura.

2- Bai eta ikasleengandik jaso dudanagatik, beraiei ere erakargarria egiten zaie. Euskarri erabilerraza, argazki asko eta Donostiako gaien inguruan aritzen delako. Gure ikasle gehienak donostiarrak direnez, gustura hartzen dute esku artean.

3- Asko eskertzen da agenda atala. Bertan ohikoak ez diren kirolen berri ematen da askotan eta ezagunenak diren modalitateak baino gehiago daudela gogoratzeko ondo dator. Ikasleek ezaguna duten norbaiten elkarrizketa edo protagonista atalak ere gustukoak dituzte erreportajeaz gain.

4- Ez naiz izarren zalea, eta hau esatearekin nahikoa esan dudala uste dut.

5- Azken urteotan eskola kirolaren inguruan alde bakar batek dioena gehiegitan irakurri dugu egunkarietan, eta kirol arlo honetan sinesten dudanez, honen inguruko atalen bat erantsiko nioke jendeak aldeko eta kontrako iritziak irakurri eta ezagutu ditzan. Mundu honek babes gehiago eta eraso gutxiago merezi dituela uste dut.


Axular Ikastola
Bittor Arrondo. Kirol koordinatzailea

Mendiko lasterketen gorakadaz ere jardun izan gara.
1- Banatzen da eta helburua bikoitzarekin egiten dugu hori: batetik, kirolen berri emateko ikasleei eta, bestetik, euskararen irakurketa bultzatzea, kirolaren eskutik motibagarriagoa eginez.

2- Bai. Kolore asko ditu, argazki ugari, testuak ere ez dira luzeak, gaiak erakargarriak izaten dira eta, hori guztiarekin batera, azkeneko orrialdean zozketatzen diren sariak asko gustatzen zaizkie, oro har.

3- Azaleko erreportajeak bereziki oso irakurgarriak eta interesgarriak egiten zaizkigu.

4- Ez nuke bat bera ere kenduko. Bakoitzak bere funtsa du, atal guztiak ondo daudela iruditzen zait, bakoitzak bere ekarpena egiten du, eta horregatik, bere horretan utziko nituzke.

5- Ez. Aurreko galderan aipatu bezala, daudenak ondo daude.


Lizeo Barandiaran Ikastetxea
Aitor Urbieta. Kirol koordinatzailea.

Eskrimak tartea izan du Egin ezazu saioan.
1- Jasotzen da bai, eta sarri askotan, behar ditugunak baino ale gehiago. Ikasleei banatu eta beraiek irakur dezaten erabiltzen dira gehienbat.

2- Gure ikasleentzat erakargarria iruditzen zait, Goi Mailako Kirol Teknikari titulazioa lortzekotan daudelako eta askotan kirolari buruzko informazio gertua jasotzen dutelako.

3- Agenda gustatzen zait, gertatuko diren horiei buruzko informazioa ematen duelako garaiz. Beste egunkari batzuetan gertatuko direnak eguneko alean etortzen dira eta askotan ez da denborarik izaten gertakari horietara hurbiltzeko.

4- Ez nuke inondik inora kenduko Ikastetxez Ikastetxe atala, bereziki gustukoa dut, ikastetxeetan eman behar baitira gazteak kirolera gerturatzeko lehen pausoak. Eta horrenbestez, beraien burua kirol aldizkari batean ikustea egokia dela uste dut.

5- Aldizkariak eskaintzen duenarekin gustura nago, informazio konpletoa, hurbilekoa ematen duela iruditzen zait, eta hortaz, ez zait bururatzen zein atal berri sartuko nukeen.


Manuel De Larramendi Ikastetxea
Patxi de la Fuente. Kirol koordinatzailea

Kovacevic Realeko aurrelaria ere elkarrizketatu dugu Mugin.
1- Lehen Hezkuntza osoan zein DBHko lehen zikloan, gelako material egokia egiten zaigu Mugi; Euskarako eskoletan jorratzen dugu, batez ere.

2- Erakargarria, atsegina da aldizkari gisa. Argazkiek –oso onak- , informazioak, eta bestelakoek dinamika ona ematen diote.

3- Gaurkoa eta biharkoa. Kirol bera bi ikuspuntu ezberdinetatik begiratzen delako.

4- Ez. Atal batzuk batzuentzat eta beste batzuk besteentzat; irakurle guztiak du bere gustuko atala, publiko zabalarentzat, alegia.

5- Agian, kirola egiteko ohiturei eta beharrei buruzko gomendioak ere eskaini daitezke (berotze ariketa egokiak lesiorik ez izateko, babesak…). Kirol taldeen barnean, giro ona sortzearen garrantzia, landu kirolarekin ondo pasatzen ikasiz.