Triatloia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 37 2007/05 »  Triatloia

Triatloia

Onditzen Omenezko Triatloia

marka berria triatloilari kopuruan

1.500 m. igeri 39 km. bizikletan 10 km. korrika


Inoiz baino parte-hartzaile gehiago
Onditzen Omenezko Donostiako Triatloiak oihartzun handiagoa du urtetik urtera. 550 lagun lehiatu ziren iaz, eta aurten 600 inguru izango dira.
Ekainaren 24an jokatuko da aurtengo Onditzen Omenezko Donostiako Triatloia, eta edizio honetan, errekor berri bat lortu nahi du parte-hartzaile kopuruari dagokionez. Hala, iaz 550 lagun lehiatu baziren, aurtengoan 600 triatloilari aritzeko itxaropena dute.

Atlético San Sebastiánek antolatzen duen proba honetan, Xabier Oianeder arduratzen da gauza guztiak behar bezala joan daitezen, triatloiko kontu guztiak ondo lotuta egon daitezen- Berak aipatu duenez, «gure triatloian parte hartzen duten gehienek ondo prestatzen dute proba hau, izan ere bi ordu eta hiru ordu eta erdi arteko iraupena du; ezin da, beraz, jendea tontakeriatan ibili».

Parte-hartzaile gehienak gipuzkoarrak badira ere, «triatloilarien %50 euskal herritarrak dira, katalanak %10, %20 Espainiako beste autonomia erkidego batzuetakoak, eta %20 atzerritarrak, frantsesak, batez ere».

Oianederrek aitortu du triatloitako zaletasuna igotzen ari dela. «Federatu kopurua igotzen ari da urtetik urtera, antolatzen diren triatloiak ere gehiago dira, eta une honetan, proba bakoitzean 300 triatloilarik jarduten dute, batez beste». Hala ere, ikastetxeetan kirol honen inguruan ahalegin, sentsibilizazio handiagoa egin behar dela azpimarratu du. «Kirolanitza ez dago sustraituta ikastetxeetan, eta modernizatzen goazen bezaal, triatloia beste kirolen pare edo gainetik jartzea espero dut, Zeelanda Berrian edo Australian gertatzen den bezala, adibidez». Triatloia egiten hasten diren gaztetxoak igeriketatik `errebotatuta´ datozenak dira.

Ibilbide berbera Onditzen Omenezko aurtengo triatloiari dagokionez, aurten ez da berrikuntza nabarmenik izango. Azken orduko ustekaberik egon ezean, ibilbidea betikoa izango da. «Jende askok ibilbideko puntu zailena, konplikatuena Mendizorrotzeko malda gogorrak direla uste badu ere, korrika egiten diren azken hamar kilometroak dira gogorrenak. Zergatik? Ordurako nekea eta deshidratazioa agerian geratzen hasten direlako».

Ibilbide osoan zehar ikusle asko pilatzen da bide ertzetan. Zein da, baina, triatloia hurbiletik jarraitzeko leku aproposena? «Kontxako etorbidea jendez gainezka egon ohi da, txirrindularitza saioaren amaiera eta korrika saioan lau aldiz ikus baitaitezke parte-hartzaileak toki horretan. Boxesetan ere pilatzen da jendea, bertan triatloilariek agurtu ahal izaten dutelako. Edonola ere, proba honetako une hunkigarriena irteera da, nire ustez. Kirolari guztiak korrika bizian ahalik eta leku egokienaren bila ikustea... gauza ederra da».

Triatloi honetan parte hartzeko ez da derrigorrezkoa federatuta egotea, baina federatutakoek gainerakoen aurrean lehentasuna dute izena emateko orduan. Eta kontuan hartzen badugu egun bakar batean amaitzen dela izena emateko epea, interesatu guztiei federatzea gomendatzen die Xabier Oianeder antolatzaileak. www.triatloi.org Euskadiko Triatloi Federazioaren web gunean eman behar da izena.


1997an, bertan behera
1987an Donostiako Triatloia sortu zenetik, urtetik urtera gero eta oihartzun handiagoa hartu du. Urte batean, ordea, 1997an ez zen antolatu edo, hobe esanda, ezin izan zuten antolatu eguraldi txarra zela-eta. Xabier Oianeder antolatzaileak aditzera eman digunez, “triatloiaren egunean ekaitz bortitza izan zen, itsasoa haserre zegoen, eta hori gutxi balitz, Igeldoko errepidea oztopatuta zegoen lur jausi batengatik, eta ezin zen hesi bat ere jarri”. Hala, proba bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek. Pare bat ordura, alabaina, itsasoa baretu egin zen, eta parte hartzaileak uretara sartu ziren triatloia egiteko asmoz. “Triatloilarien artean bi ordezkari aukeratzea eskatu genien azken erabakia hartzeko, eta bi ordezkari horiek Igeldoko jaitsiera hain gaizki zegoela ikusiri ondoren, orduan geratu zen proba bertan behera behin betikoz”.


palmaresa
Urtea

1987
1988
1989
1990
1991
1992
1993
1994
1995
1996
1998
1999
2000
2001
2002
2003
2004
2005
2006
Gizonezkoak

C. Santamaría
C. Santamaria
I. ArenalI
I. Arenal
I. Arenal
I. Arenal
Brad Beven
Brad Breven
Brad Beven
Eneko Llanos
F.J. Martinez
Peter Tiernan
Hector Llanos
Watson Craig
Hector Llanos
Craig Watson
Eneko Llanos
Hector Llanos
Eneko Llanos
Emakumezkoak

Dina Bilb
Isabel Dumall
I. Gabarain
Dina Bilbao
Dina Bilbao
Dina Bilbao
Rina Bradshow
Jenny Rose
Enma Carney
Kim Carter
V. Roldan
Aintzane Argaiz
Helene Salomon
V. Berasategi
V. Berasategi
Ainhoa Murua
Ainhoa Murua
Ainhoa Murua
Soraya Perez