Bela: Mikel Bustos


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 37 2007/05 »  Bela: Mikel Bustos

Protagonista

Mikel Bustos bela

Mikel Bustos optimist modalitateko ontzian nabigatzen.
«Bela ez da kirol garestia, edonork egin dezake»
Mikel Bustos donostiar gazteak emaitza bikainak lortu ditu belan. Kontrakoa badirudi ere, kirol zaila eta garestiegia ez dela azpimarratu du.

Zer iruditu zaizu Unai Basurko nabigatzaile bizkaitarrak egin duen balentria, munduari bira bakarrik emanez?

Oso ausarta dela erakutsi du, eta horrekin batera, halako erronka gogor bati aurre egiteko gai dela.

Halako zerbait egiteko gai ikusten duzu zeure burua etorkizunean?

Basurkoren abentura ez dut egunez egun jarraitu, baina egia esan, nik ez dut neure burua halako erronka latz batean ikusten; astakeria, erokeria handia bat iruditzen zait, oraingoz behintzat. Etorkizunean nork daki…

15 urte dituzu, nola animatu zinen bela bezalako kirol bat egiten?

Nire aitak eta osabak belaontzi bat dute, eta hor nabigatzen dute. Beraiekin joaten hasi eta, 9 urte nituenerako, belari heldu nion.

Kirol hau egiten duen adiskiderik baduzu?

Beste adiskide batek ere praktikatzen du kirol hau, eta elkarrekin gustura aritzen gara. Baina gu biok alde batera utzita, nire inguruan ez dut beste inor ezagutzen honetan diharduenik.

Itxuraz, kirol garestia dirudi. Hala al da?

Ez zait hala iruditzen, eta lehenengo urratsak, hasierako ikastaroa egiteko edonork du aukera; ez dira ikastaro garestiak izaten. Neronek Donostiako Nautikon egin nuen hastapeneko ikastaroa udan, 9 urterekin; ondoren, beste bizpahiru urte egin nituen toki berean, eta Hondarribira jo nuen azkenik.

Eta beti modalitate berean aritu al zara?

Aurten arte, bai. Lehen lagun bakar batek erabiltzeko ontzian nenbilen, optimist izeneko modalitatean. Ontzi txiki bat da hori, karratu samarra, bela txiki batekin, pertsona bakarrak nabigatzen du… Lehiaketak, berriz, buia arteko itsas eremu batean egiten dira, denak denen aurkako estropadan.

Eta aurten, berriz, beste modalitate batean zabiltza?

420 modalitatean. Kasu honetan, belaontzia dezente handiagoa da, eta askoz azkarrago doa, finean. Bi lagun gaude ontzian, batek lema eta bela nagusia eramaten ditu, eta bestea, berriz, bi beletaz arduratzen da. Lemazaina naiz ni. Gure kasuan, bai neronek bai Jon Ander nire ontziko bikotekideak ere badakigu uneoro zer egin behar dugun ontzi barruan.

Kirol zaila dirudi. Oker nago?

Ez zait zaila egiten, eta hasieran behintzat monitoreek emandako aginduak ondo entzun eta ikastea komeni da, gero independenteagoa izateko, eta ontzian bakarrik nabigatzeko gauza izateko.

Non nabigatzen duzu normalean?

Hondarribia aldean gehienetan eta, zenbaitetan, itsaso barrura ere jotzen dut monitoreen laguntzarekin. Nabigatzeko baldintza aproposenak haize dezente eta olatu gutxi egotea da.

Iker Martinez eta Xabier Fernandez gipuzkoarrak txapeldun olinpikoak dira belan. Egoera horrekin amestu duzu inoiz?

Beti amesten duzu halako zerbaitekin, baina oinak lur gainean ditut, eta badakit maila horretara iristea oso zaila dela.

Zure hurrengo xedeak?

Aurten behintzat Euskal Ligan lehen postuetan amaitzea 420 modalitatean, eta ahal bada, irabaztea.


NOR DA?

Izena: Mikel Bustos.
Sorlekua: Donostia.
Adina: 15 urte.
Modalitatea: 420 modalitatea.
Kluba: Hondarribiko Klub Nautikoa.
Ikastetxea: Marianistas, DBH4.
Palmaresa: optimist mailako azken bi urteetan Euskal Liga irabazi nuen, eta modalitate bereko azken Espainiako Txapelketan laugarren sailkatu nintzen.