Hondartza boleibola


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 37 2007/05 »  Hondartza boleibola

Boleibola

hondartza boleibola
Hondartza boleiboleko erreginak
Kirol honetako munduko emakumezko 48 bikote onenak lehiatuko dira ekainaren 28tik uztailaren 1era, Donostiako Zurriola hondartzan. Ikuskizun bikaina ez ezik, kirol hau sustatzeko aukera aproposa izango da.
Espainia, Portugal, Frantzia, Italia, Holanda, Alemania, Grezia, Suedia, Ingalaterra, Kanada, AEB, Brasil, Filipinas, Korea, Hego Afrika… Munduko hainbat herrialdetako ordezkariak izango dira Nazioarteko Boleibol Federazioaren Satelite Txapelketan, Donostian.

Emakumezkoen hondartza boleiboleko txapelketa hau Zurriola hondartzan jokatuko da ekainaren 28tik uztailaren 1era, eta Iñigo Elarre ekitaldiaren sustatzaileetako batek adierazi digunez, "munduko 48 bikote onenak lehiatuko dira Donostian". Zurriolan egingo den lehiaketa hondartza boleiboleko munduko zirkuituaren parte da. Zirkuitu hori otsailean hasi eta azaroa aldera arte luzatu ohi da. "Herrialde bakoitzean halako txapelketa bakarra antolatzen da eta, Espainian, Donostian bakarrik egingo da aurten".

Txapelketa honetan puntu pila daude jokoan, "eta urtean zehar munduko zirkuituko proba bakoitzean puntu gehien ateratzen dituztenek aurten jokatuko den Munduko Txapelketara sailkatuko dira; eta hori gutxi balitz, datorren urtean egingo diren Pekingo Olinpiar Jokoetan izateko ere, garrantzitsuak izango dira bikoteek Donostian pilatzen dituzten puntuak".

Ekainaren amaieran Lehiaketari ostegunean, ekainaren 28an, ekingo zaio eta igandera arte, uztailaren 1era arte, luzatuko da. Iñigo Elarrek aipatu digunez, "hondartza boleibola mundu osoko kirol ezagunena da, baina hondartza futbolaren alde profesionala da ezezaguna, Gipuzkoan eta Euskal Herrian, batez ere.

Donostiako bikote txapeldunak 2.000 euroko diru saria jasoko du, baina Austrian egiten den txapelketan, esaterako, "txapeldunak 32.000 euro poltsikoratzen ditu. Izan ere, profesionalak diren jokalariek kirol honetatik ateratzen dute euren bizimodua".



Hondartza boleiboleko emakumezko munduko bikote onenak Zurriolan aritzeaz gain, zaleek ere kirol hau ezagutzeko aukera izango dute.



Umeek izango dute beren tartea.
Gaztetxoei zuzendutako gunea

Hondartza boleiboleko goi mailako txapelketaz gain, zaleei zuzendutako txapelketa bat eta ume nahiz gaztetxoentzako klinik edo gune bat izango da ekitaldi honek irauten duen egun guztietan. Klinik hori egunero goizeko 10:30ean abiatuko da.

Pista nagusia eta txikiago bat izango dira, baina beste lau pista ere prestatuko dituzte jokalarien entrenamenduak eta baita klinik horiek egiteko ere. Antolatzaileek aditzera eman digutenez, 9 urtetik aurrerako gaztetxoek parte hartu ahal izango dute klinik horretan. Kirol honen inguruko informazio teorikoa jasotzeaz gain, modalitate honetan adituak direnekin hondartza boleibolean aritzeko aukera izango dute. Hortaz, kirol lehiaketa bat baino gehiago izango da.


Bosaball, boleibola puzgarrietan

Hondartza boleibolaren aldaera bat da bosaball, baina oinarrian boleibola, futbola eta capoeira nahasten ditu.

Boleibolaren araudia ardatz hartuta, koltxoi puzgarriez eta ohe elastikoz osatutako azalera batean jokatzen da; baloi ukitu gehiago ahalbidetzen dituzte eta jauzi ikusgarriak egiten dira.

2004an Espainian asmatutako modalitate bitxi hau 2005eko udan ikusi ahal izan zen estreinakoz Espainiako hondartzetan. Hiru, lau edo bost jokalariz osatutako bi talde daude aurrez aurre, eta helburua baloia sare gainetik pasa eta aurkariaren zelaian erortzea da. Talde bakoitzak gehienez ere zortzi bider uki dezake baloia bere zelaian, eta baloiak edozein gorputz atal uki dezake, baina behin bakarrik eskuarekin eta bi bider jarraian gehienez ere oinarekin edo buruarekin.


Hondartza boleibolaren historia
Hondartza boleibola William G. Morgan estatubatuarrak asmatu zuen 1895ean. Kirol oso ezagun bihurtu zen berehala, eta mundu osoan ezagutzera eman zen AEBetako soldaduen bitartez. Hondartzak eremu publikoak direnez, ezin da jakin noiz jokatu zen estreinakoz boleibolen hondartza batean. Lehenengo erreferentziek Uruguaira eramaten gaituzte 1914an, eta Hawaaira, 1915ean. Edonola ere, kirol honek benetako oihartzuna 1920ko hamarkadan izan zuen Kaliforniako Santa Monicako hondartzetan; bertan egin ziren lehenengo txapelketak. Europan, diotenez 1927an Frantziako Francoville izeneko (Paristik oso hurbil) gune nudistan jokatu zela estreinakoz hondartza boleibolean.