 |
|
 |
 |
Surfa
|
Arturo Lopez Barny surf oholen konpontzaile eta egilea
|
Barny, berak egindako hainbat surf oholen alboan. Sara Santos
|
|
«Olatu mota batek surf ohol jakin bat eskatzen du»
|
|
Surflaria espirituz, surf ohol konpontzaile eta egilea ofizioz, Barny markako oholak egiten ditu Arturo Lopez `Barny´ donostiarrak.
|
Surf ohol konpontzaile eta egile izan aurretik, surflaria izango zinen, ezta?
Bai, bai. 14 urterekin hasi nintzen surf egiten. Futbolean jokatzen nuen, hondartzan futbolean ere bai, baina azkenean denak utzi nituen surfean aritzeko.
Zer eskaintzen du Barny markak beste marka ezagunek eskaintzen ez dutena?
Tratu pertsonalizatuagoa, batez ere. Surf ohola erostera etortzen denak nirekin hitz egin nahi izaten du, zer nolako maila duen galdetzen diot, baina batez ere zer nolako ohola behar duen bere mailarako aholkatzen diot. Surfa kirol zail samarra da, eta surfean aritzen diren askok ez dute ohol egokia erabiltzen. Surf egiten ikasten ari zarenean, ohol egokia behar duzu. Ohol gainean jartzen zarenean, eragiten dituen sentsazioak hain gustagarriak dira… baina behar bezala ikasteak denbora eskatzen du. Egoera bakoitzak surf ohol ezberdina eskatzen du; eta egoera bakoitzean bezeroa ondo aholkatzen saiatzen naiz.
Barny zure marka ezagutzera eman al da surflarien artean?
Inguruko jende dezentek ezagutzen nau. Lantoki berri bat izango dut laster batean, eta nire asmoa hemen inguruan ez ezik, kanpoan ere nire marka ezagutaraztea da. Ilusio handia dut, nahiz eta jakin badakidan zaila eta konplikatua gertatuko dela.
Jostunak trajeekin egiten duen bezala, zuk zeuk ere oholak neurri-neurrira egiten dituzu?
Neurri batean, bai. Era guztietako oholak egiten ditut, ez dut mota bakarrekoa egiten. Bezero gehienak oso zorrotzak dira. Kolore, marrazki eta forma zehatzeko oholak nahi izaten dituzte.
Zeri begiratzen diozu surf ohol bat egiteko orduan?
Jendea, oro har, oso gustura geratzen da nik egiten ditudan oholekin; ondo egitea eta ohol hori azkar ibiltzea da garrantzitsuena azken batean. Horretarako, oholaren beheko zatiak, bottomak, forma zehatzak izan behar ditu oholaren gainean jartzen zarenean abiadura handia har dezan.
Artisau lana ala makinaria da nagusi oholak egiteko orduan?
Surfak gora egin du azken urteotan, eta hortaz, berrikuntza handiagoak daude bere baitan. Foam, safe eta polyesterraren merkatu tradizionala duela 50 urte bezala dago; alde bakarra foamean dago: kortxo zati handi bat hartzen duzunean, eskuila batekin eskuilatzen duzu, baina orain kontrol numerikoko makina batzuk daude kortxoaren forma ia eginda uzten dutenak. Ez dago makinarik surf ohola bere osotasunean egiten duenik.
Olatu motaren arabera, surf ohol bat edo bestea behar al da?
Olatu mota batek surf ohol mota bat eskatzen du. Metro bateko olatuan edo 2,5 metrokoan aritzeko, ohol ezberdinak erabili behar dira. Metro bateko olatuetan ibiltzeko surf oholak ez zintuzke eramango hiru metroko olatu batean. Olatu batetik bestera alde handia dago. Mundaka edo Iparraldeko Getaryko olatuetan surf egin behar baduzu adibidez, Mundakako olatua oso bertikala da, orma handikoa, eta hor oholaren forma eta surflariaren maila nahasten dira. Surflari bakoitzak maila ezberdina du. Batzuk ohol txikiagoekin hobeto moldatzen dira, eta beste batzuk handiagoekin. Txikiek dutena da, gutxiago eramaten zaituztela, baina behin olatua hartuta, erabilerrazagoak dira. Getaryko olatua, berriz, lasaiagoa da, etzanagoa, ur asko du olatuak, eta horrek ohol handiagoa eskatzen du. Surflariaren maila eta bere gustuak kontuan hartu behar dira, eta olatua gero eta handiagoa izan, ohola ere are eta luzeagoa.
Surf ohola apurtu zait. Zenbat denbora behar duzu berria egiteko eta zenbat kostatuko zait?
Konpontzea badago, konpondu egingo nizuke. Ezin bada, txikituta badago, normalean stockean izaten ditudanetako ohol bat molda diezazuket. Bestela, enkarguz egindako ohol bat egingo nizuke. Normalean lau aste behar ditut egin eta bezeroari emateko eta prezioari dagokionez, 320 euro ohol zuria bada eta 350 euro koloretakoa bada, gila barne, balio dute.
Garai bateko surfa oraingoa baino erakargarriagoa al zen?
80ko hamarkadan surf egiten genuenok kirol hau maite genuen, benetan sentitzen genuen. Jende gutxiago ginen, komunitate baten antzekoa; orain surfa askoz globalizatuagoa dago. Duela urte gutxi mendiko bizikletaren inguruan izan zen iraultzaren antzeko mugimendua dago orain surfaren gainean; hots, beharbada hiru bider erabiltzen zenuen mendiko bizikleta eta gero txoko batean zokoratuta geratzen zen, orain apur bat surfarekin gertatzen den bezala. Oholak lehen gainera, artisau eran egiten ziren erabat.
|
|
Kaliforniako hondartzetan ikasitakoa
|
|
1990. urtean Oiartzuneko surf ohol lantegian aritu zen lanean Arturo Lopez, `Barny´. Delineazioa eta topografia ikasketak egiten hasi zen, baina uste bezala atera ez eta berehala heldu zion Barnyk surf oholak konpondu eta egiteari. “1993an nire lehen tailertxoa jarri nuen Igaran, eta han hasi zen nire ibilbidea surf ohol konpontzaile eta egile gisa. Nire kasa hasi nintzen, baina 1990ko hamarkadako azken urteetan eta baita 2000. urtean ere AEBtara jo nuen ikastera. Hawaiin izan nintzen, baina batez ere Kalifornian jardun dut ofizioa ikasten, eta ahal dudan guztietan hara joaten saiatzen naiz, gauza berriak ikastera”.
|
|
nor da?
|
Izena: Arturo Lopez, `Barny´.
Sorlekua: Donostia.
Adina: 37 urte.
Iruzkina: 14 urterekin hasi zen surf egiten, surf oholak konpondu eta eraikitzen ditu eta aspaldiko surf oholen bilduma egiten du.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |