Tximeleta taldea


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 38 2007/10 »  Tximeleta taldea

Ezagutu ezazu

Tximeleta Taldea kirola eta alde artistikoa bateratuz

Donostiako haur askok hartzen dute parte Tximeleta taldeko jardueretan, gimnasia erritmikoan, batez ere.
Gimnasia erritmikoa baino askoz gehiago
Gimnasia erritmikoa da tximeleta taldearen jarduera nagusia,
baina ez bakarra.
Urte askotako eskarmentua du Tximeleta taldeak gimnasia erritmikoan, izan ere kirol hau da talde honen oinarrizko kirola edo jarduera. Susana Villa bertako presidenteak aditzera eman digunez, ordea, «balleta, dantza jazz, hip-hop, batuka eta acrosport izeneko jarduera ere eskaintzen ditugu».

Tximeletan parte hartzen duten ikasleak oso txikitandik hasten dira normalean, «eta ondo pasatzea, dantza egitea, besteekin harremanetan jartzea eta gorputzaren bidez espresatzea dute helburu». Gimnasia erritmikoan, benjaminetatik aurrera, gauzak argi samar izaten dituzte ikasleek. «Aparatu zehatzekin ibili nahi dute: baloiarekin, sokarekin, uztaiarekin, zintarekin… Horrez gain, maila horretako erakustaldietan parte hartu nahi dute. Alebinetatik aurrera, aldiz, txapelketetan aritzea».

Alderdi artistikoa

Txapelketak gustukoak dituzte, baina baita gimnasia erritmikoak bere baitan dituen osagai artistiko eta estetikoak ere (beste kirolek ez dutena): maillota, makillajea, ileko apaingarriak… «horixe bera ere aplika daiteke hip-hopean, dantza jazzen, batukan, balletean… Kutsu lehiakorra baztertu alde artistikoa nabarmentzeko».

Aipatutako kirolak eta jarduerak orain arte neskei zuzenduta egon izan dira, baina pentsamolde asko deuseztatzen hasita daude, eta horrenbestez, gero eta mutil gehiago animatzen dira Tximeletako jardueretan esku hartzera. Ildo horretatik, telebistaren eragina zuzena izan dela ziurtatu du presidenteak. «Mutil asko ikus daitezke batuka edo hip-hop egiten, eta horrek aurreiritzi asko hankaz gora uzten ditu».


Gimnasia erritmikoaren Xarma
Tximeleta taldea duela pare bat urte sortu zen, baina hogei urte baino gehiago dihardute gimnasia erritmikoan. Mundu guztiari zabalik dagoen kluba izan arren, hasieran kirol ezagunetatik at zeuden (futbola, eskubaloia, saskibaloia…) neskatxoen beharrei erantzuteko sortu zen.
Gimnasia erritmikoarekin, kirol tradizionala egiteko motibatuta ez zeuden neska asko erakartzea lortu dute. Txikienei euren emozioak, sentimenduak eta irudimena adierazteko bideak jartzen ditute; halaber, jolasa eta musika uztartzen dituen ikasketa era barneratzen dute.